KRITIKA. Dantza

Inozentziara itzuli

Agus Perez -

2018ko abuztuak 3

'Noe'

Konpainia: Malandain Ballet Biarritz. Koreografia: Thierry Malandain. Musika: Gioachino Rossini. Dekoratuak eta jantziak: Jorge Gallardo. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Uztailak 31.

Egun ezin aproposagoa aukeratu dut Miarritzeko Balletaren Noe ikuskizunera joateko. Marka da, gero, aspaldi estreinatu zelako Donostian, baina egunotan hiri berean berriz programatu izanak aukera eman dit Thierry Malandainen azken lana ezagutzeko. Gainera, eguraldi ilun eta ugerrak Noeren arka mitikoan sartzeko gogoa eman dio jende askori, antzoki beteak erakutsi digun bezala.

Urdin koloreko behegaina izan da dekorazioaren elementu nagusia, eta konpainiako hogeita piku dantzariak lehen unetik azkenera arte egon dira taula gainean kuakeroen estiloan jantzita, hau da, XIX. mendeko europar nekazarien antzera. Hasierako pasarteetan bi gizonen arteko borroka irudikatu da, betiere dantzaren ikuspegitik, hirugarren bat auzitik kanpo geratzen zelarik, eta beranduago jakin dugu Abel eta Kain zirela liskarzale haiek, eta Set zela hirugarrena. Adam eta Evaren hirugarren semea omen. Ordea, inork ez digu argitu nola sortu ginen gu guztiok Ahalguztidunak beste emakumerik kreatu ezean.

Hortik aurrera, lurralde abstraktuagoetan murgildu da koreografoa, eta gogokoak dituen mugimendu-segida koralak behin eta berriro baliatu ditu, solisten lana konpainia osoaren jardunean diluituz eta, abstrakzioaren izenean, denbora irabazten egongo balitz bezala. Bide horretatik, inora ez zihoazen eboluzio koreografiko ugari etorri dira Rossiniren Messa di Gloria-ren konpasek gidatuta, eta Gloria in excelsis-ekin batera nolabaiteko konplexutasuna hartu du talde-koreografiak. Gainontzean, Duatoren estiloko emakume-hanka izoztuak eta musikaren inflexioei lotutako eboluzioak izan dira nagusi. Bide batez esanda, nora joan zen espainiar gauche divine-ak dantzarako hain funtsezkotzat jotzen zuen Nacho Duato jainkotu hura? Nola bizi gaitezke haren sormen ustez paregaberik gabe?

Buelta gaitezen, ordea, Noeren arkara: une batetik aurrera, groteskoagoak izan dira jarrera batzuk, baina dantza beti urrundu da edozein animalia era figuratiboan irudikatzetik, eta Agnus Dei-ko Miserere nobis-ekin batera Eva eta Adamen figurak etorri dira, emanaldi osoko emozio txinparta bakarrean. Munduko lehen bikoteari Noe eta Emzara gehitu zaizkio, eta gero konpainia osoa, handik bikotekako birtuosismo klasiko erakustaldia egiteko. Amaiera aldera, dantzari guztiek hartu dute Adam eta Evaren itxura, haragi koloreko maillotak jantzita, eta horrela irudikatu da hasierako inozentziara itzultzeko ametsa, Noeren semeen arteko liskarrekin berriz ere apurtu zena, koreografoak azken unean erakutsi digun bezala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna