ATZEKOZ AURRERA

Oilarrak txakurrari txanda

Txinatarren urte berriari ongietorria egin dio Bilboko Txinatar Institutuak, eta, bestelako ekitaldi eta ospakizunen artean, urtero bezala dragoia dantzarazi dute Bilboko kaleetan zehar.
Dragoiaren desfilea egin dute Bilboko kaleetan.
Dragoiaren desfilea egin dute Bilboko kaleetan. BERRIA

Gotzon Hermosilla -

2018ko otsailak 18
Irakasleak zerbait idatzi du orri batean, eta neskatoari erakutsi dio. Neskatoa hausnarrean gelditu da une batez, eta jarraian imintzioka hasi da, abere txiki bat balitz bezala. Gainerako umeetako batzuek eskua altxatu dute, orrian idatzita dagoen berba igarri dutelakoan. «Mao!» esan du haietako batek: katua berbaren txinerazko ordaina da. Asmatu egin du. Orain, haren txanda da.

Igarkizun, jolas, kanta eta mokadu artean ospatu dute Bilbon urte berria. Txinatar tradizioaren arabera, amaitu da oilarraren urtea, eta horrek txakurraren urteari eman dio txanda, 4716. urteari, hain zuzen. Urtero bezala, Bilboko Txinatar Institutuak antolatu ditu ospakizunak, aurten bosgarren aldiz.

Batez ere, Institutuarekin zerikusia dutenak, ikasleak eta lagunak agertu dira ospakizunetara, haietako batzuk Nafarroatik eta Arabatik etorriak. Bilbon bizi diren txinatar komunitateko kideek nahiago izaten dute urte berria etxean eta senitartekoekin ospatu: «Gustatuko litzaiguke txinatar komunitateak parte hartzen duen festa handi bat antolatzea», azaldu du Paula Alonso Bilboko Txinatar Institutuko komunikazio arduradunak, «baina pausoz pauso goaz: komunitate handiagoak dituzten hiriburuetan, Madrilen eta Bartzelonan esaterako, kalean egindako ospakizun gehiago antolatzen dituzte. Hemen, berriz, etxean ospatu ohi dute: etxea apainduz, familia osoa mahaiaren bueltan bilduz, eta elkarri opariak eginez, batez ere gutun-azal gorri deritzotenak, elkarri oparitzen dizkioten diruz betetako zorrotxoak».

Mota askotako jendeak jotzen du institutu txinatarrera: lan kontuak direla-eta txinera ikasi behar duten profesionalak dira batzuk, unibertsitate ikasle gazteak beste batzuk, eta txinerak etorkizunean garrantzi handia izango duelakoan gurasoek txinera eskoletara bidalitako umeak ere badaude. Bilboko ospakizunetan, umeak eta gurasoak nagusitzen dira, eta haiei begira antolaturik daude ekitaldi gehienak. Txinan jaio eta Euskal Herrira ekarritako ume ugari ere badaude festan: haien gurasoek ez dute nahi sorterriarekin lotura gal dezaten, eta horretarako modu egokia da hizkuntza ikastea eta Txinako kultura eta tradizioaren agerraldietan parte hartzea.

Beste jende mota bat ere badago institutuan: txinera ikasteko beharrik edo Txinarekin lotura berezirik izan gabe, kuriositateak edo jakin-minak bultzatutakoak: «Bitxia bada ere, jende asko gugana etortzen da manga eta Japoniako kulturaren bestelako adierazpideen bitartez», azaldu du Alonsok. «Txina eta Japonia bi kultura guztiz desberdinak izan arren, badirudi batekiko interesak pizten duela besteaz gehiago jakiteko irrika».

Herrialde oso bat geldirik

Txinan, herrialde osoa gelditu egiten da urte berriaren ospakizunak direla medio: salguneak itxi egiten dira, sorterritik kanpo bizi direnak etxera itzultzen dira, inportazio eta esportazioak ere eten egiten dira, eta otordu oparoek garrantzi handia hartzen dute. Arraina izaten da otordu horietako jakirik preziatuena. Ospakizunek bi aste irauten dute, eta Esku-argien Festarekin ematen zaie akabera.

Dragoia dantzaraztea da ospakizunetako beste pasarte garrantzitsu bat, eta hori ere bete nahi izan dute Bilboko Txinatar Institutukoek. Kalera jo dute, eta han urrez eta gorriz —horiexek dira zorte onaren koloreak— margoturiko dragoia dantzarazi dute.

Harriturik hartu dute ikuskizuna Bilboko kaleetan barrena dabiltzanek. Bestelakoa izan da Berastegi kalean dagoen jatetxe txinatarreko langileen erreakzioa: kalera egin dute zalapartak erakarrita, eta, dragoia ikusitakoan, txalo jotzeari eta eskuko telefonoekin argazkiak egiteari ekin diote.

Laburra izan da ibilbidea: euria ari du, eta hobe da ospakizunak Institutuaren egoitzan amaitzea. Han otordua dute zain: Txinako gozokiak eta jaozi izeneko opil moduko batzuk, urte berriaren ospakizunetan ohikoak izaten direnak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna