Quebeceko bigarren erreferendumetik 25 urtera

SUBIRANISMOA, LOKARTUTA

Bipartidismoa, hautsita; Kanadatik ateratzeko sortu zuten alderdi historikoa, inoizko ordezkaritza txikienetakoarekin; independentziaren auzia, eztabaidatik kanpo. 1995eko erreferendumetik 25 urtera, Quebeceko paisaia politikoa bestelakoa da. Eta, halere, herritarrek uste dute lehen lerrora itzuliko dela gaia.

SUBIRANISMOA, LOKARTUTA.
ander perez zala
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Dimisioa aurkeztu zuenean eman zituen argudioen artean, Lucien Bouchardek hauxe jo zuen giltzarritzat: ez zela gai izan Quebeceko mugimendu subiranistaren «sugarra berriz pizteko». 2001eko urtarrila zen, eta, garai hartan, Bouchard Quebeceko lehen ministro eta Alderdi Quebectar (PQ) indartsuaren buruzagia zen; bi karguak utzi zituen. Agintari subiranistaren erabakiak mugarri bat jarri zuen, harrezkeroztik beheranzko joera izan baitu behinola ordezkatzen zuen mugimenduak; iragan mendeko indar erakustaldi eta itxaropenak desagertu egin dira, eta independentistek ez dute karismadun buruzagirik aurkitu bidea berriz egiten hasteko. 25 urte pasatu dira subiranisten gaurik mikatzenetik, independentzia hurbilen izan zuten zorigaiztoko ordu amaigabeetatik, eta garai hartako ilusioa inoiz baino urrunago dagoela dirudi. 1995eko erreferenduma, 1995eko errealitatea aspaldiko kontua dira: egun, Quebeceko bipartidismoa hautsita dago, Kanadatik ateratzearen auzia ez dago eztabaidaren erdigunean, eta PQ, independentzia lortzeko sortu zuten alderdia, inoizko ordezkaritza txikienetakoarekin ari da bizirik irauten. Eta, halere, kontra duen egoera batean, subiranismoak bizirik jarraitzen du, duela 25 urteko porrotaren errautsetan, noraezean. Lokartuta, finean.

Quebeceko errealitate politikoak independentziaren aldeko mugimenduaren garrantzirik eza edo haren inguruko interes falta iradokitzen duen arren, lupaz begiratzea besterik ez dago ohartzeko egoera bestelakoa dela. Izan ere, egungo herrialdea belaunaldi aldaketen eta joera berrien isla da, gehienak mende honetako eta iraganekoaren azken urteetako gertarien ondorio izanik; pixkanaka bada ere, Quebecek ere eboluzionatu egin du, eta alde batean utzi du auzi nazionala, horretaz inoiz separatu gabe ere. XXI. mendean, PQren beherakada eta independentziari buruzko inkestek izandako eboluzioa izan dira joera horren seinale argiak; baina, batez ere, 2018ko Asanblea Nazionalerako bozetan gertaturikoa, beste mugarri bat izan baitzen: 1970etik lehengoz, PQ eta Quebeceko Alderdi Liberala (PLQ) agintetik kanpo geratu ziren, eta Quebecen Etorkizuna Koalizioa (CAQ) zentro-eskuindarrak lortu zuen gehiengo osoa. Bere burua nazionalistatzat eta autonomistatzat dauka, eta, besteak beste, aldaketaren mezua sustatuta iritsi zen agintera.

Quebeceko subiranismoak izan duen joeraren erakusle da, hain justu, CAQen buruzagi eta Quebeceko lehen ministroa: François Legault PQko ministro izan zen bitan 2000ko hamarkadan, eta, koalizioaren sortzaileetako bat izanik, duela bi urteko bozetan «Quebeceko balioen defentsan» eta immigrazioaren murrizketan oinarrituriko kanpaina bat egin zuen, frantsesaren garrantzian arreta jartzearekin batera. Quebeceko gairik ezagunenean, independentziaren aurka agertu da hainbatetan, baita Kanadako sistema federalaren kontra ere; hirugarren bidea delakoa defendatzen du, autonomia gehiago lortzearena.

Legaulten eta CAQen ideiek eta helburuek, hortaz, iradokitzen dute nabarmen aldatu direla herritarren lehentasunak. Horrek, ordea, ez du eragin subiranismoa-federalismoa ardatz klasikoa desagertzea; Jean-François Daoust ikerlari quebectar eta Edinburgoko Unibertsitateko irakasle laguntzailearen arabera, oraindik badaude ardatz horren «zantzu garrantzitsuak, bai eskualde mailan, Quebecen, baita nazionalean ere, Kanadan».

Daoustek, Montrealgo Unibertsitateko Alexandra Jabbourrekin batera, 2018ko Quebeceko Asanblea Nazionalerako hauteskundeen emaitzak aztertu ditu An extraordinary election? A longitudinal perspective of the Québec 2018 election lanean (Ezohiko hauteskundea? 2018ko Quebeceko bozen luzetarako perspektiba bat). «Quebecen independentziaren alde egotea bat dator joera politiko askorekin. Adibidez, auzi ekonomikoan iritzi progresistagoak izatea; identitatearen auzian, jarrera nazionalistak dira nagusi: frantsesaren aldeko neurri gogorragoak eta migratzaileen frantsestea sustatzea», azaldu dio Daoustek BERRIAri.

Egia da, hamarkada honetako bozek agerian utzi dutenez, auzi nazionalak ez duela lehen zuen pisu bera, baina oraindik «oso garrantzitsua» da. Bada korrelazio bat Kanadatik ateratzearen aldeko jarreraren eta hauteskundeetan hautatzen den alderdi politikoaren artean; finean, «beste aldagaiak baino indartsuagoa» da. Hortaz, 2012tik hona Quebeceko ardatz klasikoaren efektua txikitu dela ondorioztatu duten arren Daoustek eta Jabbourrek, oraindik botoa azaltzeko pisuzko arrazoia dela ohartarazi dute.

125etik 20 eserleku

Asanblea Nazionalean, 125etik 76 eserleku ditu CAQek, eta bederatzi besterik ez PQk; Quebec Solidarioa (QS) ezkerreko alderdi independentistak, berriz, hamar ordezkari ditu. Horiekin batera, diputatu subiranista independente bat dago parlamentuan; denera, 125etik hogei dira Kanadatik ateratzearen aldekoak. Inkestek diote, ordea, independentziaren aldeko babesa ordezkaritza hori baino handiagoa dela.

Zerk azaltzen du, beraz, 2018ko mugarria, eta subiranismoaren egungo egoera? CAQi botoa emateko arrazoien artean egon ziren «aldaketarako beharra» eta, batez ere, beste alderdi bat boteretik ateratzekoa; kasu honetan, PLQ. Jean Charest liberal federalista izan zen Quebeceko lehen ministro 2003tik 2012ra, eta Philippe Couillard 2014tik 2018ra.

Boto emaileek, hortaz, aginterako indar nazionalista baten beharra ikusi zuten, baina ez PQrena, ez duelako aldaketa irudikatzen; CAQen erakargarritasuna bestearen aurkako jarreran dago, oinarri elektoralari erreparatuta soilik laurden batek bozkatu baitzuen haren alde programa edota hautagai «onak»zituelako. Txarren artean onena da.

CAQen boto emaileen parte handi bat subiranista da, eta frantses hiztuna. Quebeceko nazionalismoa identitarioa da batez ere, eta hizkuntza izan du ardatz, beste arrazoi askoren gainetik; finean, Legaulten alderdia Quebecen sortua da, Quebecerako eta Quebeci begira ondua. Beraz, CAQen garaipenak iradokitzen du etxekoa defendatzeko lehentasuna dagoela quebectarren artean.

«Subiranismoa lokartuta dago, dilindan. 1995etik, beheranzko joera izan du, eta garai batzuetan gora egin du, baina oro har behera. Lokartuta diot eta ez hilda, oraindik oinarri sendo bat duelako. Hautesleen %30-35 dira; beste modu batera esanda, boto emaileen herenak subiranistak dira, subiranismoarentzat ezkorra den egoera batean. Ez da hutsala», uste du Daoustek.

Arrazoi horiek guztiek azaltzen dute, era berean, Kanadako Parlamenturako iazko hauteskundeetan Bloke Quebectarrak gora egin izana —Kanadako bozetara aurkezten den alderdi subiranista da, Quebecen interesak defendatzeko—: CAQen gehiengo osotik eta PQren hamaikagarren beheranzkotik urtebetera, blokeak 22 diputatu irabazi zituen, 32rekin geratzeraino. Boz haietan, liberal federalistak izan ziren galtzaileak, irabazitako 22 eserlekuetatik ia guztiak liberalei kendu baitzizkieten. «Quebectarrak ez daude pozik alderdi federalistekin. Errazagoa da bozkatzea independentzia Ottawan lor ez dezakeen BQren alde. Gorakada hori ohartarazpen bat da».

Gazteek, interes gutxiago

Leger etxeak iragan astean argitaratutako inkesta batek agerian utzi du urteotako joera: helduek dutela interes handiago independentzian gazteek baino; zehazki, 55 urte baino zaharragoek. «Harrigarria da: 1995ean gertaturikoaren kontrakoa da», adierazi zuen Jean-Marc Leger inkestaburuak emaitzak aurkezterakoan.

Gazteen artean, askok uste dute Quebecen subiranotasuna eta beren interesak ez direla bateragarriak, justizia soziala eta klima larrialdia tarteko. Daousten iritziz, errealitate hori «egiazkoa» da, soilik hein batean: «Gazteak auzi horretatik aldendu dira, baina ez askotan aipatzen den baino gehiago. Millenial-ek ez dute izan independentziaren aldeko sozializazio politikorik, batez ere [Kanadan] ez delako krisi konstituzionalik egon».

Noski, interes eta lehentasun berriek aldaketak edota eboluzioak eragin dituzte Quebeceko politikan; horietan nabarmenena da beste ardatz politiko batek hartu duen garrantzia: subiranista-federalistari gehitu egin zaio ezker-eskuinekoa, baina, aldi berean, biek ez dute kontrako bidea egiten, lotura zuzena baitute. Teorian behintzat, Quebeceko alderdi subiranistak ezkerrerago daude, eta federalistak eskuinerago, nahiz eta Quebeceko hiru alderdi nagusiak, CAQ, PLQ eta PQ, zentro-eskuinean eta zentro-ezkerrean dauden, hurrenez hurren.

Ardatz horretan, deigarriena QSren emaitzak izan ziren: herritarrek alderdi horren alde egiteko duten lehen aukera haren programa politikoa eta proposaturiko neurriak dira, tarte handiz gainera; alegia, independentista eta ezkertiarra izatea. Adinak ere joera hori berresten du: 35 urtetik beherakoen artean gailendu zen. Konparatzearren, adin tarte horretan izan ezik, CAQ beste guztietan gailendu zen.

Testuinguru horretan, Quebeceko aldaketen kaltetu nagusia herrialdea urte luzez gobernatu zuen alderdi historikoa da: PQ. Etengabea dirudi beheranzko joerak; hein batean bada ere, subiranismoa bere inguruan berpizteko izan duen ezintasunagatik.

Agerikoa da ez dutela izan 1980ko independentzia galdeketara deitu zuen Rene Levesqueren eta 1995ekora deitu zuen Jacques Parizeauren antzeko politikaririk, Bouchardek dimisioa eman zuenean adierazi zuen bezala «sugarra berriz pizteko». Horren inguruko gatazka iragan ostegunean bertan itzuli zen parlamentura, 25. urteurrenaren bezperan, PQren talde parlamentarioko buruzagi Pascal Berubek Legaulti egotzi baitzion «bere balioak boterearen truke» aldatu izana; bere federalismoa aitortzeko ere eskatu zion: «Lehen ministroak esango al dit zer aldatu den azken 25 urteetan Kanadaren eta Quebecen artean kanadar federalismoarekiko leial bilakatzeko?».

Quebeceko gobernuburuak zera erantzun zion: «Quebectarrek ez dute beste erreferendumik nahi. Zer aldatu da PQrentzat boterera iritsi eta lehen agintaldian galdeketa bat antolatzeko promesa egiteko?».

PQk buruzagi berria du

Legault PQren buruzagi berriaz ari zen: Paul St-Pierre Plamondon abokatu gaztea hil hasieran aukeratu zuten primarioetan, eta, Daousten iritziz, horrek joera gelditzeko aukera emango dio alderdiari: «Aldaketa irudikatzen du, berritasuna; ospetsuagoa da gazteagoen artean. Karismaduna da, ideia asko ditu, baina intelektual profila izan gabe, [Jean-François] Liseeren kasuan bezala, eta snob izan gabe, [Pauline] Maroisen kasuan bezala. Egia da PQk buruzagi honekin duela sorpresa emateko aukerarik handiena».

Alderdiak bere ibilbideko erronkarik handiena du orain, eta horretarako oztopo du Leger etxearen inkestak adierazitakoa: mugimendu subiranista «orain umezurtz» dagoela, ez dela indar politiko bakarren inguruan biltzen, iragan mendean bezala. Egun, PQ ez da aldarrikapenaren zutabea, eta CAQ da subiranista gehien biltzen duen indar politikoa, QSren aurretik: «[Subiranistak] Alderdi politiko guztietan daude, liberaletan izan ezik».

Orain, PQk ez du beste biderik CAQetik ezberdintzea baino. Boto emaileek aldaketarako hautatu zuten indar hori, eta oraingoz «egokitzat» daukate haren lana. «Herritarren eskariak betetzen ari da, eta aldaketa irudikatzen ari da. Bere auzi gehienetan ondo doa; baditu promesa delikatuagoak: bozen sistemaren erreforma, esaterako. Baina, quebectarren iritziz, nahiko pozgarria izaten ari da [agintaldia]», dio Daoustek.

Quebeceko subiranismoa, eta nazionalismoa oro har, lorturikoa defendatzearen alde ari da orain, iragan mendean bezala independentzia lortu nahian bainoago. Eta, halere, herritarrek uste dute Kanadatik ateratzearen auzia «lehenago edo geroago» itzuliko dela eztabaida politikora, Legerren inkestaren arabera. Erantzun zutenen artean, %47k uste dute auzi nazionala Quebeceko eztabaida politikoaren lehen lerroan egongo dela, nahiz eta ez dakiten noiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.