HILBERRIA. Larry Cohen

B zinema beregaina egiten maisu

MANFRED WERNER

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko martxoak 26
B zinema. B-eregaina. B-aimenik gabeko filmaketekin New York erdian. B-eldurra. Eta zientzia-fikzioa. Gizarte arazoei buruzko gogoetak polizia ikerketa eta izuikara artean. Larry Cohen. New Yorken jaio zena, 1941ean, eta 1960ko urteetan telebistarako gidoigintzan —polizia eta detektibe generoan, batez ere— trebatu ostean zinemagile mitiko bihurtu zena. Urte eta erdian afro-amerikarrak protagonista zituen hiru film estreinatuta sartu zen zinema munduan: Bono (1972), Black Caesar eta Hell Up in Harlem (1973an). 1974an aurkeztu zuen kultuzko lehen lana: It's AliveIt's Alive II eta III ere egin zituen, lehendabizikoari segida emanez—, eta ondoren etorri ziren God Told Me To (1976), Full Moon High (1981), The Stuff (1985), A Return to Salem's Lot (1987) eta beste. «Zinema independentearen kondaira bat zen benetan», zioen larunbatean Edgar Wright idazle eta zinemagileak. Cohen, izan ere, noranahikoa zen: bere filmetarako gidoiak idazten, idatzitakoa filmatzen eta ekoizten zaildu zen. Ez zuen alferrik esan behin: «Filmak nire erara egitea besterik ez zait interesatzen». 1996koa du zuzendutako azken filma: Hot City. Baina ez zion sekula utzi besteren filmetarako gidoiak idazteari, eta eskola sortu zuen. Larunbatean hil zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna