Jaurlaritza-Moncloa harremana. Eskumenak

Espainiako Gobernuaren hitzarekin «eszeptikoa» da Jaurlaritza

Rodriguezek azaldu du balitekeela aldiriko trenen gaineko eskumena urrian eskualdatzea. Garamendi kexu da Madrilen «borondate faltagatik»

Isabel Rodriguez (ezkerrean) eta Olatz Garamendi (eskuinean), atzo, Leioan (Bizkaia). MIGUEL TOÑA / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
«Uste dut nahiko denbora pasatu dela gaiak mahai gainean daudenetik, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso». Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk atzo goizean esandakoak dira, Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendi eta Espainiako Lurralde Politikako ministro Isabel Rodriguez elkarrekin bildu aurretik. Garamendik eskatuta eseri ziren biak mahaian, Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen transferentzien auzia argitzeko. Bi aldeek jakinarazi dutenez, baliteke urrian ixtea aldiriko trenen kudeaketaren ingurukoa, eta uda ostean helduko diete itsasertzaren antolamendu eta migrazio eskumenen inguruko negoziazioei.

Ikusi gehiago:Adostasunean ados ez

Urkullu argia izan zen bere adierazpenetan. Negoziazioak ez aurrera ez atzera daude, eta Madrilek azken asteetan esandakoek ez dute lagundu egoera baretzen. Hala, ministroari eskatu zion «argitzeko» zer esan nahi duten Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek Espainiaren egoeraren inguruko eztabaidan esandakoek. Sanchezek adierazi zuen zenbait ministeriok ez dutela bat egiten Jaurlaritzak eskumenak eskualdatzeko aurkeztutako proposamenekin. Lau aipatu zituen presidenteak: meteorologia, itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, Zinematografiaren Babeserako Funtsa eta atzerritarren lan baimenen kudeaketa.

Hala, lehendakariak Rodriguezi exijitu zion azaltzeko ea Espainiako Gobernuak «askatasuna» ematen ote dien ministerioei negoziazioak «errazteko edo zailtzeko». Gogorarazi zuen estatutua lege organiko bat dela, eta, eskumen bakoitzak negoziaziorako esparru bat behar duen arren, hura «derrigorrez bete beharrekoa» dela: «Zain jarraitzen dugu, Espainiako Gobernuaren mahai gainean dauden lau materia planteatu genituenetik hilabete asko igaro diren honetan. Beste bost gairen balizko negoziazioa ere eskaini dugu, eta ez dugu erantzunik», salatu zuen Urkulluk.

Baina erantzun argirik gabe jarraituko du Jaurlaritzak. Bileraren ostean Garamendik azaldu zuenez, Rodriguezek ez zion argibiderik eman urte hasieran egindako proposamenen inguruan, eta salatu zuen oraindik ere erantzun ofizialik gabe daudela; Sanchezek Kongresuan esandakoez harago.

Sailburuak uste du Jaurlaritzak «denbora asko» daramala entzuten, benetako ekintzarik ikusi gabe, eta negoziazioetan «biraketa bat» egiteko baliatu nahi zuen atzoko bilkura. Horren ordez, lanean jarraitzeko asmoa adierazi zion ministroak, eta irits daitekeenaren berri eman. Batetik, litekeena dela aldiriko trenen inguruko akordioa ixtetik gertu egotea —jada zenbait linea Jaurlaritzaren esku daude—. Bestetik, Madril prest dagoela uda ostean migrazio eta itsasertzaren antolamendu eskumenen inguruan negoziatzeko.

Adierazpen horien inguruan, ordea, «eszeptikoa» da Garamendi. Haren ustez, oraindik Gernikako Estatutua bete ez izanaren arrazoi bakarra «borondate politiko falta» da, eta ez Madrilek arrazoitutako «arazo juridikoak». Haren esanetan, egindako proposamen guztiek estatutua dute oinarri, eta, beraz, «bideragarritasun juridiko osoa». Zehazki, itsasertzaren antolamenduaren ingurukoez mintzatu da. Kudeaketaren xehetasunak adostu beharko dituzte bi aldeek. Urrats hori, ordea, bi gobernuen arteko batzordeetan egin behar dela uste du sailburuak, akordioa itxita.

31 oraindik

Sanchezek eztabaidan aipatutako lau proposamenak Garamendik urte hasieran egindakoak dira. Horiek aurkeztu izana arrazoitzeko, Madrilen mugimendu falta argudiatu zuen Jaurlaritzak. Izan ere, «iraungitzat» jo dute 2020aren hasieran Espainiako Gobernuak aurkeztutako kronograma. Pandemiaren eraginez, hura birmoldatu egin zuten, baina, halere, ezarritako helburuetatik urrun geratu da. Maiatzerako eskualdatuta edo, gutxienez, bideratuta egon behar zuten eskumen guztiek. Egun, ordea, 31 geratzen dira egiteko.

Sanchezek onartu egin zuen Kongresuan: prozesua «paralisi» egoera batean dago. Egutegia ezarri zenetik, eskumen gutxi batzuk eskualdatu dira, Jaurlaritzaren arabera. Azkenak, iazko uztailean: espetxeen kudeaketa, ISSN Argitalpen Seriatuaren Nazioarteko Zenbaki Normalizatuaren adjudikazioa eta errepide garraioei buruzko zenbait baliabide. Haiei bizitzeko gutxieneko errentaren kudeaketa gehitu behar zaie. Ez dago kronograman jasota, baina EAJk eta Moncloak 2020an adostu zuten eskualdatzea; aurtengo martxoan gauzatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.