ATZEKOZ AURRERA

Euri tantak ama lurrari

Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek disko bikoitza aurkeztu dute: 'Amalur-Euri tanta banintz'. Tolosako Sukal Talkan eman dute lanaren berri, lagun talde handi batek lagunduta.

Diskoa aurkeztu aurretik, erosketak egin dituzte Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Tolosako Zerkausiko azokan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
Tolosa
2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Zerua laino dago, baina ez du euria egiteko itxura handirik. Tantak pilatzen ari dira, hala ere, Tolosako Zerkausia inguruan (Gipuzkoa). Alaitasunak eta emozioek sortutako malko tantak. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak Amalur-Euri tanta banintz disko bikoitza aurkeztekoak dira Zerkausiaren ondoan dagoen Sukal Talka aretoan, eta, pixkanaka, jendea pilatzen ari da, hodeietan euri tantak nola.

Pailazoak ez dira inondik ere ageri, baina jendea biltzen ari da. Modu batera zein bestera, disko bikoitz berrian asko dira euren aletxoa jarri duten lagunak; lana euren sormen tantekin busti duten artistak, sortzaileak, idazleak eta lagunak. Tanta horien artean daude, besteak beste: Xabi Zabala musikaria, Kaki Arkarazo teknikaria, Alex Sardui eta Petti abeslariak, Julen Tokero diseinatzailea, Xabier Mendiguren eta Jesus Mari Olaizola Txiliku idazleak, Juan Gorriti margolaria...

Zerkausiko azokara erosketak egitera joan direnak ere ohartu dira ez dela larunbateroko ohiko azoka. Harridura aurpegiz begiratzen dute zein ote den hainbeste lagun pilatzearen arrazoia. Halako batean, bi motots ikusi dira dantzan jende artean, eta txima urdinak eta arrosak; Pirritx, Porrotx eta Marimotots dira.

Disko berria prestatu dute, bikoitza, eta jende aurrean aurkeztera datoz. Euri tantan banintz izena du diskoetako batek. Joxan Ormazabal idazlearen olerki musikatuak bildu dituzte disko horretan; hamabi guztira. Amalur izena du beste lanak, eta baserritarren lana eta baserriko bizimodua ekarri nahi izan dituzte gogora, hamabost kantetan.

Orain dela dozena bat urte baserriaren gaia landu zuten arren, gaiari berriro heltzea erabaki dutela argitu du Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek: «Baserriaren, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta elikaduraren inguruan hausnarketa egiten eta bide berria jorratzen ari gara, eta horregatik berriro landu nahi izan dugu gaia, istorio eta disko gaurkotu batekin».

Lazkaoko Iztueta eta Eibarko Sosola baserriko (Gipuzkoa) lagunekin eta Jakoba Errekondo paisajistarekin partekatu dituzte elikaduraren eta baserriaren inguruko hausnarketak. Solasaldi horietan ohartu dira ofizio asko dituzten pertsonak direla baserritarrak. «Baratzeak, abereak eta ingurunea zaintzen dute baserritarrek. Ingurua mimoz zaintzen dute, eta gu ere mimoz elikatzen gaituzte. Horregatik guk ere maitasunez zaindu behar ditugu», gogoratu du Porrotx.

Pailazoak oso kezkatuak daude elikadurarekin, eta diskoaren gaineko azalpenak eman aurretik, saskia hartu, eta azokatik buelta bat eman dute. Pupu eta Lorerentzako purea prestatu behar dute, eta Kaxi eta Ana Mari Izagirre ahizpen postuan topatu dituzte purerako osagai egokiak: azenarioak, porruak, tipulak...

Pailazoak bisitan izango zirela esan zieten, eta «produkturik berezienak eta onenak» ekarri dituztela Asteasutik kontatu du Kaxi Izagirrek. Larunbatetan, jendea ibiltzen dela azokan onartu du, baina «gaurkoa [atzo] izugarria izan da. Nabari da pailazoak hemen dabiltzala». Argazki kamera guztien jopuntuan egon dira bi ahizpak, baina «oso pozik» daude jasotako bisitarekin.

Ormazabal gogoan

Eta saskia produktuz bete ostean, Sukal Talkarantz joan dira pailazoak. Eta, atzetik, guraso, haur eta jende uholdea. Aretoa txiki geratu da. Aurkezpenerako jarriak zituzten eserlekuak ez dira nahikoa izan bisitari guztiak esertzeko, eta zutik entzun behar izan dituzte gehienek pailazoen eta diskoan parte hartu duten hainbat lagunen azalpenak.

Gonbidatuen artean dira Ana Zabala Joxan Ormazabal idazlearen emaztea eta haren semea ere, Jatsu. Idazlea eta hark egindako lana goraipatu dituzte Xabi Zabala musikariak eta Xabier Mendiguren idazleak. Juan Gorritik ere gogoan izan du Ormazabal, eta artelan bat eta poema eder bat oparitu dizkio idazlearen familiari: Aralarko olatua. Haren hitzetan, «euri tanta bat familiarentzat. Olatu batean ere mila milioi milioi euri tanta baitaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.