KRITIKA. Musika

Mahlerren kontraesanak ote?

2017ko otsailaren 22a
00:00
Entzun

Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Eliahu Inbal. Egitaraua: Gustaf Mahlerren 7. Sinfonia.Non: Euskalduna jauregian.Noiz: Otsailaren 16an.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak aurrera egin du onegitearen bidean Gustaf Mahlerren 7. Sinfonia erraldoia lehenengoz jotzean; hori bai, Eliahu Inbal zuzendari aditu eta bikainaren eskuetan. Eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula orain arteko Mahlerren sinfoniarik ilunena hartu eta modu ohoretsuan ateratzea, zalantzarik gabe. Izan ere, sinfonia horren lehenengo aztarna konpositore beraren azalpenetan dago, hots: «Nire sinfoniek sakontasunez lantzen dute nire bizitzaren edukia». Eta haren arkitekturaren gainean, bigarrena: «Hiru gau piezak erdian, egun handia Finalean eta oinarri moduan 1.go mugimendua». Egileak sinfoniaren bost zatiak aipatzen zituen, beraz. Bere musikak zuzen islatzen ditu barneko kontraesanak, pertsonalak eta kulturalak, hainbat musika zati kontrajarriz eta, horretan, zazpigarrena da txapeldun. Ez du tonalidadea hautsiko orokorrean, baina laugarren mailako akordeak eta modulazio garratzak erabiltzen dituenean, kolokan jarriko du orain arteko sistema. Ematen du Erromantizismoa hil zorian dela eta, era berean, modernitatearen atarian gaudela. Hori berori entzungo da hasierako mugimenduan. Gure orkestrari gehien kostatu zitzaion mugimendu izan zen, naiz eta zuzendariaren keinuak argiak izan. Egia da oso konplexua dela, baina denbora-pasa batzuk, 1.go arrabietako muturreko agudoetan edo metalezko batean ez ziren oso lerdenak izan; hurrengorako zuzentzeko gaiak izango dira, kontzertuen hasieretan batez ere. Aldiz, hortik aurrera, gustatu zaigu zuzendari eta orkestraren artean sortutako elkar-lotura, esaterako, bigarrenean, Nachtmusik I, lied-en. Bertan aipagarriak izan dira tronpen deiak, klarineteen fanfarriak, flauten txorrotxioak, harizkoen pizzicatiak eta perkusiozkoen ziriak. Gero, tronpek tonu iluna sortuz, doinu lirikoa txeloen sokatara igaro da, arima egoera anitzak pasatu eta gero. Erdiko mugimenduan edo Scherzoan, konpositoreak areagotu egin ditu disonantziak, baltsa apurtuaren itxura hartuta, geroago, gure Ravelek La Valse-n erabili zuen horietakoa. Kasu honetan, musika herrikoia eta musika landua kontrajarriz. Laugarren mugimendua bigarren Nachtmusik da eta gitarra eta mandolina entzun dezaten mugimendu suabea da. Batzuetan ilun, beste batzuetan sentimenduzkoak, baina beti zatikiak kontrajarriz. Bosgarrenmugimendua Rondo-Finale konplexuena da. Dinamika, kolore eta kontrapuntu disonantearen mosaikoa da eta buruhaustea musikarientzat. Baina gure kasuan, musikari eta zuzendariaren arteko armonia berreskuratuta zegoen aspalditik eta joaldi erakargarria biribildu zuten. EliahuInbal zuzendaria maisu aditua da Mahlerren musikan eta ondo baino hobeto daki musika horri ñabardurak nola atera. Haren zuzendaritza adierazgarria eta zehatza da eta gozamena da bera ikustea. Entzuleei adore eman die eta hiru txalo zaparrada jaso zituen: bi eginiko interpretazioagatik, eta bestea, berriz, bere urtebetetzea zelako. Publiko eta orkestraren «zorionak zuri» abestean bukatu zen, nire ustez, denboraldiko kontzerturik dirdiratsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.