Mexiko. Azpiegitura erraldoiak

Protestak, tiroz isilduak

2019ko otsailaren 20an hil zuten Samir Flores. Morelosko zentral termoelektrikoen aurkako mugimenduaren ahotsa bilakatua zen ordurako. Ekintzailearen senide eta lagunek Lopez Obrador presidentea bera egiten dute hilketaren erantzule.

Otomi komunitateko kide bat, Herri Indigenen Institutu Nazionalaren parean egindako elkarretaratze batean, Samir Floresen hilketaren urteurrenean. S. G. / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Komunikatzailea eta nekazaria zen Samir Flores, baita CNI Indigenen Kongresu Nazionaleko kidea ere. Amiltzinko irratiko esatari izateak Moralesko zentral termoelektrikoen aurkako mugimenduaren ahots eta aurpegi bilakatu zuen, baita zentralak eraiki nahi zituztenen etsai ere.

«Otsailean hiru urte beteko dira Samir hil zutela, eta auziak zabalik jarraitzen du. Pertsona bakarra atxilotu dute, goizaldeko bostak eta erdietan bere etxera haren bila joan zena. Bi hiltzaileetatik bat hilda dagoela esan dute; beste hiltzailea eta handik atera zituen autoko gidaria desagertuta daude», dio Jorge Velasquezek, Amilcingoko bizilagun eta Floresen lagunak. Minduta eta haserre dago Velasquez, eta, hilketaren erantzulea nor den galdetuta, ez du zalantzarik egin: «[Mexikoko presidente Andres Manuel] Lopez Obradorrek agindu zuen Samir hiltzeko. Hura da erantzulea».

Velasquezek oso gogoan ditu Flores hil aurreko egunak. Gogoan du, esaterako, nola Lopez Obradorren kanpainako ekitaldi batera joan ziren, hura presidentetzarako lehian zela, eta nola eskatu zioten Morelosko zentrala gelditzeko. «Baietz esan zigun, eta, inuzenteak gu, sinetsi egin genion. Gelditu egingo zuela esan zigun, eta berari bozkatzeko», azaldu du telefonoaz bestaldetik. Lopez Obradorrek irabazi egin zituen 2019 hartako bozak, baina ez zuen hitza bete. Horren ordez, muturrekotzat jo zituen zentralen aurka zeudenak, eta esan zienegitasmoak aurrera egingo zuela «modu batera edo bestera».

2019ko otsailaren 17an Jujuitlara joan ziren Velasquez eta Flores, nekazariekin hitz egitera gobernuak zentral termoelektrikoen inguruan iragarritako kontsultari buruz. «Eskatzen genien ezetz bozkatzeko galdeketan, eta guri laguntzeko zentral termoelektrikorik eraiki ez zezaten». Bi egun geroago, 19an, batzar bat zegoen antolatuta, eta bertara joatekoak ziren agintariak. «Bilera irekia zela uste genuen guk, baina gero esan ziguten ezetz, bainuetxe pribatu batean zela. Hala ere, joan egin ginen. Galderen txanda heldu zenean, Samirrek hartu zuen hitza, eta, amaitutakoan, joan egin ginen».

Batzarretik aterata, mugimenduko kideekin bildu ziren Velasquez eta Flores, egunero bezala, eta handik etxera joan ziren. Hurrengo egunean, goizean goiz jaiki zen Flores, irratsaioa baitzuen. «05:30ak inguru zirela, norbaitek atea jo zuen. Samirren amak zabaldu zuen, eta gizon batek semeari buruz galdetu zion. Amak ez zuen ezer arrarorik susmatu, Samirrek iragarkiak ere egiten baitzituen, eta jendea edozein ordutan heltzen baitzen hartaz galdezka. Gizonak horixe esan zion, iragarki bat egiteko kontratatu nahi zuela Samir», oroitu du Velasquezek azkar batean. Flores etxetik irten zenean, baina, beste bi gizonezkok lepotik heldu eta etxetik urrundu zuten. «50 bat metrora eraman zuten, eta han eman zioten lehen tiroa, buruan. Orduan ohartu zen Samirren ama zer gertatzen ari zen, eta oihuka irten zen etxetik. Hirurek ihesari eman zioten; baina haietako bat itzuli egin zen, eta bi tiro egin zizkion Samirri, amaren aurrean».

Bizilagunen eta amaren artean erietxera eraman zuten Flores, baina berandu zen. Otsailaren 20ko goizalde hartan hil zen ekintzailea. Lau erasotzaileek ihes egin zuten. Gerora, aurtengo irailean, haietako bat atzeman zuten, Floresez galdezka joan zen gaztea. Moralesko fiskal nagusiak berak eman zuen atxiloketaren berri, Lopez Obradorren bisitaren bezperan, eta fiskala bera ustelkeriagatik ikertzen ari ziren garaian.

Flores hil eta gutxira hasi ziren eskatzen auzia Mexiko Hiriko Fiskaltzaren esku utz zezatela, ez zirelako Morelosko agintariez fidatzen. «Abokatuak ere hiriburukoak hartu ditugu, hemen lan egitea ia ezinezkoa delako. Mehatxuak egunerokoak dira, eta, hilketa gehiagorik egon ez bada ere, jendea beldur da», dio Velasquezek.

Mezu argia

Lopez Obrador bera irten zen jendaurrera, eta esan zuen zentral termoelektrikoaren aurkako mugimenduko kide bat hil zutela. «Ez zuen esan herri indigenako kide bat edo ekintzaile bat zela: soilik mugimenduko kidea zela. Mezu argia bota zuen bere proiektuen aurka jotzeko asmoa zutenentzat».

Velasquezen esanetan, aspaldian zuten Flores begitan hartua; izan ere, 2015erako amaituta zeuden zentral termoelektrikoak, baina ezin izan zituzten abian jarri haien aurkako mugimenduak presio handia egin zuelako, eta mugimendu haren buru zen Flores. «Kontsulta ere 23an eta 24an egitekoa zuten, eta uste dugu Samir hiltzeko beste arrazoietako bat izan zela galdeketa».

Galdeketa egin zuen gobernuak. Mugimenduak hasieratik salatu zuen hura ez zela behar bezalako kontsulta bat, herritarrek ez zutelako erabakitzeko adina informazio, eta baldintzak ere ez zirelako egokiak. «Aipagarria da nola egin zuten galdeketa. Pueblan eta Tlaxcala hirietan, eta Morelos estatuan jarri zituzten hautetsontziak. Lehen bietan, soilik gasbidea igaroko zen tokietan jarri zituzten, eta Morelosen, berriz, estatu osoan, nahiz eta zentral termoelektrikoak herri jakin batzuei bakarrik eragin. Zuzenean kaltetutako herrietan denek bozkatu zuten aurka edo ez zuten bozkatu, komunitateek hala erabaki zutelako; baina hautetsontziak estatu osoan jarri zituztenez, eta bozketa batere kontrol neurririk gabe egin zenez, baiezkoak irabazi zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.