ATZEKOZ AURRERA

Landatzeko tenorea heldu zaie

Baionako Etxepare lizeoa hornitzeko burutu sagarrondoen kanpaina amaitu dute besta giroan; 260.000 euro jaso dituzte, 3.000 sagarrondo saldu, eta laborari bat instalatzen lagundu dute.

Zuzendaria, presidente ohiak eta oraingoak elkarrekin sagarrondoa landatzen lizeo ondoan, Sagartzea elkarteko Gabriel Durrutirekin. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Euskara eta sagarra elkartzearekin zein ongi asmatu duten poztu da Filipe Laskarai, Baionako Etxepare lizeoko hezkuntza aholkularia. Kanpaina arrakastatsua izateaz gain, sinbolikoki ere asmatu dutelako: «Herritarrek ulertu dute zentzua». Nola iraganean etxe guztietan aurki zitezkeen sagarrondoak: «Etxaldeen aberastasuna ez zen neurtzen hektarea kopuruen arabera, baizik eta sagarrondo kopuruaren arabera». Balio horiei jarraikiz geroz, hortaz, Seaskaren Etxepare lizeoa, Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko aukera ematen duen lizeo bakarra, «ikaragarri aberatsa» dela gehitu du irriz Laskaraik, 3.000 sagarrondo saldu baitituzte orotara.

Zerekin eta tokiko sagar motekin, gainera. Hots, aberatsak izateaz gain, «izugarri kontent» direla horrelako kanpainaren bukaerarekin, Laskaraik berretsi zuenez. Hazten gaitu, hazten dugu izenburupeko kanpainak atzo izan zuen azken eguna. Besta giroan, zintzur bustitze, bazkari eta musika artean ospatu zuten, gurasoak, ikasleak eta laguntzaileak elkartuta. 30 euro gehiagoren truke, nahi zuenarentzat, sagarrondo bat: hori zen kanpaina.

Bi sagarrondo landatu zituzten atzo lizeo aitzinean, lizeoko zuzendari, presidente ohi eta gaurkoen artean. Hasiera batean pentsatua zuten atzo bertan Euskararen sagartzea izendatu eremuan 600 sagarrondoren landatzen hastea ere. Izan ere, 3.000 sagarrondo horien artean gehienak etxe pribatuetara doaz, baina 600 lizeoaren esku utzi dituzte erosleek: Baionako Herriko Etxeak utzi lurretan landatzekoak dituzte. Eta bertan laborari bat instalatzekoa da, sagarrekin lan egiteko. Hori ere garaipen pozgarri bat zaie Etxeparekoei: atzo, ordea, ezin izan zuten sagarrondorik landatu bertan, neguko euriengatik lurra bustiegia baita.

Elkarlanaren fruituak

Baina ez dira galduko. Eta, bizkitartean, sagarrondo edo gaur egungo sosetan kontatuz gero ere ez da pobre lizeoa: 260.000 euro jaso ditu gelak hornitzeko, eta horrekin jadanik %95 lortua dutela azaldu du Laskaraik. 2017ko irailean estreinatu zuten lizeoa eraikin berrietan, baina bakarrik murruak ordaintzekoa zeukaten. Material aldetik, hala nola jarlekuak eta proiektatzailea, dena berritzekotan, 300.000 eurotan finkatua zuten beharra. Hortik zuten hasi 2016ko Herri Urratsean sagarrondoen kanpaina: orduan zuten ukan ideia sagarrondoaren irudia euskararekin parekatzekoa. Sagarrondoen garaiko garrantzia euskararenari konparatuz gero, nola sagarrondoen presentzia txikituz joan zen, euskararena bezala; eta, aldiz, azken ldian, sagarrondoen kopurua handituz doala, euskararena bezalaxe, nolabait.

Kanpainako laguntzaile handia Sagartzea elkartea izan du Etxeparek. Duela 25 bat urte hasi zen Sagartzea tokiko sagarrondoen berpizte lanetan: hogei bat hektarearekin hasi eta, hortik, Eztigar kooperatiba sortu zuten. Eta geroztik segitzen dute, besteak beste, tokiko sagar moten biltzen eta ekoizten laguntzen. Hark ditu sagarrondoen haziak segurtatu Etxeparerentzat, 25 bat mota orotara, txertatze lanak egin eta eremu zabal batean handitu direnak. Lan handia. Baina, halere, berriz egiteko prest dira: «Norbaitek erran ukan balu ez zela egiten ahal, gehiago ere eginen genuen», dio umoretsu Sagartzea elkarteko Gabriel Durrutik. Hasi baino lehen jakin izan balute: «Eginez ikasten dela erraten bada, hor ikasi dugu anitz».

Eginez ikasten dela eta ez dela nehoiz erortzera utzi behar erranez hurbildu zitzaien Kontxita Beitia, 77 urteko pasai antxoarra. Ikastolen sorrerako mugimenduan aitzindarietako bat izan zen, eta aritu da sagarrondoen saltzen: «Utopia bat zelakoan ginen. Halere, aurrera egiten genuen utopia hori ia egia bihurtuko ote zen egunen batean. Eta begira non gauden! Nork esango zigun Baionan bertan horrelako lizeo puska bat egonen zenik?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.