1978ko sanferminen 40. urteurrena. German Rodriguezen hilketa. SOSLAIA

German Rodriguez. Gaztea, baina eskarmentu handikoa

BERRIA

Iñaki Petxarroman -

2018ko uztailak 1

23 urterekin hil zuten German Rodriguez Saiz iruindarra (Iruñea, 1955-1978) baina militantzia urte oparoak izan zituen haren hilketaren aurretik. Oso gaztetik ernatu zitzaion egoera politikoarekiko grina, frankismoaren hondarreko urteetan. Orduan, dozenaka gazte nafarren antzera, mendi talde batean izan zuen hori garatzeko aukera Rodriguezek, Hemen eta Han mendi taldean hain zuzen ere. Mendi irteeretan ez ezik, taldearen antolaketaren barne formakuntzarako eta eztabaida politikorako aukerak zituzten gazteek. Ikasle taldeak ere izaten ziren horretarako abagune eta Rodriguez Nafarroako Ikasle Batzordeetan (CEN) ibili zen urte haietan.

ETA VI.ra jo zuen Rodriguezek 1970az geroztik. ETAren bostgarren batzarrean bi erakundeetan banatu zen Euskadi Ta Askatasuna eta ETA VI.ak Espainiako LCR Liga Komunista Iraultzailearekin bat egin zuen (Euskal Herrian, LKI). Euren estrategia zen langile mugimendu indartsu bat sortzea, tokian tokian, besteak beste, fabriketan grebak sustatuz, erregimenari egoera ahalik eta zailago bilakatu eta, greba orokorraren bidez, iraultzaren baldintza politiko-sozialak sortzeko.

Iruñerrian buru-belarri aritu zen estrategia horretan Rodriguez urte haietan, ardura politiko handiak hartuz. Izan ere, haren militantziakideok Rodriguezen «buruzagi sena» azpimarratu izan dute. Besteak beste, Iruñerrian izan ziren langile greba handietan esku hartu zuen. Motor Iberica enpresan izan zen greban, esate baterako, lehen aldiz Nafarroako langile guztiak greban irten ziren hango beharginen babesean, eta LKIk amesten zuenaren moduko egoera bat irudikatu ahal izan zuten Iruñerrian. Lan horretan buru-belarri zebilela atxilotu zuten lehen aldiz, 1973ko ekainean.
Poliziak itaunketa luze eta gogorra egin zion, baina ez zuen lortu zuen bere susmoa berrestea: hau da, Rodriguez ETA VI.ko kidea zela frogatzea. Hala ere, «legez kanpoko erakundeko» kide zela egotzita sartu zuten Iruñeko espetxera.

Urtebete eta erdi egin zituen preso German Rodriguezek, eta, harreman zuzena eduki zuen ETAko, FRAPeko eta beste erakunde iraultzaileetako kide askorekin. Kalera irten zenean, Bizkaira jo zuen Rodriguezek, Iruñean militantzia politikorako erreta zegoelakoan. Bizkai aldean urtebete egin zuen, bere erakundearen agerkarietan lanean (Zutik, Proletario...).

Franco hil ondoren, baina, Iruñera itzultzeko aukera izan zuen. LKIren barruan jarraitu zuen lanean, besteak beste, ikasle mugimenduan. Horretan ari zela, Arantzazun antolatu zuten biltzar baten hasieran atxilotu zuten Rodriguez, bigarren aldiz, 1976an. Diktadorea hil ondorengo testuinguru politikoa, baina, ezberdina zen eta, alderdien legeztatzearen eztabaida pil-pilean egonik, Poliziak askatu egin zituen Rodriguez eta harekin batera atxilotutakoak.

Musika zalea izanik, gitarra jotzen ikasi zuen espetxean eta akordeoia ikasten aritu zen bere bizitzaren azken urteetan. Horrekin batera, nekazari perituko ikasketei berrekin zien urte haietan, eta buru-belarri murgildu zen Iruñeko Parte Zaharreko Bizilagunen Elkartean eta beste herri mugimendu batzuetan. Asko aldatzen ari zen Nafarroako hiriburua elkarteak parte zaharrak zituen arazo nagusiak bistaratzen eta konpontzen saiatzen egiten zituen bere ahaleginak: etxebizitza zaharren egoera, gune berdeen falta... Euskara ikasten ere aritu zen. Lan horietan ari zela iritsi zitzaion Poliziaren segada hiltzailea 1978ko uztailaren 8an. Gazte, baina bizitza oparo bat atzean utzita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna