Koronabirusa

Gazteak ez txertatzeko eskatu dute Donostian

Haurrak eta gazteak «ez ukitzeko» aldarrikatu dute manifestazio batean. Baionan jendetza batu da karrikan, txertaketa derrigortzearen aurka

Saguesen abiatu zen manifestazioa, Bulebarrerantz. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
«Ume eta gazteengan medikamentu genetiko esperimentala inokulatzeari ezetz» esan zioten Donostian atzo, manifestazio jendetsu batean. Bizitza plataformak deitu zuen protestara, Osasunaren eta askatasunaren alde lelopean. Eguerdirako ehunka pertsona batu ziren Donostiako Sagues plazan, eta handik abiatu ziren manifestazioan, Bulebarrera. «Haurrak ez dira ukitzen» eta «osasuna eta askatasuna» izan ziren oihu nagusiak; «birusa beldurra da», «eztabaida nahi dugu», «ez dugu beldurrik» eta «telebista manipulatzailea» oihuen artean, gaztelaniaz. Ehunka lagunek egin zuten Bulebarrerako bidea elkarrekin, maskararik gabe gehien-gehienak.

Bizitza plataformak esan duenez, «Europako eta [Amerikako] Estatu Batuetako medikamentuen agentzien arabera, orain arte 30.000 bat lagun hil dira sasitxerto hauengatik; Europan 18.928lagun, eta Estatu Batuetan 10.991 lagun»; 500.000 pertsona betiko kalteekin geratuko direla erantsi dute. Bizitza plataformakoek esaten dutenez, txertoak ez ditu pertsona nagusiak immunizatzen, eta, beraz, gazteei ez emateko eskatu dute: «Jende nagusia kutsatu ahal dutela aitzakia gisa jartzea gezur handi bat da».

Saguesen, lehenik harrera egin zioten azken asteetan Hitza plazaz plaza lelopean 42 herritan ibili den autokarabanari.

Gasteizen hasi zuten ibilbidea, maiatzaren 15ean, eta, herriz herriko ibilaldiaren ondoren, amaitutzat eman dute. Eta aurrerantzean protestetan parte hartzera deitu dute.

Baionan ere protesta

Bestetik, Baionan ere manifestazio jendetsua egin zuten atzo, txertaketa derrigortzearen eta COVID-19aren osasun agiriaren kontra. «Askatasuna» oihuka aritu ziren bidearen zati luze batean, eta «osasun diktadura» gaitzetsi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.