Koronabirusa

Intzidentzia eta ospitaleratzeak gora, aldaera britainiarrak bultzatuta

Aldaera berrikoak dira Hego Euskal Herriko kutsatze gehienak. Positibotasun tasa %8,6 da

Intzidentzia eta ospitaleratzeak gora, aldaera britainiarrak bultzatuta.
Ion Orzaiz - Mikel P. Ansa - Uxue Rey Gorraiz
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun

Makurraldi betean. Azken egunetako datuek berretsi dute aurretik ere agerikoa zena; alegia, COVID-19aren izurria larriagotzen ari dela Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak atzo emandako informazioaren arabera, 8.207 test egin ziren astelehenean, eta horien %8,6k eman zuten positibo: 706k, guztira. Laugarren olatuaz hitz egiten hasiak dira zenbait aditu eta arduradun politiko. Abiada betean harrotzen ari den uhinak, ordea, badu ezberdintasunik aurrekoen aldean: orain arteko koronabirus aldaera «klasikoak» apenas duen eraginik. Britainiar aldaerak ordezkatu du.

 

Otsaileko lehen egunetan, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen testetan positibo emandakoen %5 kutsatu zirela aldaera horrekin. Martxoaren 14an, berriz, %54,2ra igo zen portzentajea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, are gehiago: %68,5raino. Azken neurketen arabera —apirilaren 4an argitaratutakoak— aldaera britainiarrekoak ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasuen %76,2, eta Nafarroako kasuen %93. Beraz, jatorrizko birusari gailendu zaio.

Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emaniko datuak herrialdeka aztertuta, 219 positibo dira Bizkaian atzemandakoak; 213 Gipuzkoan; 177 Nafarroan, eta 88 Araban. Erakundeek ez dute zehaztu kutsatze horietatik zenbat dagozkion britainiar aldaerari, baina, azken asteotako bilakaeran oinarrituta, litekeena da gehienak izatea.

Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak ere ohartarazi du aldaera britainiarraren ugaltze azkarraz, zaintza epidemiologikoko azken txostenean: «Birus horren ehunekoa etenik gabe handitu da 2021a hasi zenetik, eta 12. astean [martxoaren 22tik 28ra artekoan], %95era iritsi zen. Aldaera horrek gainerako guztiak zokoratu ditu». Zenbait «ezaugarri propio» ere antzeman dituzte institutuko ikerlariek: «Errazago transmititzen da 15 urtetik beherakoen artean, eta gehiago eragiten die 65 eta 80 urte artekoei ere».

Hain zuzen, adin tarte horretan errazago zabaltzearen ondorioz, ospitaleratze kopurua nabarmen handitu dezake britainiar aldaerak: «Ospitaleratuak izateko aukerak bi bider handiagoak dira aldaera hau duten kasuetan», irakur daiteke txostenean.

Hain zuzen, ospitaleetako presioaren handitzea nabaria da atzoko transmisio datuetan ere. Hego Euskal Herrian 490 lagun daude gela arruntetan erietxeraturik, eta 130 paziente larri dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Martxoaren 8tik erregistratu den daturik makurrena da hori. Halaber, osasun agintariek jakinarazi dutenez, atzo 65 pertsona ospitaleratu zituzten Hegoaldean gaitzarengatik. Azken hamalau eguneko datuei so, egunean 58 lagun erietxeratu dituzte batez beste. Martxoaren 21etik aitzina, batezbestekoak etengabe egin du gora; egun hartan 38 izan zen.

Kezka eta itxaropena

Datu horien argitara, kezka azaldu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik: «Joera goranzkoa da orain ere. Igoera hori aurreko igoerak baino motelagoa bada ere, egoera kezkagarria da». Batez ere ospitaleen gaineko presioagatik da kezkagarria egoera, Sagarduik azpimarratu zuenez. Izan ere, oraindik erantzuteko moduan bada ere, sistema «tentsionatzen» ari dela esan zuen.

Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko buru Carlos Artundok ere ezinegona azaldu zuen ospitaleratzeen hazkundeagatik, baina kutsatzeen abiadura murriztu dela esan zuen: «Laugarren olatua ez da aurrekoak bezain altua izanen, eta lehenago gaindituko dugu». Baikor izateko motiboen artean aipatu zuen txertaketa kanpainaren «bizkortzea», eta horrek hilgarritasun tasan duen eragina: «Hildakoen kopurua nabarmen murriztu da azken hilabetean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.