Estitxu Zabala.
«BIKIN GORA!»

Tituluak

2017ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Lau urtez Martutenen ikasi ostean, DBHko titulua eman zidaten. Bi urtez Ibaetako mendixkara igo ondoren, Batxilergoko titulua jaso nuen. Beste lau urtez Leioako fakultatera joateagatik, kazetaria naizela dioen titulua sinatu zidan, nork eta Juan Carlos Borboikoak! Horrela joan zaizkit urteak, tituluz titulu. Arraunlaria naizela dioen titulurik oraindik ez dut jaso. Baina ongi gogoan dut 2012an, arraunean hasi nintzenean, zer esan zidan orduko nire entrenatzaileak: «Lau urte behar izaten dira arraunlari izateko».

Garai hartan, 18 urtetik gorako lau lagun bakarrik ginen Hernanin, eta batelean genbiltzan, gure Txemari maitean. Nire debuteko estropada ere ez dut sekula ahaztuko, eta beste hirurek ere ez, seguru. Lau urteko plana luzeegia iruditzen zitzaidan, eta pentsatu nuen, agian, «arraunlari izan gabe» erretiratuko nintzela. Ez dakit orain arraunlari banaizen edo ez, hori dioen arren nire izenaren azpian, baina arraunean banabil behintzat, buru-belarri.

Titulu berri bat lortzeko peskizan, euskaltegian hasi nintzen 2015ean; EGArekin nahikoa ez, eta goragoko maila baten jabe egitekotan. Goizero-goizero, Ilazkin bezero, batzuetan ero, besteetan bero... eta langaz langa, iritsi zen hainbeste esperotako ahozko azterketa, joan den larunbatean. Han ere arrauna izan nuen hizpide, eta bukatu bezain laster Urumeara hurbildu nintzen, taldekideei animoak eta erreferentziak oihukatzera.

Igandean, berriro ere tostartean aritzea izan zen nire titulua, eta, datorren asteburuan, goi mailarako txartela lortzea izango litzateke gure titulua. Gehiagok ere eskuratu nahi dute, ordea, eta lau leku baino ez daude, hamar trainerurentzat.

Orri eleganteak, banderak, dominak... edonola ere, tituluak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.