AEBak. Donald Trumpen agintaldia

Urtebeteko Trumpaldia

Etxe Zurira ailegatu eta urtebetera presidente batek inoiz izan duen babes txikiena dauka Trumpek. Kanpainan egindako promesak betetzeko zailtasunak ditu presidenteak, demokraten oposizioagatik, epaileen trabengatik, gizartearen erresistentziagatik, eta errepublikano askoren errezeloengatik.
Donald Trump presidentea Marine One helikopteroa hartzera doala, Washingtonen.
Donald Trump presidentea Marine One helikopteroa hartzera doala, Washingtonen. MICHAEL REYNOLDS/EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko urtarrilak 19
Ameriketako Estatu Batuetako presidentea da, bai, munduko potentzia politiko, ekonomiko eta militar handienaren agintaria, inperio baten mandataria, baina, akaso, beste ezeren gainetik, ile hori oxigenatua eta azal laranja mugagabea lagun, parodia errazerako pertsonaia bat da Donald Trump. Time, The New Yorker, The Economist, Liberation eta Der Spiegel aldizkarien azken azaletan nola irudikatu duten begiratu baino ez dago: sugar bihurtuta, zulo beltzean, ume aulkian, pistoladun psikotiko gisa, inboluzioaren ikur... Asko dira oraindik ere galdetzen dutenak nola eskuratu zuen magnate baten eta showman baten arteko hibridoak inor iragartzeko gai izan ez zen garaipena —63 milioi estatubatuarren babesa lortu zuen—. Inork ez zuen irudikatzen Etxe Zurian. Trumpek berak ere ez. Baina, zer den ironia, urtebete egingo du bihar Washingtongo Pennsylvania Avenueko 1.600 zenbakian. Urtebeteko Trumpaldia.

Batek baino gehiagok uste zuen behin presidentetzara iritsita beste aldarte bat azaleratuko zuela, baina, urtebete aski izan da ohartzeko ezin aurreikusizkoa dela oraindik, presidente izanda ere. Michelle Robinson Obamak esan zuen bezala, presidentetzak ez baitzaitu aldatzen: zarena azaleratzen du. Eta halaxe da; kanpainako bera da Trump orain ere: iragarrezina.

Mota guztietako iruzkinak jaso ditu urtebetean: kasko-beroa, suharra, zakarra, zentzugabea, desorekatua, hauskorra, egozentrikoa, mukizua... Fire and Fury: Inside the Trump White House (Sua eta Sumina: Trumpen Etxe Zuriaren barruan) liburua izan da zeresana ematen azkena. Michael Wolff kazetariaren epitetoen zerrenda luzea eta mikatza da: megalomanoa, ezjakina, eta bulkada propioen biktima izateaz gain, ume handi bat dela dio egileak.

Urtebeteko Trumpek, bada, hitzak neurtzeko gogorik eza tarteko, ziurtasunik eza bihurtu du bere agintaldiaren marka nagusia. Politika egiteko eskema guztiak hautsi ditu, eta inork ez daki —haren gertukoenek ere ez— zer botako duen hurrengo txioan. Twitter bilakatu du pentsatzen duena helarazteko haren komunikazio tresna. Urtebetean 2.559 txio tirokatu ditu, gehienak goizaldean edo gaueko ordu txikietan, eta asko eta asko prentsaren kontra daraman bere borroka partikularrari erreferentzia eginez; fakenews eta fakemedia traola erabili du 347 alditan.

Presidente bati inoiz ikusi eta irakurri ez zaizkion manerekin eta hitzekin, politika show bat balitz bezala egiten du, formetan eta edukietan, galdu-irabazi parametroetan. Erasoa da haren arma, eta auzitan jartzea da egin dakiokeen irainik handiena; horren erakusle da bere osasun mentala zalantzan jarri dutenean erantzun duena: «Jenio bat naiz, eta oso egonkorra naiz».

Geopolitikan ere sumatzen da haren izaera zaratatsua eta oldarkorra, lehia baitu diplomaziarako tresna, eta munduko neurketa horretan, bera konkistatzeko jaio zen. Kim Jong-un Ipar Koreako liderrari duela gutxi emandako erantzuna da haren dialektikaren adierazle: «Nire botoia zurea baino handiagoa da».

Bada, kargua hartu eta urtebetera, presidente batek inoiz izan duen baloraziorik kaskarrena du Trumpek; inkesten arabera, soilik herritarren %39,2k ematen dute ontzat haren jarduna, eta presidente batek urtebeteko agintaldian izaniko onarpen txikiena da hori; Ronald Reaganek (1981-1989) zuen marka hautsi du, hark %49ko onarpena zuen-eta presidentetzara iritsi eta urtebetera.

Barack Obamak %60ko babesarekin utzi zuen presidentetza, eta, beltz-zuri dikotomiatik haratago, haren antitesi bihurtu da Trump. Obamak utzitako legatua desegiteko ahaleginean, hala ere, ez du aurrerapauso handirik egin, ez behintzat espero bezainbeste edo espero bezain azkar. Obamacare da adibiderik esanguratsuena. Obamaren osasun erreforma bertan behera uztea izan zen haren kanpainako promesa izarra, baina ezin izan ditu alderdikideak proiektu alternatibo batera erakarri. Trumpek proposatutako «lege ahulak» ez zuen aski babes lortu errepublikanoen artean; Senatuan uztailean egindako bozketan hiru botorengatik galdu zuen.

Trumpen aurreneko garaipena izan zitekeena porrot bihurtu zen. Ez da, ordea, bakarra izan. Trumpek zailtasun handiak ditu bere promesak betetzeko, demokraten oposizioagatik, mugimendu sozialen erresistentziagatik, epaileen trabengatik, baina, bereziki, errepublikanoen artean dituen errezeloengatik. Ekonomiaren alorrean egin ditu urratsak, bai, horrela neurri batean haren oinarrien babesari eutsiz, baina protekzionismoa sustatzetik haratago, dekretuak izan dira agintzeko bere mekanismo eraginkorrena; 58 agindu exekutibo sinatu ditu. Aurrenekoa, Obamacare indargabetzeko.

Etxe Zurian, baina, beste hiru urte geratzen zaizkio, eta aurrerantzean aukera eta erronka ugari izango ditu. Trabak ere ez ditu faltako. Noraino iritsiko da presidentea? Bukatuko al du agintaldia? Horiek dira orain askoren ahotan dauden galderak.
 

'IMPEACHMENT' ARRISKUA



Robert Muller fiskal berezia da gaur-gaurkoz presidentearen kezka nagusia. Bere etorkizuna kolokan jar lezake haren ikerketak. Errusiak bozetan eragiteko errepublikanoek konspiratu ote zuten ikertzen ari da fiskala; Hillary Rodhan Clintonek berak egin zuen lehen salaketa bozak galdu ostean, eta, ordutik, demokratek finantzatu dute oihartzun handiko ikerketa hori.

Kongresuak izango luke azken hitza, baina gero eta gehiago aipatzen da impeachment-a, kargugabetze prozesua, alegia. Bide horrek aurrera egiten ez badu, heldu den azaroaren 6an izango du presidenteak hurrengo ataka: mid-term. Ordezkarien Ganbera osorik eta Senatuaren heren bat berrituko dira orduan, eta errepublikanoek bi hemiziklotan duten gehiengoa galdu dezakete. Agintariaren akabua izan daiteke.
 

GOBERNUA KOLOKAN



Etxe barruan arazo handiak ditu Trumpek. Hark izendatutako 29 lagunek jadanik kargua utzi izana da barne arazoen erakusle. Gobernua kolokan egon da etengabeko aldaketen ondorioz; izan ere, agerian geratu da gertukoenekin ere errezeloak eta ezinikusiak dituela Trumpek. Michael Flynn Segurtasun Nazionalerako aholkularia izan zen kargua uzten aurrenekoa, gobernua eratu eta 22 egunera; Sergei Kislyak enbaxadore errusiarrarekin izandako elkarrizketa sekretuek eragin zuten haren kargugabetzea.

Bi estatu idazkarik ere eman dute amore, baina haren estrategaren agurra izan da zalapartatsuena, Steve Bannonena. Etsai bihurtutako azken aliatua izan da. Atzerri politikan eskarmenturik ez zuelako eta eskuin muturrarekin lotzen zutelako polemika sortu zuen haren izendapenak, baina kanpainaren eta errepublikanoen oinarri ideologikoen buru izan dena abuztuan kargugabetu zuen Trumpek. Russiagate auzian deklaratzeko prest da orain, presidenteak eragotzi nahi izan badu ere.

Bien bitartean, jeneral ultrakontserbadoreak eta familiako kideak dira presidentearen gotorlekua: Ivanka, alaba, eta Jared Kushner, suhia.
 

POLARIZAZIOA GIZARTEAN



Vietnamgo gerrako garaiekin alderatzen da egun AEBetako gizartean dagoen polarizazioa. The Washington Post-ek zabaldutako idea da: barne zatiketa soziala sakondu da, eta arraza bazterketaren mamua zabaldu du presidenteak berriz ere bere erretorikarekin. Charlottesvilleko gertakizunak inflexio puntu bat izan ziren. Eskuin muturreko taldeek indar erakustaldia antolatu zuten abuztuaren 13an gerra zibilean esklabotzari eustearen alde borrokatu zen jeneral baten estatua kentzekoa zutelako. Eskubide zibilen aldeko mugimenduek kontramanifestazio bat antolatu zuten, eta protesta tragedia bihurtu zen. Eskuin muturreko manifestari batek emakume beltz bat hil zuten autoarekin. Trumpen adierazpenak etorri ziren gerora: bi aldeak parean jarri zituen.

White supremacy nagusitasun zuriaren kontzeptuaz hitz egiten hasi zen aspaldiko partez, eskuin mutur arrazistarenari keinu eginez agintariak tabu historiko bat hautsi zuelakoan. Obamarekin osatutzat jo zen zauria ireki du Trumpek; «ez naiz arrazista» ere esan behar izan du, ustez egindako iruzkin xenofobo bat gezurtatzeko: Haiti eta El Salvador «kaka estatuak» direla adierazi zuen.

Eskubide zibilak ere higatzen ari dira, presidentea demokraziarako arrisku bat dela ere esan izan dute, baina horrek boomerang efektua izan du, erresistentzia zibila sendotzen ari baita, agintariaren diskurtso elitista eta korporatibistaren aurrean, bereziki estatu demokratetan; Kalifornia da horren ikur.
 

IMMIGRAZIORI BETOA



Zazpi herrialde musulmanetako herritarrei AEBetan sartzeko betoa ezarri izana da, akaso, agintaldiko neurri polemikoenetakoa. Epaileen traba aurkitu du presidenteak migrazio politika aurrera eramateko, baina, aldaketak tarteko, neurria indarrean da.

Errefuxiatuak ere ez ditu nahi. Siriako gerratik ihes egindakoak jasotzeko programa bertan behera utzi zuen, eta hiri santutegiak zigortzeko ahalegina egin du. Paperik ez dutenak deportatzeari uko egiten dieten hiriak dira horiek. Trumpek funts federalak kendu nahi dizkie, baina auzitegiek bertan behera utzi dute neurria. Paperik ez duten immigranteen deportazioak eta atxiloketak ere lehentasun bihurtu ditu; baimena ez duten guztiak kanporatu nahi ditu, 11 milioi lagun guztira.

DACA da orain jokoan dagoena. Obamak 2012an dekretu bidez babestu zituen herrialdera 16 urte baino gutxiagorekin eta dokumentaziorik gabe iritsitakoak. Trumpek, baina, 800.000 ameslari horiek deportatu nahi ditu martxorako, errepublikano asko kontra baditu ere.

Migraziorako lege proiektu bat adostu nahian dabiltza senatari errepublikanoak eta demokratak, besteak beste, neurri hori eragozteko, baina trukerako txanpona aurkitu du Trumpek: Mexikoko harresia. Kanpainako promesa handienetakoa izan zena nahitaez bete nahi du agintariak. Mexiko «munduko herrialderik arriskutsuena» dela esan du aste honetan, eta murrua «zuzenean edo zeharka» mugako herrialdeak ordainduko duela: «20.000 milioi dolar ez dira ezer Mexikok AEBetatik lortzen duenarekin alderatuta».
 

KLIMA ALDAKETA IRAULI



Klima aldaketaren negazionismoaren ikur da Trump. Azken hiru urteak inoizko beroenak izan direla jakinarazi duten honetan, agintariak ez du zalantzarik aurreko gobernu demokrataren ingurugiro politika guztiz iraultzeko. Parisko Itunetik atera den herrialde bakarra da —abuztuan atera zen—, eta argi dago ez duela aparteko neurririk hartuko.

Erregai fosilak ustiatzeko bidea ere eman du Trumpek. Amerika Lehenengo Energia Plana ezarri zuen energia berriztagarriei aipamenik ere egin gabe. Eta Ingurumena Babesteko Agentziaren eskumenak ere murriztu ditu, airearen eta uraren kalitatea neurtzen dituen agentziarenak.

Keystone XL eta Dakotako oliobideen proiektuei, berriz, agintera iritsi eta berehala eman zien onespena, ekologisten protestei muzin eginez eta siouxen erreserba okupatuz. Utahko estatuko parke nazionaletan petrolio esplotazioak eta lur azpiko mehatzaritza egiteko baimenak eman ditu. Eta Ozeano Barean, berriz, petrolio prospekzioak egiteko.
 

ATZERRI POLITIKA



Make America Great Again (Egin dezagun Amerika handi berriz) eta America First (Amerika lehenago) lelo hanpatutik haratago, dialektika desafiatzailetik haratago, ez dago argi luzerako estrategia duenik. Egun batean iragartzen duena biharamunean ukatu dezake. Siriako kurduak babesteko iragarritako asmoa da horren erakusle. Rojavan «segurtasun indar bat» eratzeko asmoa iragarri zuen asteartean Trumpek. Rex Tillerson Estatu idazkariak, baina, «egoera gaizki» azaldu dela esan zuen atzo, zehaztuta «batzuek» ez dutela egoki solas egin. Turkiak «inportantetzat» jo zuen zehaztapena; izan ere, oreka zail batean ari dira bi aliatuak. AEBek, Siriako armada bonbardatzeaz gain, kurduak babestu dituzte, baina haien aurkari nagusiarekin ondo moldatu nahi du Trumpek. Recep Tayyip Erdogan Etxe Zurian hartu zituen aurreneko agintarietako bat izan zen.

Israel da haren beste aliatua Ekialde Hurbilean. Eta Trumpek, Saudi Arabiaren ostean, Israel aukeratu zuen atzerrira egindako lehen bidaian —hamahiru herrialde bisitatu ditu—. Erabaki irmoenak ere Benjamin Netanyahu pozik uzteko izan dira: AEBetako enbaxada Jerusalemera eraman du, nazioarteko legedia urratuta, eta aste honetan bertan erabaki du palestinarren diru laguntzak erdira murriztea.

Iran, aldiz, etsaien artean dago, eta erretorika gogorraz gain, gobernu islamikoa berriz zigortzeko asmoa erakutsi du agintari errepublikanoak. AEBek Errusia, Txina, Erresuma Batua, Alemania eta Frantziarekin 2015ean sinatutako itun nuklearra kili-kolo egon da.

Errusia, Iranen aliatua, muga gorria jarri du, eta munduko bi potentzien arteko harremana inoiz baino anbiguoagoa dela erakutsi.

Txinarekiko areriotasuna, berriz, nabarmenago geratu da. Ipar Korearekin sendoago ez jokatzea leporatu dio Washingtonek Pekini. Piongiangekin, berriz, mehatxuak eta hitz gogorrak trukatu ditu misil nuklearren harira —Kim Jong-un «gizon kohete» izendatu zuen Trumpek—.

Afganistanen, aldiz, ekintza bihurtu ditu hitzak. Obamak egindako bidea alderantziz egin, eta, soldaduak bidaltzeaz gain, «bonba guztien ama» bota zuen, politika interbentzionistari eutsiz. Bien bitartean, 700.000 milioi dolar handitu du estatuko gastu militarra.

Davosen datorren astean egitekoa den nazioarteko ekonomia foroan, berriz, agintari europarrekin elkartuko da Trump. Europako Batasunarekiko estrategia ere zehazteko dauka.

 

 

EMAKUMEAK AURREZ AURRE



Baliteke Trumpek kargua hartu eta biharamuneko irudia berriz agertzea igande honetan. Women's March Emakumeen Martxak deituta, milioika lagun —emakumeak gehienak— elkartu ziren zenbait hiritan iazko urtarrilaren 21ean egindako hiru milioi martxatan. Hainbat iturriren arabera, historiako protesta ekintza zabalena izan zen, eta, ordutik, aktibismoaren ikur bihurtu dira emakumeak agintariaren mezu, keinu eta ekintza misoginoen aurka. Berdintasunaren aldeko aldarria kalera eraman dute, #MeToo kanpaina tarteko, eta agenda politikoan eragiteko pausoa eman dute, inoiz baino hautagai emakumezko gehiago aurkeztu baitira datozen bozetarako.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna