Juan Kruz Lakasta
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. ANALISIA

Boto likidotik gaseosora

2016ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Boto likidoa izan zen modako esamoldea A20ko Nafarroako emaitzak analizatzeko tenorean. Txillardegiren irakaspenei jarraiki, aldaketaren aldeko indarrak baso komunikatu bezala irudikatzen genituen, eta bozak batetik bestera pasatzen, hauteskunde hitzorduaren nolakotasunek bultzaturik, indar batzuen eta besteen errelato eta gehiengo sozial berriak sortzeko gaitasunak erakarririk.

Barkos lehendakariaren koalizioak botoen %4,28 besterik ez du lortu. Eta likidotasun maila horretara iritsita, botoak gaseoso bihurtzeko, bozak lurruntzeko arriskua handia da. Bistan da foru hauteskundeak eta Espainiako Gorteetakoak arrunt ezberdinak direla, eta bigarren hauetan hedabide handien eragina alimalekoa dela. Alta, halako muturreko ahulezia irudia ez da erraz ezabatzen boto-emaileen begi ninietatik. Remember Juan Cruz Alli.

EH Bilduk hobeki eutsi dio. Baina, kasu: hautagairik onenarekin eta kanpaina bikain batekin, beste 3.500 boz inguru galdu ditu abendutik hona. Garai latzak, indar abertzaleentzat. Elkarrekin Ahal Dugu-k emaitza ikusgarriak lortu ditu, baina kontuz: batera bananduta baino boto gutxiago eskuratu dituzte, noiz eta aldaketaren aldeko beste indarrak nabarmen jaitsi direnean. Datu adierazgarri (edo paranormal) bat: PSNk 3.000 boz berreskuratu ditu abendutik hona.

Baso komunikatuek pitzadura dute. Aldaketaren aldeko indar guztiak batera jaitsi dira. Batzuk bestetzuk baina askoz gehiago, baina denak. Ez dago argi non sartu diren, lurrundu ote diren, Geroa Baik galdutako 15.000 botoak, EH Bilduren 3.500ak, Elkarrekin Ahal Dugu-ren 1.000ak, abstentzioa apenas igo den honetan. UPNren hegemonia erori zen, baina berririk ez da sortu.

Batzuek diote independentzia dela bide bakarra, Espainia aldatuko duenik ez dagoelako. Irizpide horren arabera, ez dakit non geratzen diren nafarrak, Espainian nola Nafarroako Foru Erkidegoan PP (UPNrekin koaligaturik) izan baita lehen indarra, UPPSNk gehiengo zabala lortu baitu.

Ene uste makalean, herritarren bizi baldintzak duintzea da bide bakarra. Eta Nafarroako Gobernuak horretarako aukera ematen du, garai latzak datozkigun honetan: irailean Troika etorriko da makilakadak banatzera, Brexitak beroturik, eta Rajoy presidentearen laguntzarekin.

Bistan da oldarraldiari aurre egitea ez dela erraza izanen. Baina Nafarroako Jauregian—edo parlamentuko segimendu batzordean— lehentasunak markatu behar dituzte. Lehenetsitakoa egin. Egindakoa herritarrei ongi azaldu. Eta herritarrak—UPNren murrizketen aurka sorturiko gehiengo sozial berri hura— berriro aktibatu. Bakoitzak bere profil propiotik. Elkarrekiko fideltasunez. Aldaketa Pitusa gaseosa bihurtuko ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.