Loza: «Etxerat-ena positiboa da, baina urrats oso txikia»

Jesus Lozak eskatu du German Urizar preso ohiaren harrera ekitaldia ikertzeko. Urkulluk dio Etxerat-ena «pauso bat gehiago» dela

Erredakzioa -

2019ko martxoak 5
Azken egunotan, hainbat eragile eta norbanakok iritzia eman dute joan den ostiralean Etxerat-ek egindako adierazpenen inguruan. Besteak beste, Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak esan du adierazpena «positiboa» izan arren pauso «oso txikia» dela. Ostiralean egin zuen agerraldia Etxerat-ek, eta bertan biktima denekiko «begirunea eta enpatia» agertu zituen. Ordea, Lozak eskatu du German Urizar preso ohiari egindako harrera salatzeko, «enpatia» erakutsi nahi badu, eta ohartarazi du «urrezko aukera» dutela horretarako.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, balioa eman dio adierazpenari. Uste du «igaro behar den bidean pauso bat gehiago» dela. «Enpatia eta giza gertutasunerako borondatea adierazten ditu». Edonola ere, zehaztu du iritzi hori berea dela eta ez duela ordezkatzen Jaurlaritzaren ikuspuntua. Izan ere, Jaurlaritza babesten duten bi alderdiek EAJk eta PSEk ez dute gaiaz hitz egin oraindik.

Lehendakariak oroitarazi du Etxerat-en dokumentua 2012an ezker abertzaleak Donostiako Kursaalean egindako ekitaldi bateko adierazpenen oso antzekoa dela, baina zehaztu du Etxerat «asistentzia eta babes erakunde» bat dela, eta ez duela erantzukizun politikorik edo instituzionalik.

Bestela uste du Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Urratsa txikia dela adierazi du: «Oharrean preso politikoez, gatazkaz eta abarrez hitz egiten jarraitzen dute». Gainera, Lozak mintzagai izan du German Urizar euskal presoak joan den igandean jasotako harrera: ekitaldia gaitzesteko eskatu dio Etxerat-i, eta baliatzeko aukera hori «enpatia» adierazteko.

Covitek Espainiako Auzitegi Nazionalean salatu du harrera hori, eta Lozak ere estatuko abokatuari eskatu dio azter dezala ekitaldi hori auzitara eramateko aukera.

AEMren kritikak

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak bestelako kritikak egin dizkio Etxerat-i. «Preso politikoen» senideei «zor» dieten «errespetuagatik», ezin dute «inola ere onartu inork ezeren ardura politikoa haien gainean jartzea politikakeriaren jokoan etekin alderdikoiak lortzeko helburuz». Zehazki, AEMk Etxerat-i ohartarazi dio «ETAk eragindako mina areagotzea senideei leporatuta, ontzat» eman duela: «Etsaiek senideei urtetan leporatutako gauza berbera, eta, bakean eta bizikidetzan laguntzetik urrun, zapalkuntza betikotzen jarraitzeko baliagarria izan daitekeen adierazpen bat argitaratu du».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna