Beethovenekin hasiko da Bilboko orkestraren denboraldi berria, urrian

Beethovenen sei kontzertuko zikloaz gain, Piazzollaren mendeurrena oroitu eta Mozart, Brahms, Dvorak eta gehiago eskainiko ditu BOSek

Erredakzioa
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Erik Nielsen Bilboko Orkestra Sinfoniko zuzendari titularraren arabera, musikagileak zuhaitzak balira, sekuoia baten modura agertuko litzateke Beethoven musika basoaren erdian: iraunkor, sendo eta paregabe. 2020. urteak bizitzaren, heriotzaren eta gaixotasunaren gaineko funtsezko auziak azalarazi dituela eta, Beethoven aukeratzea erabaki dute orkestrako kideek, eta hura izango da 2020-2021eko denboraldiaren lehen herenaren protagonista. Sei kontzertuko ziklo baten bidez, haren 1., 4., 6. eta 8. sinfoniak biolinerako kontzertua, Enperadorea pianorako 5. kontzertua eta Biolinerako erromantza eta Piano, koru eta okrestrarako fantasia eskainiko dituzte; azken hori Gabon garaian.

Astor Piazzollaren jaiotzaren mendeurrena ere ospatuko du orkestrak. Claudio Constantini bandoneoi jotzailea izango da haiekin, baita Copland, Villa-Lobos eta Gabriela Lena Frank ere.

Inauteri sasoirako, egitarau dibertigarri eta koloretsuena prestatuko dute. Jose Manuel Zapatak aurkezturik, musika klasikoko klixe errotuenak eramango dituzte agertokira, Danny Kaye antzezle eta musikariak 1981ean New Yorkeko filarmonikoaren aurrean eskainitako ikuskizunean oinarrituta.

Denboraldiak hartuko dituen zuzendarien zerrendan daude Giancarlo Guerrero, Pablo Gonzalez, Lars Vogt, Johannes Debus eta Joann Falletta. Bakarlari nabarmenen artean, Garrick Ohlsson eta Javier Perianes.

Ziurgabetasuna dela eta

Hurrengo ikasturtean ziurgabetasun handia izango dela ikusita, egitaraua modu berezian antolatu du BOSek: orkestraren osaeramusikarien artean utzi beharreko distantziari buruzko arauetara egokitzeko aukera ematen duten obrak hautatu dituzte. Egoerak aukera emanez gero, handitu egingo dute taldea, Brahms, Dvorak edo Nielsen interpretatzeko.

Aforoa mugatua den artean, saio gehigarri bat antolatuko dute sarrera kopuru murriztua osatzeko; ostegun goizez eta denboraldiko lehen hiru egitarauetan. Beste kontzertu guztiak 19:30ean izango dira, Bilboko Euskalduna jauregian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.