Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Aitor Esteban. EAJ

«Akordioetan, besteen konpromisoen mailakoa izango da gurea»

Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioei dagokienez, Estebanek esan du EAJren jarrera ez dela aldatu: guztiekin hitz egiteko prest daude, baina «euskal agendako» gaiak eramango dituzte, eta horiei emandako erantzunaren arabera jokatuko dute.

gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Duela sei hilabete, Aitor Esteban (Bilbo, 1962) Espainiako Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburua elkarrizketatu zuen BERRIAk Sabin Etxean (Bilbon). Orain, berriro elkarrizketatu du, leku berean eta antzeko hauteskunde batzuen atarian. Déjà vu sentsaziorik ba ote duen galdetuta, ezetz dio Estebanek, baina aitortu du berriro kanpainan aritu behar izatea nekagarri zaiola, eta irrikan dagoela hau guztia noiz amaituko, «benetako lanari» ekin ahal izateko.

Zer irizten diozu orain arteko kanpainari?

Kanpaina atipikoa da, eta, aldi berean, kiribil moduko bat da, zortzi hilabetean ez baikara gelditu eta, gainera, badirudi batzuk gustura daudela eztabaida denbora honetan. Ni, aldiz, gogoz nago hau behingoz ebatzi dadin eta lanean has gaitezen.

Espainiako lau alderdi nagusien mezuetan euskal agenda desagertu dela esan duzue behin baino gehiagotan.

Ez da desagertu; sekula ez da egon. Eta egon denean, egon da beste batzuek jarri egin dugulako. Ustez nazioekin sentsibilitate handiagoa eduki dezakeenak, Podemosek, Madrilgo lelo bera ekarri du hona, «país» esaten dutenean ez baitira Euskal Herriaz pentsatzen ari.

Euskal agenda aipatzen duzuenean, zertaz ari zarete?

Sustraiak hemen edukitzeaz, eta Espainiako alderdiek egiten dituzten hainbeste gauza saihesteaz: kontzertua defendatzea —aurrekoan [IUko] Alberto Garzonek Gasteizen berriro zalantzan jarri zuen kontzertua—, euskal selekzioak, siderurgia, elkarbizitza eta abar. Euskal Herrian badago sentsibilitatea gai batzuekin, eta Madrilen ez. Esaten dugunean hau beste herri bat dela, beste gizarte bat, ez da esan hutsa, egia da.

EAJ arazoak izaten ari da bere mezua herritarrengana helarazteko?

Lau horietatik aparte, zail dugu denok. Espainiako telebistetako eztabaida politikoetatik kanpo gaude; La Sextak, esaterako, behin eta berriro egiten ditu horrelako programak baina beti lauko eskema horrekin. Gaur egun telebista da eraginik handiena duen hedabidea, eta guri, kanporatuta egonik, arazoak dakarzkigu horrek. Horren aurrean egin dezakegun gauza bakarra da kalean gehiago egon eta gehiago ahalegindu, baina arazo horrek ez digu soilik guri eragiten.

EAJrentzat zein izango litzateke emaitza ona? Abendukoa errepikatzea, esaterako?

Hori oso ona izango litzateke. Nik gurako nuke botoetan lehenengo alderdia izan; badakit zaila dela, baina ez dut itxaropena galtzen. Dena dela, guk beti argi eduki dugu guretzat garrantzitsuena dela talde parlamentarioa lortzea, horrek ematen duelako ekinbideen aldetik ahalmen berezia eta eztabaida garrantzitsuetan berdin parte hartzeko eskubidea.

Pentsatzekoa da Espainian gobernua osatzeari begira zuen jarrera ez dela aldatu, ezta?

Ez, ez dago arrazoirik aldatzeko. Madrilen, baita Euskadin ere, guztiekin berba egin dugu beti. Eta esan dugu akordioak lortzeko guk euskal agenda eramango dugula. Ikusi egin beharko da batzuen eta besteen jarrera. Batzuekin zailagoa izango da akordioak lortzea; hori ez dut ukatzen, baina lehenbizi ikusi beharko da prest dauden batzuk zein besteak Euskadiri begira jartzeko eta kezkatzen gaituzten arazoei irtenbidea emateko. Haien konpromiso mailaren arabera egongo da gure konpromisoa ere.

Ciudadanosek eta PPk esan dute Madrilen ez zaretela erabakigarriak izango.

Bada, jarrai dezatela hori pentsatzen. Aurrekoan gure botoak garrantzitsuak ziren gobernua osatu ahal izateko, eta uste dut aurrerantzean are beharrezkoagoak izango direla.

EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k, berriz, leporatzen dizuete Euskal Herriaren irudi idiliko bat eman nahi izatea, hemen arazorik egongo ez balitz bezala.

Hemen gauza asko dago egiteko, zalantza barik, baina ezin da ukatu eredu baten alde egin zela apustu, eta apustu hori hobeto atera dela, Espainiarekin alderatuta. Hau ez da lehenengo krisia, eta hemen sektore berri batzuk sortu dira, autogintzarekin lotutakoa edo bioteknologia, esaterako. Eta hori ez da ezerezetik sortu: sortu da apustu instituzional bat egon zelako.

De Miguel auziaren ahozko epaiketa egiteko agindu du epaileak. Albisteak kalte egin ahal dio EAJri?

Prozedura guztia eginda zegoen; beraz, pauso hori eman behar zen, itxarotekoa zen, eta ez dakar datu berririk. Hauteskunde aldian? Hala suertatu da; ez diot ezer. Ikusiko dugu epaiketan zer gertatzen den, baina EAJk eginbeharrak egin zituen duela denbora asko, beste batzuek egin ez dutena: alderdiaren txartela emateko eskatu zien auzipetuei, eta prozeduran argi gelditu da EAJk, alderdi gisa, ez daukala zerikusirik hor egon daitekeenarekin.

Eusko Legebiltzarrerako bozen ostean ere, seguru asko, egoera oso konplexua izango da. Espainian ikusi ditugun konpondu ezinak ikusiko ditugu berriro?

Ez dut uste agintaldi hau baino zailagoa izango denik. Jaurlaritza osoko gehiengorik gabe abiatu zen; beraz, oso ahul; gero akordioa egin zuen PSE-EErekin, baina arlo jakin batzuetan, PSE-EEk oposizioa egiten jarraitu zuelako. Agintaldiaren amaieran, berriz, lege oso garrantzitsu batzuk onartu dituzte: udal legea, esaterako; kasu horretan, akordioa ezker abertzalearekin lortuta. Nik uste dut hurrengo agintaldia errazagoa izango dela, eta honetan lortutako konfiantza giroa baliagarri izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.