ATZEKOZ AURRERA

Portutik herrira, berdela nagusi

Eguraldiaren iragarpenei aurrea hartu diete mutrikuarrek Berdel Egunean. Zenbait ekintza bertan behera utzi dituzten arren, berdela jateko aukera izan dute egun osoan herriko kaleetan.

1.600 kilo berdel erabili zituzten atzo Mutrikuko tabernek, jatetxeek eta elkarteek, Berdel Eguneko pintxoak prestatzeko. GORKA RUBIO / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Mutriku
2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Aterkiekin dabil jendea Mutrikun (Gipuzkoa). Euria, haizea eta eguzki printzak dituzte lagun, baina berdela da gaur ezinbesteko protagonista. Hogar Del Marinero elkartean ederki dakite hori. Bezperan prestatu zuten berdel marmitakoa. Xabier Larrañaga Txatua aritu da sukaldari lanetan, beste lauzpabost lagunekin. Egunotako lanak gogoratzen ari dira, berdel arbiak (arrautzak) janez eta sagardoa edanez. «Bi zaku patata erabili ditugu, eta kaxa bi berdel. 500 kilo berdel ere garbitu dituguportuan hamar lagunek, dastaketarako», esandu Larrañagak.

«Enbata dator ustekabean»,dio Zea Mays taldearen abestiak,Txurruka plazako bozgorailuetatik. Mutrikukoa, ordea, ez da ustekabekoa izan. Alerta laranja emana zegoen itsasoan gaurko, olatuengatik; kostan, berriz, abisu horia, haizeagatik. Horri erantzuteko, hain justu, moldatu egin dute Berdel Eguna; portuan egitekoa zen pintxo dastaketa Merkatu plazan eta Beheko Plazan egin dute. Bertan behera utzi behar izan dituzte eguerdiko belaontzien txapelketa eta iluntzeko Guda Dantzaren kontzertua.

Zazpi ordu falta dira oraindik pintxo dastaketarako. Merkatu plazako dendak zabalik dauden arren, ez du larunbat itxurarik. Arratsalderako behar duten materiala dago bazter batean: butano bonbonak, mahai tresnak, oholak... Perras arrandegian ari da lanean Idoia Badiola. «Gaur ez da jenderik ibiltzen: hiruzpalau etortzen dira. Berdela badaukagun arren, jendeak ez du erosten gaurko egunez», adierazi du.

«Ez al duzu mojetara arrautzarik eman?», galdetu dio Txurruka plazan dagoen emakume batek Nerea Lazkanori. Barrearekin erantzun dio hark. Mutrikuko turismo bulegoko langilea da Lazkano. Jakin berri du ordubeteren buruan hastekoa den abesbatzaren kontzertua Santa Katalina komentura lekualdatu dutela. Madalena abesbatzako neskatoak ez ditu izutu giroak; hamabi urteko sei lagun elkartu dira udaletxe aurrean, kasaka urdina soinean, eta kontzertuan abestuko dituzten kanten partiturak besapean.

Hamahiru eskulangile eta sortzaile postu daude goizetik Txurruka plazan. Lehenengoz jarri dute azoka hori Berdel Egunean, Eixu artisau elkarteak antolatuta. Arropak, bitxiak, jostailuak, otarreak... Hainbat ogibide eta produktu daude ikusteko eta erosteko. Itziar Arbulu da Eixu elkarteko kideetako bat, eta gogotsu etorri da: «Plaza berriak topatu nahi ditugu». Haurrentzako artisau tailerra ere hasi da; tetrabrikekin egindako berdel txotxongiloak daramatzate eskuetan.

Herritarrak lanean

Galtzak bete lan du Marta Amonarrizek. Aste osoa darama prestaketa lanetan, Mutrikuko turismo teknikaria baita. Beheko plazan dabil, muntaketa lanetan. «1.600 kilo berdel inguru erosi ditugu. Horietako batzuk egosi egin ditugu, horrela behar duten pintxoentzat. Beste batzuk, berriz, freskoan dauzkagu, parrilarako edo marmitakorako, esaterako», azaldu du.

Aurtengoa 23. Berdel Eguna da. Lehenengoz mugitu dute portuko ekitaldi hori herrira. Goizean ere izan da berdela jatekoaukera. Herriko tabernek pintxo-poteoari ekin diote hamabiak jotzearekin batera. Santi Rigoz lanpetuta dabil Piper tabernako sukaldean. «3.000 pintxo prestatu ditugu, hiru motatakoak: entsalada errusiarra berdelarekin, berdel gisatua patata purearekin eta berdel marinatua binagretarekin.

Anbrosia Goenagagoiza aprobetxatzen dabil. Arratsaldean pintxoak prestatzen eta banatzen aritzeko indarrak hartzen ari da. «Gure plana lana egitea da. Aste guztian aritu gara arraina garbitzen, boluntario».

Jose Antonio Olabarria markinarra, berriz, goiz-pasa etorri da. «Ni arrain zalea naiz, eta pintxo horiek pastelak dira niretzat. Denak jango nituzke!», esan du, umoretsu, Ametza tabernako mokadua amaitu bitartean.

Berdelari izen txarra kentzeko hasi ziren mutrikuarrak jaia antolatzen. Moldatuta bada ere, berriz hartu du arrainak herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.