ATZEKOZ AURRERA

Zuritik urdinera doazen ardoak

Kopa bat eskuan zutela, dozenaka ardo dastatzeko aukera izan zuten hainbat lagunek atzo, Durangoko Landako Gunean. Ardo Saltsan Azoka egin zuten bertan, hamargarren urtez.

Bisitariek askotariko ardoak dastatu ahal izan zituzten atzo Durangoko Landako Gunean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Durango
2017ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Durangoko (Bizkaia) Landako Gunea askotariko ekitaldietarako erabiltzen dute urte osoan, abenduan egiten den Durangoko Azokaz gain. Mitin politikoak, kontzertuak, erakusketak, azokak... Atzo, berriz,ardo botilaz eta kopaz bete zen, Durango Ardo Saltsan azoka egin baitzuten bertan. Egun osoan, ehunka pertsona ibili ziren pabiloian banatutako 80 standetatik paseatzen, ardo berriak dastatzen zein dagoeneko ezagun zituztenak gozatzen. Kopa eskuan zutela, ardoak edateko eta askotariko jakiak dastatzeko aukera izan zuten; izan ere, nahiz eta ardoa ekitaldiaren ardatza izan, gastronomiarekin uztartzea zen helburua. Dagoeneko hamargarren aldia izan du jaialdiak, eta askotariko jarduerak antolatu zituzten bisitarientzat: ardo dastatzeak, koktel erakustaldiak, produktu berrien aurkezpenak...

Nafarroako Caudalia upategiaren ardo dastaketa egin zuten 13:00etan; ordurako, eskuragarri zeuden 60 tokiak beteta zeuden. Lau ardo dastatu zituzten parte hartzaileek, upategiko ordezkariak edarien nondik norakoak azaltzen zizkien bitartean. Cristobal Lombardia asturiarra izan zen tokia lortu zutenetariko bat, arrebarekin batera. Bigarren urtez joan da Durango Ardo Saltsara, kasualitatez duela bizpahiru urte ezagutu ostean. «Arreba Durangon bizi da, eta bisitan etorri ginenean ezagutu genuen». Azaldu duenez, ordu hartan oso giro ona topatu zuen, eta orain sarri erosten duen ardo bat erakutsi zioten, gainera. «Bidaian noanean, beti saiatzen naiz tokiko ardoak dastatzen», adierazi du.

Ardo klasikoak eta berritzaileagoak ere erakutsi zituzten atzo Landako Gunean. Ensuite Comercial taldeak, adibidez, ardo urdina zeukan mahaian. «Bi ardo mota ditugu guk. Jendea hurbiltzen zaigunean, normalean urdina dastatzen dute lehenbizi beti», azaldu du Rafa Rui-Wambak. Haren irudiko, bisitariek ardo «berriak» nahi dituzte, «gazteek batik bat». Bat dator harekin Valentziako (Herrialde Katalanak) Juan Ramon Pont. Antonio Arraez upategiko ordezkaria da bera, eta lehen urtea du Durangon, haren taldea aurretik ere egon den arren. «Jendea ardo klasikoen klixetik aldentzen ari da, nire ustez. Ardo originalagoak nahi dituzte orain». Horregatik, haren upategiak aurrerapausoak egin ditu ildo horretan, horrelako produktuak lantzen baitituzte.

Guardiako (Araba) Luis Alegre upategiko ardoak saltzen zebilen Marko Veselinavic. Hainbat aldiz egon da haren taldea urteroko ekitaldian, eta oso pozik daude. «Durangon oso banatzaile ona dugu, eta lan bikaina egiten du gure ardoekin». Apur bat kezkatuta agertu zen atzoko eguraldi txarrarengatik, baina «gustura» zegoen jendearen harrerarekin.

Ardoaz apartekoak

Ardo ona janari plater on batekin edo pintxoekin uztartu zuten hainbatek eguerdi partean. Gazta, urdaiazpikoa, sushia... eta haragia. Txuleta Maite marka duela gutxi sortu dute, eta haien produktua aurkezten aritu zen Alberto Gomez de Segura. Nabarmendu zuenez, hainbat bisitarik beren txuletak aukeratu zituzten atzo Landako Gunean bazkaltzeko. Hortaz, lehen urtea izanik, pozarren zegoen jasotako harrerarekin.

Inguruko mahaietan, Itziar Loberdi durangarra zegoen lagun batekin batera. Ia urtero etortzen dira jaialdira. «Orain Kataluniako ardo piloa daude, lehen baino askoz gehiago». Errioxar ardoarekin batera, pintxo batzuk jaten aritu ziren. «Baina berriro jango dugu zerbait, edaten jarraitu ahal izateko», iragarri zuen barre artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.