Bertsolari Txapelketa Nagusia. ANALISIA

Giro hitsak uzkurtuta bezala

Gorka Azkarate.
2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Irungo aparraldiaren ostean pentsatzekoa zen euforiak behera egin zezakeela Maulen. Arratsalde ederra ez ezik egun ederra izatera deiturik zegoen, aspalditik gainera, Mauleko jardunaldia; eta hala izango zen askorentzat ziurrenik, baina oholtzara igo ziren bertsolariek egindako lanari erreparatuz gero, aurreikuspenak ez ziren bete. Distirarik gabeko saioa izan zen oro har, definitzen zaila. Baleko bertso asko, baina gogoratzeko bertsoaldi gutxi. Gutxiegi, txapelketa nagusiko finalerdi batez ari garela kontuan hartuz. Puntuetan ere behera egin zuen, baina epaimahaiaren erabakia jakin aurretik ere igartzen zen puntuaketa oso gora ez zela joango.

Eta ez zen bertsolarien ahalegin faltagatik izango, baina asmatzen ez denean jai dago. Publikoa ere besteetako berezko berotasunik gabe, piztu eta txaloka hasteko seinaleren baten bila. Eta 8ko txikiko ariketa amaitzean edo hor nonbait, gainera, eguraldiak nabarmen egin zuen okerrera kanpoan, eta Mauleko Ororena pilotalekuko sabaia hots ikaragarria ateratzen hasi zen, erauntsia tarteko. Elementu guztiak kontra. 8ko txikiko ariketa aipatzen hasita, ariketa hori egonik deitua, teorikoki behintzat, saioa piztera, gai trakets xamarrak begitandu zitzaizkigun bertsolarien luzimendurako. Zertzeladaren bat egon zen, bai, Gaztelumendi Benito Lertxundirekin tematu zenean, adibidez, baina saioak ez zuen eztanda egin. Eta halatsu segitu zuen, lerro zuzen bati jarraika bezala, amaieraraino.

Testuinguru horretan, ezin esan bertsolariek euren mailarik onena eman zutenik. Beñat Gaztelumendi izan zen saioko irabazlea, eta BECerako bidean den arren añorgarra, bera ezagututa ez zuen egindako lanak erabat asebeteko. Nerea Elustondorekin 6ko motzean ikusi genuen benetako Beñat horren islada. Eta kartzelan, noski. Julio Sotok ere lan polita osatu zuen 6ko motzean, eta baita kartzelakoan ere, Leitzako saioan erabili zuen doinu berriari bigarren aukera bat emanaz. Nerea Ibarzabal Zumaian baino zabarxeago ibili zen, eta ez orduan bezain ustekabeko eta jenial. Edozein kasutan, bere lehenengo txapelketa nagusia izanik, zer gehiago eska dakioke? Markinarrari ez dago bainarik jartzerik; Etxahun Lekue, ordea, koxka bat goraxeago arituko zela espero zen agian. Zuzen aritu zen, baina kolperik eman gabe. Kartzelako ederra osatu zuen, baina kosta egin zitzaion publikoarengana iristea zenbait unetan. Nerea Elustondo sailkapenean goraxeago espero genuen saioa amaitu ostean, saioko ofizio nabarmen batzuetan tartean izan zela kontuan harturik. Kartzelako ariketan kosta egin zitzaion kantuan hastea eta litekeena da epaileek hori zigortu izana. Beñat Iguaranek, azkenik, ez zuen bere egunik onena izan. Amaierako bere keinuek ere hala iradokitzen zuten, gehiagorako gai bada, zalantzarik gabe, amasarra. Deigarria ere bada, azken bi sailkatuek kartzelako gai ireki xamar baten aurrean hartutako bidea: arraunlariena. Gauzak zer diren: biak lehorrekoak direla kontuan izanda, eta sinesgarritasunaren kontua horren modako dagoela kontuan harturik, mesede baino kalte ez ote zien egingo aukeraketa horrek... Durangoko saioa baino ez da falta eta BECera hurbilduz goazen heinean badirudi ez garela edozerekin konformatzen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.