Haurren kontrako sexu abusuak. Eliza katolikoa

«Ez nekien sexua ote zen, baina bai ez zela normala»

Jose Antonio Perez. Irakasle zuen abade baten abusuak sufritu zituen Perezek 10 urterekin. Etxean inoiz ez zuen ezer kontatu, ez zuelako berbarik gertatzen zitzaiona adierazteko.

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko otsailak 24
Ez du gogoan nola hasi zen. Baina bai noraino iritsi zen. «Gela ilun batean sartzen ninduen, etzan egiten ninduen, frakak jaitsi eta nire izter artean masturbatzen zen. Ez musurik, ez besarkadarik». Hala azaldu ditu Jose Antonio Perezek Jose Miguel San Martin Don Chemik Deustuko Salestarrak ikastetxean egin zizkion abusuak. 10 urte zituen. «Ez nekien hura sexua ote zen. Baina banekien ez zela normala».

Gogoan du ikasle batzuekin oso oldarkorra zela. Beste batzuekin, «samur» jokatzen zuen: «Berezi sentiarazten zintuen. Berarekin gustura senti zintezen saiatzen zen». Halere, hurrengo urtean berataz ahaztu zen. «Oker ez banago, agurtu ere ez ninduen egiten».

Abusuak sufritzen zituzten ikasleek bazekiten ez zirela bakarrak. Eta uste du ikastetxeko gainontzeko irakasleek ere jakin behar zutela. «Nabarmena zen. Zinean beti zuen umeren bat altzoan. Eta bulegora ere eramaten zituen». Garai hartan, «eskola guztietako irakasleak oldarkorrak» zirela uste du, baina San Miguelena «apartekoa» zela. Dena den, salestarren ikastetxean ez zen bakarra: «Don Pablo bati buruz ere egiten zen berba patioan. Eta bazegoen aldageletara sartzen zen irakasle bat, besterik gabe, umeak biluzik ikustera».

San Miguel eskolara iritsi zenean, Perezen anaia nagusiaren irakasle izan zen. Belaunaldi hartakoak «Chemi, marikoia» esaten entzun zituen sarritan. «Anaiak kontatu dit kanpaldietan ume denak zeuden dendara sartzen zela, baina elkar defendatzen zutela. Gero, taktika hobetu zuen, eta gu banatu egiten gintuen».

Etxean ez zuen ezer kontatu. Inork ulertu ez arren, 15 urterekin adierazi zuen zerbait gertatzen zitzaiola. «Bost urte gazteagoa da anaia txikia. Seminarioan sartuko zela esan zigun. Uste nuen bera ere horrela tratatuko zutela, eta ezin nuen onartu. Ernegatzen jarri nintzen. Gurasoekin eta anaiarekin eztabaidak nituen, baina ez nuen esaten zergatik. Ez nekien hitzez adierazten». Anaia seminariora joan zen; handik bost urtera, utzi egin zuen. «Orain hartaz hitz egin dugu, eta adiskidetu gara. Bera oso fededuna da, eta ni fedegabea, baina oso ondo moldatzen gara. Pertsona zoragarria da».

Salatzeko beharra

Duela 12 urte abusatzailea salatu zuen, nahiz eta jakin delitua preskribatuta zegoela. Behar hori sentitu zuen. Kanpoan bizi izan zen. Ume biren aita zela itzuli zen Bilbora. «Aitatasuna puri-purian nuen. Ikastetxe paretik igarotzen nintzen ia egunero, eta pentsatzen nuen argitara atera behar nuela, berriro gerta ez dadin».

Aurten, El País egunkarian kontatu du haren kasua. Horren atzetik etorri dira azken asteetako salaketak. On egin dio hori ikusteak, baina, era berean, «kezkaz» bizi du: «Salatu egin behar da, noski; baina aspaldiko gertaera bat da, eta ez da erabili behar oraingo ikastetxekoen aurka joateko. Familiakoak eta lagunak ditut han. Ez nuke nahi haiei inork min ematerik. Salestarretan eta Elizan jende zoragarria dago».

Pederastak «gaixo» daudela uste du. «Erakutsi egin behar zaie ume biluzien argazkiak ikusten badituzte arazo bat dutela. Eta, ez bada lortzen, umeengandik aparte jarri». Elizari eta umeekin lan egiten duten bestelako elkarteei eskaera argia egin die: «Ez ezkutatu gehiago. Zerbait arraroa ikusten baduzue, salatu azkar».

ISLARIK GABEKO INDARKERIA

«Abusua ahaztua dute biktimen erdiek, baina ondorioak dituzte»

Sinesgarritasuna irabazten

«Sendabide» baten bila

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna