«Nafarroan askoz gehiago behar da. Gehiago espero nuen, egia esan»

Garikoitz Goikoetxea.
Iruñea
2016ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Euskararen arlora iritsi da aldaketa Nafarroan?

Neurri batean, bai. Euskaldunek eta euskalgintzak nahi zutena, ez. Batzuek esanen dute posibilismoarekin jokaturik egin direla egin direnak. Nire ustez, ez. Ez da aski egin. Egia da denbora tarte txikia izan dutela oraindik. Pauso batzuk eman dira, beharrezkoak zirenak. Askoz gehiago behar da. Gehiago espero nuen, egia esan.

Zeri buruz ari zara, adibidez?

Gobernua laguntzen dauden alderdi guziek ustez berdintasuna aldarrikatzen dute, eskubideak bermatzea. Oso larria iduritzen zait Euskararen Legea ez aldatzea. Eskubideak batzuei eta bizi diren unean eta lekuan bakarrik onartzen dizkie. Larria iduritzen zait hori adosteko gai izan ez direlako. Halere, aurrera segitu behar dugu.

Polemikak pilatzen ari dira: haur eskolak, hezkuntzako postuak...

Jokamolde politiko bat da. Alderdi batzuek ez dute onartzen oposizioan egotea. Oso argi izan dute nondik jo agintean daudenen kontra. Tristea da euskara hartzea horretarako, baina ez nau harritu.

Harritu ez. Eta kezkatu?

Beti. Aldi berean, esan nahi du aurrerapausoak ematen ari garela. Askotan, gehiago kezkatzen naute barnetik edo espero ez duzun tokitik etortzen diren adierazpen eta jokabide zenbaitek. Orain, euskalgintzak sartu behar du guziei erantzuten? Nire ustez, ez. Indarrak ezin xahutu ditugu horretan. Elkarretaratze batzuk izan dira, bai. Bizpahiru. Zenbat egin behar izan ditugu guk? Zenbat kezkatzen ziren aurreko gobernuak hainbeste manifestazio eta eskari izan direnean, eta hainbeste guraso, irakasle, ikasle eta herritar mugitu direnean? Batere ez. Ez zait iruditzen hainbesteko mugimendua dagoenik. Beste kontu bat da indar faktiko batzuk dituztela.

Zer rol behar du euskalgintzak?

Bere lanean segitu behar du. Motibazioan eta sustapenean; ahal badu, orain baino gehiago —indarrak ere kontuan izan behar dira—. Une honetan, ekintza inportantea da; bestela, korapilatu gaitezke eztabaida antzu batean, eta deus egin gabe geratu. Egin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.