ATZEKOZ AURRERA

Argi solidoa garai likidoan

Hitza eta musika protagonista izan ziren atzo Usurbilen, Joxan Artze poeta eta txalapartariaren hiletan. Olerkariarekin abangoardia urteetan izan zirenak eta ondorengoak elkartu ziren.
Usurbilgo plazan Laboak kanta bihurturiko Artzeren hitzak entzun ziren atzo, jendea elizara sartzen zen bitartean.
Usurbilgo plazan Laboak kanta bihurturiko Artzeren hitzak entzun ziren atzo, jendea elizara sartzen zen bitartean. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren

2018ko urtarrilak 14
Hego haize faltsua bazterrak hozten dabil Usurbilgo parrokiaren atarian. Elizaren hareharrizko horma ilunen kontra hizki erraldoiak proiektatzen ari dira argi kanoi batekin, pareko frontoitik:

«Naiz eta heriotza helduko zaidala jakin

ez dut

haatik

horren aurka

buru-bihotzez borrokatzetik etsiko».

Joxean Artzeren poemak ari dira harria jotzen, poetak erabilitako tipografia berezian. Artzek bere heriotzaz eginiko iragarpena ostiralean bete zen, poetak 78 urte zituela. Haren omenezko hileta elizkizuna atzo egin zuten jaioterrian.

«Iturri berria, hori da Joxeanen [Artze] abangoardiaren metafora klabea», esan du Luis Mendizabal kazetariak. Elizaren atarian dago Mendizabal, sartzeko zain, ezagunak agurtzen. Artzeren lanaz eta garaiaz hausnartu du: 1970 aldean bi aukera zeuden, aurrera jotzea edo tradizioan geratzea. «Euskal kultura tradizioan geratzeko arriskuan egon zen». Baina Artzek abangoardiaren alde eginiko «apustu gogorra» erabakigarria izan zen. Esaterako, Artzek eraman zuen Mikel Laboa abangoardiara, Mendizabalen arabera, eta banaketa horrek eragin zuen Ez Dok Amairuren haustura.

Hileta 19:00etan da hastekoa, baina, 18:25erako, eliza bete samar dago. Jose Antonio Sistiaga margolaria atzera eta aurrera dabil atarian, pintzel bat bezala. Ondo ezagutu zuen Artze. Pintatzailearen etxean biltzen ziren poeta, Laboa eta Jose Luis Zumeta margolaria. «Asko hitz egiten genuen bilkura haietan, eta handik sortu zen Ez Dok Amairu». Zumetak aurkeztu zion Artze, guztiak oso gazteak zirelarik, gogoratu duenez. «Gero, gutako bakoitzak jarraitu zuen borrokan, norberak ahal moduan, eta horrek, askotan, urrundu egin gintuen», esan du margolariak.

Garai gazte haietan ezagutu zuen Artze Juan Pablo Zabala genetikari eta pediatrak. Zaragozan medikuntza ikasten ari zela, euskal asteak antolatu zituen Zabalak, beste hainbat ikuslerekin batera, frankismo gordinean. Gogoratu duenez, aretoa lepo izan zuten musika eta dantza talde tradizionalak programatu zituztenean. «Baina Artze anaiak txalaparta jotzen izan genituenean, 15 entzule besterik ez», esan du, barrez. «Abangoardiakoegiak ziren».

Dolumin liburua sinatu dute hiletara helduriko hainbat lagunek, Maddi Oihenart, Beñat eta Julen Axiari musikariak tartean. Bizitzaren atea dugu heriotza, idatzi du Maite Iribarrek, Artzeren hitzak poetari itzultzeko.

«Haren poesia betiko izango da, kantatzen jarraituko dugulako», esan du Gontzal Mendibil abeslariak. Gogoratu duenez, Artze beti «musikarekin jolasten» ibili zen poemak sortzeko orduan. «Ez zaigu joan; gurekin dago».

Jendeak etengabe jarraitzen du sartzen. Horietako bat Jabier Muguruza musikari eta idazlea da. Artze esker onez gogoratu du: «Euskal kulturan inor ez nintzen arren, ez ninduen inoiz goitik behera begiratu. Errespetuz hartzen zintuen», esan du. «Garai likido hauetan erreferente solidoa izan da Artze».

Benito Lertxundi heldu da. «Zergatik egon behar dugu haserre?», galdetu du. «Naturaren legea da; denok utziko dugu etena». Artze «pertsonaia» ezagutu zuela adierazi du musikariak, eta Ez Dok Amairu bukatu zenetik ez zela harekin askotan elkartu. Harremana bost bat urtekoa izan zuela Artzerekin. Baina Ez Dok Amairuk mende erdia iraun duela uste du Lertxundik. «Gero etorri diren guztiak ez ziren horrela sortuko hura egon ez balitz».

Elizako organoan Txoria txori jo dute elizkizunean, eta apaizak Artzeren poemak irakurri ditu. Baina, plazan, Laboaren medium ahotsa entzuten da, eta, haren bidez, Artzerena. Ama hil zaigu, Zaude lasai. Zenbat poema-abesti heriotzari? Poetak azken zeremonia hau ere aurretik diseinatuta utzi nahi izan balu bezala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna