Txile, eztanda sozialetik bi urtera

Bihar beteko dira bi urte Piñeraren gobernuaren politika sozial eta ekonomikoen aurkako protestak hasi zirenetik. Orduko aldarriek bere hartan segitzen dute. Azaroaren 21ean hauteskundeak dituzte

Herritar batzuk danbor batzuk jotzen, herenegun, Santiagon Txileko Gobernuaren aurka egindako protestan. ALBERTO VALDES / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Txilek borborka jarraitzen du herrialdean azkeneko eztanda sozial handia gertatu zenetik bihar bi urte beteko direnean. Herritarrak samaldaka atera ziren kalera Sebastian Piñera presidentea buru duen gobernuaren politika sozial eta ekonomikoen aurka protesta egiteko, eta polizia indarrek errepresioarekin erantzun zuten. Herenegun askoz ere gutxiago izan ziren 2019ko mobilizazioen erdigune izandako Santiago hiriburuko Italia Plazan bildu zirenak—Duintasun plaza deitzen diote orain, sinbolikoki—, baina duela bi urteko urriaren 18ko aldarrikapen berak izan zituzten ahotan: kalitatezko eta doako hezkuntza zein osasungintza, eta pentsio sistemaren egiturazko aldaketa bat, besteak beste. Eskatu zuten, gainera, aske utz ditzatela orain bi urteko urri amaierako mobilizazioetan atxilotutakoak. Aldarri guztien gainetik, oihu bat: «Piñera dimititu!». Biharko ere manifestazioetara deitu dute herrialde osoan.

2010 eta 2014 artean ere presidente izandakoak baditu, bai, inguratuta sentitzeko arrazoiak. Munduko ehunka dirudunen zerga iruzurrak azaleratu dituen Pandoraren paperak kazetaritza ikerketan azaldu zen Piñerarenizena hilaren hasieran, eta dokumentu horiek jasotzen dutenarengatik herrialdeko presidentearen aurkako ikerketa bat hasi du Txileko Fiskaltza Nagusiak. Urriaren 8an jakinarazi zuen hori Jorge Abbot fiskalak, eta, egun batzuk geroago, urriaren 13an, oposizioko alderdi guztietako diputatu multzo batek zentsura mozio bat aurkeztu zuen kongresuan, eskatuz has dadila Piñeraren kontrako impeachment bat. Hori da presidentea kargugabetzen edo bestela inhabilitatzen ahalegintzeko eman beharreko lehendabiziko pausoa. Hurrengoa azaroko aurreneko astean ematekoak dira DiputatuenGanberan. Mozioa bozkatuko dute —oposizioak gehiengoa du behe ganberan—, eta, gehiengo absolutua lortuz gero, Senatura eramango dute. Goi ganberan senatarien bi herenen babesa beharko luke aurrera egiteko.

Aldi berean, duela bi urteko mobilizazioetan Poliziak izandako jarrera bortitzari buruzko ikerketa bat kaleratu berri du Txileko Amnesty Internationalek. Fiskaltzaren eta Giza Eskubideen Institutu Nazionalaren datuetan oinarrituta jakinarazi du 8.000 pertsona baino gehiago izan zirela estatuaren biolentziaren biktima. Ofizialki, 34 lagun hil ziren protesta haietan.

Botoa, polarizatu samar

Oposizioak epeak bete nahi ditu, kontuan hartuta datorren azaroaren 21ean hauteskunde orokorrak egitekoak direla Txilen. Dirudienez, botoa polarizatu samar dago. Orain arteko inkesta gehienek Gabriel Boric ezkerreko fronte zabalaren Apruebo Dignidad koalizioko hautagaia ematen dute faboritotzat, baina, Cadem etxeak aste honetan egindako inkestaren arabera, eskuin muturreko Alderdi Errepublikanoaren buru Jose Antonio Kast gero eta gehiago hurbiltzen ari zaio: botoen %21 Boricek eta %18 Kastek. Piñerak uko egin dio aurkezteari, eta Goazen Txileren hautagai Sebastian Sichel laugarrena da oraingoz (%11), Yasna Provoste zentrokoaren atzetik (%13). Lehen itzulian boto gehien lortzen dituzten bi hautagaitzak abenduaren 19an egitekoa den bigarren itzulira igaroko dira.

Ondo bidean, 2022ko martxoan hartuko du kargua Moneda jauregiko hurrengo maizterrak, eta ordurako bideratua egon beharko luke herrialdeko konstituzio berria idazteko prozesuak. Augusto Pinocheten diktadura garaikoa da (1973-1990) oraindik ere indarrean dagoena, eta, 2019ko urrian, azken 30 urteotan herrialdean egindako protesta esanguratsuenetan, hura aldatzeko exijitu zuten herritarrek. Gobernuak, nolabait, amore eman zuen, eta azaro erdialdean onartu, oposizioarekin adostuta, konstituzio berri bat ontzeko bidea hastea. 2020ko urriaren 25ean egindako plebiszituan estatuarentzako beste esparrujuridiko bat sortzearen alde egin zuten herritarrek, %78ko babesarekin.

Konstituzio berria idazten ari diren 155 hautetsiak joan den maiatzean aukeratu zituen, eta horien artean daude komunistak, militarren ondorengoak, feministak, baita maputxeak ere. Eta Piñerak militarrak bidali zituen, lehengo astean, maputxeen lurraldera. Argudiatuta «terrorismoa, narkotrafikoa eta krimen antolatua borrokatzeko» hartu duela erabakia, Bio-Bio, Arauco, Malleco eta Cuatin probintzietan salbuespen egoera ezarri du. Maputxeen buruak kexu agertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.