ATZEKOZ AURRERA

Euskarak hatsa hartu du

Bokalen Hatsa ikastola inauguratu dute, erronka handi batekin: haurrak euskalduntzea. Bi hanken gainean abiatu dute: euskararena bata eta Montessori pedagogiarena bestea.

Urteetako borrokaren ondoren, ateak ireki ditu Bokaleko ikastola berriak. Gogo handiko ongietorri festa egin zuten atzo. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Bokale
2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Teilatu berria du euskarak Bokalen (Lapurdi): Hatsa ikastola. Glenn Millerren musika entzuten zela hasi zen jendea pixkanaka biltzen atzo egin zuten inauguraziora. Azken urteotan hainbat gorabehera izan ditu proiektuak, baina azkenean gauzatu da. Eraiki prefabrikatubatean badira ere, Maindi Murua arkitektoaren eskuak barneko txokoak goxatu ditu.

Frantsesa zen nagusi atzoko inaugurazioan, euskarak toki gutxi zuen, eta hori izango da Hatsa ikastolaren erronka nagusia: haurrak, bederen, euskalduntzea. Sei familia dira, eta horietariko bi besterik ez dira euskaldunak. Euskalduntzearen ardura hartu dutenetako bat da Lucile Darrigrand irakaslea: «Lan handia izanen da haur horiek euskalduntzea. Zorigaitzez, hori da kostaldeko errealitatea, baina haurrak motibatuak dira, eta hasi dira euskaraz mintzatzen». Uztaritzeko ikastolan (Lapurdi) hamar urte pasatu ondoren etorri da Darrigrand Bokalera: «Hemen, beste errealitate bat da; han, lankideak banituen, proiektu anitz baziren... Hemen, dena dago eraikitzeko, baina biziki kontent naiz». Hasierak zailak direla onartuta, ziur da ikastola handituz joango dela.

Espiritu positibo berekoa da Gaby Mouesca, Luma txikiaren aita. Guraso gehienak kanpokoak izanik ere euren haurrak ikastolan ezartzeko urratsa egin dutela txalotzen du: «Denek onartzen dute euskara ikastea dela hemen integratzeko bide zuzena. Etorkizunari begiratuz, marka ona da». Hatsa ikastola bi hanken gainean ibiltzen hasi dela kontatu du: euskararen hanka bata eta Montessori pedagogiarena bestea —haurraren erritmoa errespetatzen duen pedagogia—. «Gure haurrak euskaldunak izan behar dira, baina baita gizon eta emazte libre eta arduratsuak ere. Proiektuaren bihotza hori da».

Herri «berezia»

Bokalek 160 urte bete ditu aurten,eta, hain justu, kuriosoa iruditu zaio Mouescari urteurren horrekin batera irekitzea ikastola. «Herri berezi honetan». Berezia dio, zeren eta aspaldiko eztabaida da Bokale Gaskoinia edo Euskal Herria ote den. Baina Paxkal Indo Seaskako lehendakariari «berdin» zaio, eta hala adierazi zuen atzoko inaugurazioan: «Hemen,badira euren haurrak euskaraz hezi nahi dituzten guraso batzuk,eta, Bokalen, ikastola bat beharrezkoa zen. Hastapenetik sinetsi dugu egiten ahal zela». Bide horretatik, gurasoak eskertu zituen, lehenik eta behin, «sekulako dinamika» aurrera eramateagatik. Boluntarioak ere eskertu zituen, baita herriko auzapez Francis Gonzalez eta udal taldea ere.

Gonzalezek aitortu zuen hasieran zalantzak bazituela, baina hainbat bilera egin eta gero zalantzak argitu zituela. Izan ere, hasiera batean, ikastola eraikitzeko proiektuari ezezkoa eman zion Bokaleko auzapezak, eraikitzekotan Calandreta okzitanierazko eskola eraikitzeko baimena emango zuela esanez. Eta gauzak zer diren, Calandreta sortzeko familia bakarra zegoela eta, azkenean, proiektu hori bertan behera utzi dute, oraingoz; izan ere, familia gehiago bilatzen saiatuko dira eskola ireki ahal izateko.

Mailys Iriart gurasoak hartu zuen hitza, Bokaleko ikastola «partekatze toki» gisa deskribatuz: «Munduari irekia den eskola baten eraikitzea dugu helburu». Hatsa izenari ere egin zion aipamena: «Bizi hatsa, arnasa, horra gure haurrei eskaini nahi dieguna; horra, halaber,gure haurrek inguruan duten munduari eskain dezaten nahi genukeena».

Haurrek ere izan zuten euren mementoa: bi kantu abestu zituzten, ikus-entzuleen txalo artean. Xumai Murua bertsolariak irakaskuntza askea eta euskalduna aldarrikatu zuen.

L'estaca-ren euskarazko bertsioa abestu eta gero, Lucile Gomez gurasoak sortu duen ikastolako logotipoa agerraraziz eman zioten bukaera ekitaldiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.