Memoria historikoa. Erorien Harana

Mausoleoak gordetzen duena

Francoren hezurrak aterako dituzte, baina milaka pertsonaren gorpuzkiak geldituko dira Erorien Haranean hilobiratuta. Tartean, Hego Euskal Herriko 1.300dik gora errepublikazalerenak.
Preso errepublikanoak lanean, hilkutxak Erorien Haraneko hobi komun batean sartzen, 1958ko argazki batean.
Preso errepublikanoak lanean, hilkutxak Erorien Haraneko hobi komun batean sartzen, 1958ko argazki batean. BERRIA

Ion Orzaiz -

2018ko abuztuak 25
Francisco Francoren eta Jose Antonio Primo de Riveraren hilobiez gainera, beste pertsona askoren gorpuzkiak ere hartzen ditu Erorien Haranak. Tartean, baita 1.300dik gora euskal herritarrenak ere. Errepublikazaleak, gehienak; eta familiaren oniritzirik gabe hobiratuak, euren hiltzaileen mausoleoan.

Horregatik, historialari eta elkarte memorialistiko ugarik txalotu egin dute Francoren gorpua bere mausoleotik ateratzeko erabakia, «lehen urrats bat» besterik ez dela nabarmenduta. «Oso albiste positiboa iruditzen zait, noski, baina beranduegi dator, eta, bere horretan, ez du ezer konponduko», azaldu du Juan Carlos Garcia-Funes Historia doktore eta NUPeko Oroimen Historikoari Buruzko Dokumentazio Funtseko ikertzaileak. Haren esanetan, Francoren hilotza kentzea ez da nahikoa izanen Erorien Haranari izaera frankista eta apologetikoa erauzteko: «Alde batetik, mausoleo berean dago Jose Antonio Primo de Riveraren gorpua ere, eta, ez badugu nahi eremu hori faxisten topaleku bihurtzerik, horri ere irtenbidea eman beharko zaio. Bestalde, Erorien Haranak, gaur egun, gorazarre egiten die kolpe militarrari eta diktadura frankistari, eta hori eten egin behar da lehenbailehen. Egia azaleratu beharra dago, hor hobiratuta dauden biktimen eta haien senideen eskubideei erreparatuz».

Erorien Harana kudeatzen duten monje beneditarren artxiboen arabera, 33.833 gorpu daude haraneko kripta, hobi komun eta mausoleoetan. Horietatik, izen-deituraz identifikatuta daude 26.423, eta gainontzeko 12.410ak, berriz, anonimoak dira, eta ezezaguna etiketa daramate. Identifikatu gabeko errepublikanoak dira. Datu horiek, baina, ez daude egiaztatuta, eta gehiago ere izan litezke. Izan ere, beneditarren eta Espainiako instituzioen opakutasunaren ondorioz, inork ez du hildako horien inguruko ikerketa zorrotzik egin, eta Espainiako Justizia Ministerioak 2011. urtean onartu zuen «ia ezinezkoa» dela hobi komunetan daudenak identifikatzea, gorpuzkien egoera txarragatik.

Hego Euskal Herritik, zehazki, 1.312 hilotz eraman zituzten El Escorialera 1958. urtean, Erorien Haraneko hobi erraldoiak betetzeko. Bakan batzuk, senideen oniritziarekin; gehienetan, inori ezer esan gabe. Gauez hilerrietara joan, gorpuak ebatsi, eta monumentuan hobiratu zituzten. Arabatik eraman zituzten gehienak: 613. Nafarroatik, berriz, 249; Gipuzkoatik, 238; eta Bizkaitik, 212.

'Itzulera operazioa'

Orain arte, antzuak izan dira monumentutik hilotzak ateratzeko saialdi guztiak. Senideek eskaera eginda ere, Espainiako Gobernuak eta beneditarrek atea itxi diote aukera horri, salbuespen bakar batekin: 1980ko otsailaren 18an, Nafarroako hainbat herritako 133 fusilatu errepublikanoren gorpuak atera zituzten Erorien Haranetik. Itzulera operazioa izena eman zioten.

Bi autobus alokatu, eta Madrilera joan ziren errepublikano nafarren senideak. Erorien Haranean, zain zuten Javier Tusell, garai hartan Espainiako Kultura Ministerioko Museo, Artxibategi eta Ondare Artistikoko zuzendari nagusi zena. 12:00etan, meza egin zuten hango basilikan, fusilatuen omenez. Beneditarrek uko egin zioten elizkizunetan parte hartzeari, eta, haien ordez, Nafarroatik propio joandako apaiz batek eman zuen meza. «Hori izan zen egun hartako oroitzapenik garratzena; gure senideen omenezko meza Francoren hilobiaren aurrean egin behar izan genuela», azaldu zion Ana Mari Egizabal lodosarrak BERRIAri, iaz eginiko elkarrizketan.

Ez zen, hala ere, prozesu samurra izan errepublikano nafarren senideentzat. 1978an hasi ziren familien eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak, eta, Egizabalen arabera, Adolfo Suarez presidenteak berak ezezko borobila eman zien behin baino gehiagotan: «Gobernuak ezezkoa emanda ere, Madrilgo Gotzaintzara jo genuen, eta, hor ere bizkarra eman zigutenean, hordagoa jo genuen: gorpuak ateratzeko baimena eman ezean auzia argitara aterako genuela ohartarazi genien. Eta hara non, mehatxuen aurrean, Espainiako Gobernua kikildu egin zen».

Izan ere, opakutasuna eta inpunitatea izan dira Erorien Harana zutik mantendu dituzten elementu nagusiak. Horiek amaitzeko garaia dela uste du Garcia-Funes historialariak: «Pedagogia egin beharra dago. Horretarako, ezinbestekoa da monumentua bera goitik behera eraldatzea, desakralizatzea, eta orube horretan memorial antifaxista eta demokratiko bat sortzea, kolpe militarraren eta errepresio frankistaren esanahia azaltzeko».

Hain zuzen, monumentua bera bainoago, garrantzitsuena monumentuaren «esentzia» dela uste du NUPeko historialariak: «Erorien Haranaren aldekoek diote adiskidetzeari eginiko monumentua dela, baina ez da egia. Faxista eta nazien erromesgunea da». Horregatik, Franco ateratzeaz gain, frankismoa bera garbitu behar dela uste du: «Faxismoa legitimatzen duten diskurtsoak eten behar ditugu lehenbailehen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna