ATZEKOZ AURRERA

Tea hartuz, ideiak partekatzen

Ehun emakumezko baino gehiago bildu dira Gasteizko Ramon Bajo ikastetxean, indarkeria matxistari buruzko hausnarketa partekatzeko eta hari aurre egiteko moduak aztertzeko.
Te topaketan bildutako emakumeak, Gasteizko Ramon Bajo ikastetxeko gimnasioan.
Te topaketan bildutako emakumeak, Gasteizko Ramon Bajo ikastetxeko gimnasioan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2016ko martxoak 13
Tea izan da bitartekaria. Ehun emakume baino gehiagok zuzenean eragiten dien indarkeria matxistari buruzko hausnarketak partekatu dituzte Gasteizen, edari horren inguruan. «Topaketak pentsaera zabaltzen dizu. Ezberdinak gara, eta aberasgarria da guztioi eragiten digun gaiari buruzko ikuspuntuen berri izatea», hausnartu du Dounia Haddouk parte hartzaileak.

Atzo 17:00etan zen hitzordua. Ramon Bajo ikastetxearen patiotik sartu dira parte hartzaileak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren arrastoen artetik; horma irudi batean hainbat emakumeren argazkiak ikus zitezkeen: Simone de Beauvoir, Rosa Parks, Angela Davis, Kattalin Agirre, Kathrine Switzer... Poliki-poliki gimnasioa leporaino betez joan zen.

Maria Avilak, parte hartzaileetako batek, ezezagunen arteko topaketa izateari eman zion garrantzia. «Hemen bildutakoon artean nekez hitz egingo genuke halako gai bati buruz, baina testuinguru honetan ikusten dugu pentsa genezakeen baino gehiago partekatzen dugula». Haddouk ideia hori berretsi du, eta iritzi guztien balioa nabarmendu du, indarkeria matxistaren irudi osoa lortu ahal izateko. Esther Perezek, antolatzailetako batek, hori bera nabarmendu du. «Batzuentzat, indarkeria matxista fisikoa da; beste batzuentzat, psikologikoa, edo ekonomikoa...».

Solasaldia hasi aurretik bozgorailuz gogorarazi dute funtzionatzeko modua. «Inor ez dago behartuta bere bizipen pertsonalez hitz egitera», oroitarazi dute. Hausnartu beharreko galderak hiru ziren atzokoan: «Zer da indarkeria matxista? Zer egoeratan antzematen dituzu Gasteizen egunerokotasunean indarkeria horiek? Nola egin diezaiekegu aurre?». Hamarreko talde txikietan hitz egin zuten gai horren inguruan, baita ondorioak bildu ere, gerora partekatu ahal izateko talde handian.

Apirilaren 9aren atarikoa

Te topaketaren gaia apirilaren 9an Gasteizen izango den manifestazio nazionalarekin zuzenean lotuta dago. Izan ere, Feministok Prest; 11 eraso 12 erantzun leloa duen manifestazioaren atariko ekintzetako bat izan da. Gasteizen bildutako emakumezko guztiak hara joateko gonbidatu zituzten.

Esther Perezek gogorarazi du te topaketa ez dela Gasteizen egindako lehena izan. Aurretik, beste hiru egon dira. Ekitaldia abiatzeko irizpidea argia da: gaurkotasuna. Hilean behin gai horiez eztabaidatzen duten zenbait kolektibo biltzen dira: Arabako Emakumeen Asanblada, Goian, Jatorri Magrebtarren Emakumeen Kolektiboa, 7menos20, Pikarrai, Emakume Pakistandarren Elkartea, Adsis, Caritas…

Lehen te topaketa iaz egin zuten, Gasteizen izan zen kanpaina «matxista, arrazista eta xenofoboa» gertatzen ari zenean, antolatzaileek azaldutakoaren arabera. Arrazakeriaz eta xenofobiaz hitz egin zuten Ramon Bajo ikastetxean, tearen inguruan. «Aliantzak eta aukerak» abiarazteko moduaz aritu ziren horren bitartez. Baita lortu ere. Ehun emakume baino gehiago bildu ziren, nahiak, beharrak eta aldarrikapenak partekatzeko. «Jaso genuen erantzunak indarra eman zigun aurrera jarraitzeko», Perezek esan duenez.

Bigarren te topaketa 2015eko apirilaren 18an izan zen, Gora Gasteiz egunean. Andre Maria Zuriaren enparantzan bildu ziren orduan; espazio publiko batean, aldarrikapen sinboliko gisa. Hiri eredua izan zuten mintzagai orduan. Solasaldietatik, partekatutako gogoetatatik, ateratako ondorioak ez ziren paper batean geratu. Plazako zoruan idatzi zituzten koloretako klarionekin, handik igaroko ziren ibiltariek ere horien berri izan zezaten. Gai horrekin lotuta, beste te topaketa bat egin zuten Salburuan, aurrerago.

Oraingoan, ondorioak paperean bildu ostean, apirilaren 9ko manifestaziora eramango duten pankarta apaindu dute. Te topaketako partaide bakoitzak ile sorta bat moztu du, pankartan marraztutako emakumezkoaren txirikorda osatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna