ATZEKOZ AURRERA

Burua altxatuta, barruak beteta

Euriak bustitako Berdel Eguna izan bada ere, giro polita egon da Mutrikun eguerdiaz geroztik. Pintxo potean ibili dira alde zaharrean; arratsaldean, berriz, berdel dastatzea egin dute portuan.

Berdelarekin egindako pintxo ugari banatu zituzten atzo, Mutrikuko tabernetan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Mutriku
2017ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Pauso bat aurrera, eta burua gora. Gorantz begiratu beharrik ere ez dago batzuetan, tabernatik atera orduko nabari baita euria goian behean ari duela. Larunbat eguerdia da Mutrikun (Gipuzkoa), poteorako garaia. Ohiko larunbata berezixeagoa da Atxitxin kaletik doan hiru laguneko kuadrillarentzat: «Betiko ardo tragoak, eta, gainera, pintxoak debalde», dio Joxe Elorzak, lagunari aterkia eusten dion bitartean. «Altxatu burua!», esan dio aldapan behera datorren bikote bati: «Berdel Eguna, hau da gure gaurko alegria». Euriaren desatseginak ez ditu, behintzat, Elorza eta lagunak ozpindu. Berdel pintxo potea egiten ari dira alde zaharreko tabernetan, eta, oraingoz jendetzarik ez badago ere, barrualdeak eta aterpeak betetzen ari dira.

Musika entzuten da. Txurruka plazatik dator. Trikitia eta panderoa astintzen dabil neska talde bat: borobil bat osatu dute plazaren erdian; ez zaie, ordea, inor ere hurbildu. Euri txikia ari du, eta jendea plaza ertzetako toldoen azpian dago, tragoa eskuan, begira, edo hizketan. Arrainez mozorrotutako gazte bat ere bada tartean, festarako prest. Festa girora etorri dira Saioa Ortiz eta Agurne Peña ere, gauera arte geratzekotan, baina oraindik gehiago animatu beharrean daude: «Ez dakit horrela aguantatuko dugun; espero dut gero atertzea, eta ea lasaiago egoteko aukera dagoen kanpoan».

Aranzubi tabernan daude, eta, 12:00ak pasatu badira ere, berdel pintxorik ez dago oraindik: «Gosetuta gaude, eta tortilla pintxoa hartuko dugu bitartean», dio Ortizek, lagunak jan-edanak eskatzen dituen bitartean. Barraren atzean, zabalik ikusten da sukaldeko atea: emakumezko bat tostadak bustitzen ari da. «Segituan aterako ditugu», esan du batetik bestera dabilen zerbitzariak. Azaldu duenez, taberna bakoitzak bere pintxoak prestatzen ditu; eurek lauzpabost aterako dituzte: berdela budinean, purean, arrautzarekin... Erretiluak barran utzi orduko pintxoetara joan dira eskuak. Tartean, Iker Eraso eta lagunen eskuak: «Poliki jan», esan dio Erasok barra ertzeko aulkian eserita dagoen haurrari. Umeak ez du berez arraina oso gustuko, baina horrela, «disimulatuta», ederki asko jaten du: «Futbolean ibili gara goizean, gainera, eta gosea badugu jada, bai berak eta bai guk».

Txurruka plazatik Erdiko kalean barrena, 12 gradu markatzen ditu farmaziako gurutze berdeak. Berriro indartsuago hasi du euria, eta antzerako panorama dago Beheko plazan: hutsik erdialdea eta beteta toldo azpiak. Anaiarte tabernaren kanpoko paretan nabari da ez dela ohiko larunbat bat: Berdel Eguneko menua. Entsalada, berdelaren marmitakoa, postrea eta kafea. Taberna barruan ere, koadrodun zapi zuri-urdina daramate lepoan zerbitzariek. «Har ezazu ozpin saltsa duena», gomendatu dio zerbitzariak bezero bati. Alboan dago Sebas Arizmendi, ardo beltza barra gainean utzita. Ez du pintxorik hartu, ez baitu berdela bereziki gustuko: «Nahiago hezurrik gabeko legatz txikia. Arratsaldean pasako naiz portuko karpatik, baina giroa ikustera gehienbat; euri honekin, hala ere... ez dakit ba. Ezin zuen eguraldi hoberik egin ala?».

Kirolik onena

Tranpa kaletik behera, lasaitasuna ikusten da portu inguruan. Uretan ontziak geldirik, eta, lurrean ere, mugimendu gutxi. Arratsalderako mahaiak prest daude portuan, pintxo dastatzea izango baita. Berdel marmitakoa eta berdel errea jarriko dituzte, eta, noski, 20.000 pintxok jatun askoren beharra daukate. Ordurako espero dute jende gehien; Puerto tabernan, hala ere, badabil jendea orain ere. Motor lasterketa dago telebistan, eta paretako arbelean, Reala-Leganes eta Osasuna-Athletic partidetarako apustuen zerrenda. Berea baino kirol hoberik ez dagoela uste du Xanti Salutregik: «Hau gozamena da, jan eta edatea; ederra dago dena».

Pintxo gehiago datoz. «Honek pikantea dauka», ohartarazi du zerbitzariak pintxo bat seinalatuz. Arriskatu egin da gizon bat: «Uf, bai, pikatzen du, bai...». Azken tragoarekin busti du eztarria, eta badoa kanpora. Pauso bat aurrera, eta burua gora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.