DUINTASUNEZ, INJUSTIZIARI AURRE

Milaka lagun elkartu ziren atzo Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean, Altsasuko gazteak aske uztea eskatzeko eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren «bidegabekeria» salatzeko. Goizean, dozenaka lagunek bizikleta martxa egin zuten Nafarroako herri horretatik Iruñeraino.

Plaza, gainezka. Milaka lagun elkartu ziren atzo Nafarroako Justizia Auzitegian, Altsasuko gazteen alde. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Sufrimenduaren aurrean, duintasuna; bidegabekeriaren aurrean, justizia. Hori aldarrikatu zuten atzo milaka lagunek Iruñean, Altsasuko gazteen aldeko elkarretaratzean. Urriaren 9an, Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteen aurkako epaia kaleratu zuen, eta hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko zigorrak ezarri zizkien espetxean diren zazpi mutilei. Epai horren «bidegabekeria» salatzeko, dozenaka lagun bizikletan joan ziren atzo Altsasutik Iruñera, Duintasunaren Martxan, eta, ondoren, Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean protesta egin zuten beste askorekin batera. Auzia auzitegi horretan epaitu behar izan zuela salatu zuten, eta ez Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta «justizia eta demokrazia» eskatu zituzten.

Euskal Herriko bazter guztietako eta Espainiako zenbait tokitako lagunak batu ziren protestara, eta batzuek ez zuten lortu elkarretaratzera iristea. Hainbat talde politikok, gizarte eragilek eta sindikatuk ere bat egin zuten deialdiarekin. Nafarroako parlamentuko Geroa Baiko, EH Bilduko, Ezkerrako eta Ahal Dugu-ko legebiltzarkideek antzeko adierazpenak egin zituzten: guztiek «proportzionaltasunik eza» salatu eta «justizia» eskatu zuten. Antolatzaileek jakinarazi zutenez, 52.000 lagun inguru bildu ziren mobilizazioan. Eskertu zuten erantzuna: «Beste behin, gure aurreikuspenak gainditu dituzue».

Goizean goiz, Altsasutik Iruñerako bidea hartu zuten hainbat lagunek, bizikleta gainean. Zortzi herritan egin zituzten geldialdiak —Altsasun, Urdiainen, Bakaikun, Etxarri Aranatzen, Lakuntzan, Uharte Arakilen, Hiriberrin, Irurtzunen eta Berriozarren—, eta horietako bakoitzean zigortutako zortzi gazteetako bakoitzaren izena eta irudia zuen kartel bat hartu zuten, Iruñera eramateko.

Eguerdian, Berriozarren gelditu zen martxa. Han, Raul Maiza alkateak agurtu zituen: «Zuekin gaude; zuen borroka gurea da». Ondoren, boluntarioek prestatutako janaria bazkaldu zuten, eta Iruñerantz abiatu ziren.

Adur Ramirez de Aldaren guraso Bel Pozuetak eta Antxon Ramirez de Aldak ere parte hartu zuten martxan, eta esan zuten ez dutela ohiturarik bizikletan ibiltzeko, baina «jendearen babesari esker» Iruñeraino heldu zirela: «Metaforikoki, egunerokoan gertatzen zaiguna bezalakoa da: jendearen babesak eramaten gaitu aurrera». Atzoko eguna «egutegian markatua» zutela ere nabarmendu zuten; izan ere, atzo hiru urte bete ziren erabaki zutenetik auzia Auzitegi Nazionalak ikertuko zuela, Carmen Lamela magistratuak terrorismo zantzuak ikusten baitzizkien gertaerei. Egun horretan bertan, gainera, gazteetako seik Iruñeko epaitegira jo zuten, Maria Paz Benito magistratuak haien deklarazioak har zitzan, baina epailea ez zegoen bertan.

«Kalean jarraituko dugu»

Herritarrek txalo eta oihu artean hartu zituzten Altsasutik bizikletan joandakoak, Antoniutti parkean, eta handik Nafarroako Justizia Jauregirantz abiatu ziren. Seme-alaben aurpegien kartel handiak eskuetan hartuta, gazteen gurasoak joan ziren martxaren buruan, eta, haien atzetik, aurreko manifestazioetan erabilitako lau pankarta zeramatzaten hainbat gazte. «Altsasukoak askatu», «hau ez da justizia» eta «justizia nahi dugu» oihukatuz egin zuten bidea. Azkar bete zen plaza, eta txiki geratu zen.

Hunkituta mintzatu ziren Altsasukoak Aske plataformako kideak eta gazteen gurasoak elkarretaratzearen amaierako hitzartzean: «Ez dakizue nola ikusten den lautada hau hemendik», adierazi zuen Antxon Ramirez de Aldak. Auzitegi Gorenaren epaia «betiko mugarri bat» izan dela nabarmendu zuen: «Epai krudel eta neurrigabe honen ondorioz, gure seme-alaben bizitza betirako markatuta geratuko da». Baina, halaber, «injustiziaz eta sufrimenduz betetako» azken hiru urteetan jasotako babesa eskertu zuen: «Zorte handia izan dugu bide honetan zuek aurkitzeagatik; ez gara inoiz bakarrik sentitu». Borrokan segituko dutela berretsi zuen: «Demokrazia eta justizia ez ditugun bitartean, kalean jarraituko dugu».

Mezua Bartzelonara

Altsasukoak Aske plataformaren izenean, Aritz Leoz eta Idoia Goikoetxea «epaiekiko errespetuarengatik men egiten duten» talde politikoei, terrorismoaren kontakizuna «sortu» duten hedabideei eta azpijokoa «prestatu» dutenei zuzendu zitzaizkien. Lehenengoei esan zieten «injustizia beti dela bidegabekeria»; bigarrenei, ez direla «haien gezurren konplize» izango; eta hirugarrenei, ez dituztela isilaraziko. Halaber, «besarkada bero bat» bidali zieten Bartzelonan protesta egiten ari zirenei: «Ondo dakigu zein egoera latza ari zareten pairatzen zuek ere; zuekin gaude».

Ekitaldiaren hasieran, oholtza gainean ikusgai jarri zituzten bizikleta martxan herriz herri bildutako zortzi kartelak;, gero, banaka-banaka kenduz joan ziren, eta justizia hitzaren hizkietako bakoitza agertuz joan zen, bertan zirenen txaloen artean. Musika ere izan zen ekitaldian: Gorka Urbizu eta Nerea Urbizu musikariek Min hau kantua abestu zuten.

[youtube]https://youtu.be/asj_y8htHCE[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.