Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Bizia arautzen duten orratzak

Publizitatea

Gizartea

Bizia arautzen duten orratzak

Erritmo zirkadianoen arabera bizi dira planetan diren bizidun gehienak; hala ere, duela gutxira arte, zientzialariek ezer gutxi zekiten horiei buruz. Gai horretan sakondu duten hiru ikertzaileri egokitu zaie aurtengo Medikuntzako Nobel saria.
Argazkia: MARTIN DIVISEK / EFE

2017-10-15 / Juanma Gallego

Sabel beltzarana, ihintzaren maitale. Poema baten hasiera dirudi, baina udako bazkalosteetan bereziki nekagarria den izaki baten izen zientifikoaren atzean dagoena besterik ez da. Jatorrizko bertsioan ere —Drosophila melanogaster—, nolabaiteko xarma gordetzen da, baina izen horrekin jada ez dago Euskadi sarietara poemario bat aurkezterik. Fruta eulia aipatuta, berriz, guztiek ulertzeko moduko irudia dator burura. Zomorro hegalari ezaguna; zorionez, ziztatzen ez duena, baina zinez astuna dena.

Biologoek, aldiz, estimu handitan dute ihintzaren maitalea. Beraientzat, zomorro hori organismo eredua da. Horrek esan nahi du euli horien ezaugarriak bereziki egokiak direla ikerketak abiatzeko. Gainera, eredu berdina erabilita, mundu osoko zientzialariek aukera dute antzeko baldintzetan ikerketak errepikatzeko, eta jakina da hori ezinbesteko baldintza dela ezagutza zientifikoan aurrera egiteko. 1970eko hamarkadan, zenbait zientzialarik euli horien lo ohiturak ikertzeari ekin zioten. «Zuk uste al duzu Espainian halako ikerketa batek finantzaketa lortuko lukeenik?», galdetu du, telefonoaz bestalde, Juan Antonio Madrid Fisiologiako katedradunak.

Murtziako Unibertsitatean (Espainia) Kronobiologia laborategia zuzentzen du Madridek. Haren aburuz, eulien loarekin gertatutakoa oinarrizko zientziari eman behar zaion garrantziaren adibide bikaina da. Izan ere, hasieran aplikaziorik gabeko ikerketa zirudien horrek biologia astindu du, ikerketa bide oparoa irekita. Hilaren hasieran, bide horrek Stockholmgo Karolinska Institutuaren babesa jaso du. Hala, aurtengo Medikuntzako Nobel saria Jeffrey C. Hall, Michael Rosbash eta Michael W. Young ikertzaileek jaso dute, «erritmo zirkadianoa arautzen duten mekanismo molekularren gainean egin dituzten aurkikuntzengatik». Erritmo horiei esker, Lurrean dauden bizidun gehienak planetaren errotazioari egokitzeko gai dira. Besteak beste, loa, elikadura, hormonen isuria eta gorputzaren tenperatura erloju biologikoaren arabera moldatzen dituzte.

Jakina da zientziari lotutako Nobel sari gehienak zientzialari zehatzei baino gehiago, zientzialari horiek ordezkatzen duten arloari merezimendua aitortzeko emanak direla. Kasu honetan, Madridek esan du berak ez zuela espero Biokronologiaren diziplinak Nobel bat hain goiz lortuko zukeenik. Uste du aurkikuntzak oraindik ibilbide luzea daukala aurretik. «Duela hainbat hamarkada ikertzen hasi baziren ere, oraindik ere ez dugu guztiz ulertzen mekanismo honen funtzionamendua».

Edonon txertatuta

Ikertzailearen esanetan, erloju biologikoa, berez, 1972an topatu zen aurrenekoz, ugaztunen hipotalamoan kokatuta; hori ere «lehen mailako aurkikuntza» izan zela gogorarazi du. Gerora jakin zen, garunean ez ezik, gorputzeko zelula guztietan ere txertatuta zegoela.

«Hiru zientzialari horiek erloju horren mekanismo biologikoa deskribatzea lortu dute». Kontua azaltzeko, erlojuaren metaforan sakondu du Madridek. «Pieza bat mugituz gero, zer gertatuko den jakin dezakegu; funtsean, zer aldatu behar den, ordua aurreratzeko edo atzeratzeko».

Adituaren ustez, garrantzi handiko fenomenoa da, hain zuzen, espezie guztietan dagoelako: «landareak, ornodunak, ornogabeak. Erlojua arautzen duen gene zehatza ezberdina bada ere, mekanismoaren funtzionamendua oso antzekoa da bizidun guztietan. Gene horiek, gainera, zeluletako makineria osoan inplikatuta daude. Edozein zelulatako genomikaren %10-30 arautzen dute».

Adituak aipatu du erloju hori eraldatzeko gai diren botikak oraindik ere ez direla merkaturatu; baina bidean omen daude, eta lehen probak hasiak dira jada. Horrela, etorkizunean gizakiek aukera izango dute erloju biologikoa nahieran atzera edo aurrera egiteko. «Munduan zehar milaka eta milaka ikerketa abiatu dira gene horien haritik, eta ez bakarrik kronobiologiaren alorrean. Minbiziarekin, obesitatearekin eta zahartzearekin ere harremana dute gene horiek».

Zeregin horretan dabil Guiomar Solanas biologoa ere. IRB Bartzelonako Biomedikuntzaren ikerketarako Institutuko ikertzaile horrek erritmo zirkadianoek zelula ametan duten eragina ikertzen du bereziki. Abuztuan, bere laborategiko kideekin batera, Cell aldizkarian gaiari buruzko artikulu garrantzitsu bat argitaratu du. Artikuluan, orain arte dogmatzat hartzen zen postulatu bat hautsi dute ikertzaileek. Ideia horren arabera, zahartzearekin batera, erritmo zirkadianoak pixkana itzaltzen dira. «Ideia hori errotuta egon da aspalditik, garuneko eremu zehatz batean hala zela frogatuta zegoelako. Ondorioz, uste zen gorputzaren gainerako zeluletan ere horrela behar zuela, baina hori ez zegoen frogatuta. Horregatik, laborategian gaia ikertu dugu». Emaitzetan, ñabardura garrantzitsua azaldu da: zahartzearekin batera, egunaren eta gauaren arabera izaten diren funtzioak aldatzen direla baieztatu dute, baina, erloju biologikoa ez dela moteltzen frogatu dute.

Kronobiologiaren ikuspuntutik ikerketa burutzean, organismoan benetan gertatzen dena hobeto ulertzeko bidea dagoela dio. «Normalean, une zehatz baten inguruko argazkia eskuratzen dugu biologook, baina hor ez da azaltzen duela lau ordu gertatutakoa. Edo argazkia atera eta lau ordura gertatuko dena ere ez. Argazkia bainoago, kronobiologiak aukera ematen dizu film osoa ikusteko».

Aspaldiko bataila

Ikerketan gero eta gehiago sakondu, orduan eta mundu zirraragarriagoa azaltzen dela gaineratu du ikertzaileak. «Maila zelularrean gauez gertatzen diren gauzek ez dute zerikusirik egunez gertatzen diren gauzekin. Horrela, ehunen fisiologia askoz hobeto ulertzeko gai gara».

Bat dator Juan Antonio Madrid. «Kronobiologia arras zoragarria da, eta aurkikuntzak bata bestearen atzetik datoz». Halere, diziplina horren inguruko ezagutza zabaldu beharra dagoela dio, eta horretan ere Nobel sarietan agertu izana lagungarria izango dela espero du. Ez da topiko hutsa. Interneteko bilatzaile batean kronobiologia jarrita, lehen emaitzen artean berehala agertzen dira zientzia serioarekin lotura gutxi dituzten web orriak; tartean, konspirazioaren teoriak zabaltzen dituen osasunari buruzko aldizkari ezagun batena.

«Aspaldiko bataila» dela dio Madridek. «Oroitzen naiz 1980ko hamarkadan, gaiaren inguruko libururen bat agertuz gero, liburu dendetan esoterismoari eskainitako tartean kokatzen zutela. Argi utzi beharra dago ez duela zerikusirik horoskopoen alboan agertzen diren zentzugabeko biorritmoekin. Ezagutza metodo zientifikoan oinarritu behar dugu, ezinbestean, baina jende askok zientzia erabiltzen du negozioa egiteko».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak