Euskal Elkargoaren parte bilakatu da ofizialki Garapen Kontseilua

Estatutuak aldatu eta bere barne egitura berritu du Garapen Kontseiluak uda honetan. Lehen txostena aurkeztu dio elkargoari
Atzo arratseko agerraldia, Euskal Elkargoaren egoitzan.
Atzo arratseko agerraldia, Euskal Elkargoaren egoitzan. BERRIA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko urriak 25
Euskal Elkargoak badu bere garapen kontseilua. Jadanik erabakitakoa ofizializatu zuten atzo arratsean, Baionan egin zuten agerraldian. Notre legearen arabera, 20.000 herritar baino gehiagoko elkargo orok garapen kontseilu bat behar du, eta Euskal Herriko Garapen Kontseiluak izanen du rol hori Euskal Elkargoan. Elkarte izaera atxikiko du, eta Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren ordezkaritza funtzioa beteko du, instituzioak eginen dituen politika publikoak «argitzeko» helburuarekin.

Urtarrilean Euskal Elkargoak erabakia hartu zuenetik, estatutuak aldatu eta egitura zabaldu eta berritu du EHGK-k. 311 kide izanen ditu biltzar nagusi berriak —%75 berriak, 222 eragileen ordezkariak eta 89 herritarrak—, eta horiek erabaki dute gehiengoan emazteek osatutako 64 kideko zuzendaritza kontseilu berria. Caroline Phillipsek egiturako presidentea izaten segituko du, eta 11 pertsonako bulego parekidea izanen du bere inguruan.

Bere lehen ekarpena ere egin du zuzendaritza kontseiluak, Euskal Elkargoaren lurralde proiektuan sartuko dutena. Zein Euskal Herri bihar, Euskal Elkargoarekin? izenburupean, lurraldearen diagnostikoa egin, eta norabideak proposatzen ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna