Koronabirusa

Bakartzearen ondorioak

Zaharren egoitzetan, koronabirusaren aurkako neurriek zorrotz jarraitzen dute. Birusaren kontra babestea da helburua, baina senideek salatu dute arazo ugari sortzen ari direla neurrien ondorioz.

Egoiliarren senideek Gasteizen antolatutako elkarretaratzea, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Egoera hau etsigarria da. Zer egin dute gure zaharrek horrela tratatu ditzaten?». Etsita mintzatu da Maite Ramos. Zahar etxe bateko egoiliar baten senidea da. Eta ez da bakarra. Bero itogarria egiten du Gasteizen, baina, 12:00etan, Probintzia plaza hartu dute, Ramosek bezala, senitarteko gehiagok. Egoera beltza izan arren, koloretako kartoi meheak dituzte esku artean: Gure adinekoen bakartzeari eta haren ondorioei ez, Mugitzeko askatasuna gure zaharrentzat, edo Bakartzea, hiltzeko beste modu bat irakur daiteke afixetan.

Izan ere, uztailean, pandemia baretzen hasi zela ematen zuenean, baimena izan zuten senideek adinekoak kanpora ateratzeko. Oasi txiki bat baino ez zen izan, ordea, astebeteren buruan berriro debekatu baitzituzten irteerak. Azken asteotan, halere, egoera nabarmen okertu da. Bizkaiko zahar etxeetan, batez ere, gogor jo du berriro koronabirusak. Zamudioko zahar etxean izan zen lehenengo agerraldia, iragan astean, eta ondoren etorri ziren Bilboko eta Barakaldoko egoitzetakoak. Denera, 113 positibo izan dira Bizkaiko egoitzetan; 55 egoiliarrak dira, eta 57, langileak. Arabako zahar etxeetan ere lehenengo agerraldia izan da aste honetan. Foru Aldundia hilaren hasieran hasi zen PCR probak egiten herrialdeko egoitzetan, eta Murgiko zentro batean hemeretzi positibo detektatu dituzte: hemezortzi egoiliar eta langile bat.

Egoera zaila den arren, egoiliarren senitartekoek azpimarratu dute adinekoek bisita duinak jasotzeko eta kalera ateratzeko izugarrizko beharra daukatela. «Astean ordu batez ikus ditzakegu soilik, eta, noski, ezin daitezke kalera atera. Bisitan joatean, esaten dizuten lehenengo gauza da: 'Goazen kalera, kalera joan nahi dut!'», azaldu du Ramosek. Ama dauka zaharren egoitzan, eta neurriak gogorregiak direla salatu du: «Konfinamenduan jaio zen birbiloba ere ezin izan du ezagutu, pentsa!». Ramosekin bat dator Txaro Martinez ere. Azken hori ere elkarretaratzean izan da, eta, salatu duenez, egoiliarrei «izugarrizko mina» egiten ari dira neurriok. «Pairatu duten hondatze fisiko eta kognitiboa lotsagarria da». Babestu egoiliarren senitartekoen elkarteak adinekoentzat bizi baldintza duinak eta bisita gehiago eskatu dizkio aste honetan Arabako Gizarte Ekintzarako diputatuari. Hari idatzitako gutun batean, Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkarteak abuztuaren 12an atera zuen txostenean esandakoa azaldu du: zahar etxeetako pazienteek jasan duten mugikortasunaren eta kontaktu sozialaren murrizketa nabarmenak ondorio larriak izan ditzakeela adinekoengan. Horrez gain, neurri horiek sindrome geriatrikoak ekar ditzaketela, baita «bizitzari zentzua ematen dioten motibazioak» galtzea ere, besteak beste.

Neurriak, neurrian

Senideek azaldu dute ohartzen direla neurriak hartu beharraz, baina, aldi berean, esan dute inor ibiltzen ez den orduetan adinekoak parkera ateratzeak kalterik ez dakarrela. Konfinamenduan beste mota bateko neurriak ere hartu ziren pazienteek senideekin harremana mantendu zezaten, baina Ramosek dio neurri horiek ez direla baliagarriak guztientzat: «Bideo deien kontua saldu ziguten, baina nire amaren eta beste askoren kasuan, ez dute ikusten, entzun ere gutxi, eta burua galduta daukate. Bideo dei bat tortura bat da».

Martinezek, berriz, neurrien koherentzia falta salatu du: «Ni taberna batean banago eta kasu bat badago, hurrengo egunean PCR proba egingo didate, baina zahar etxeetan ez. Hori ez da babestea». Senideek egoera salatzeko elkarte bat martxan jartzeko asmoa daukate. «Entzun gaitzatela, horixe eskatzen dugu», gehitu du Ramosek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.