Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Elkar hartuta erantzuten

2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Guztira 26 emakumek jarri zioten salaketa auzitegietan —Nora Arbelbide BERRIAko kazetaria tartean—, baina 60 emakume baino gehiagok kontatu zuten Patrick Poivre D'Arvor PPDA Frantziako kazetari ezagunak eraso ziela. Sexu indarkeria, bortxaketak, sexu jazarpena... Hainbat hamarkadatan biktima izandako horiek jomugan jarri ditu orain, bigarrengoz biktimizatu; haien kontrako salaketa aurkeztu baitu Poivre D'Arvorek, bere irudia laidoztatu dutela argudiatuta.

Inguruan dituen emakumeak gutxietsi, erabili eta nahieran baliatu dituen gizon boteretsuaren istorioa errepikatzen da kasu honetan ere. Botere horrek ukiezin bihurtu zuen urte luzetan, eta bere biktimek salatuko ez zuten ziurtasunaz jokatu zuen. Orain, gainera, salaketa judizialak preskripzio epea pasatuta aurkeztu izana baliatu du kontraerasoa egiteko. Kote Cabezudok berriki amaitutako epaiketan egin zuen moduan, emakumeen gain bota du karga, haiek zirela atzetik zituenak, haiek maitemindu zirela berarekin, emakumeek ez zutela gogoz kontra ezer egin berarekin.

Indartsu ihardetsi diote emakumeek Poivre D'Arvori. Mediapart kazetan elkarrizketa bat eskaini dute haietako hogeik, aurpegia emanez, testigantza gordinak plazaratuz eta, batez ere, elkar hartuta daudela erakutsiz. Mezu argi bat erasotzailearentzat: ez dituela isilaraziko, ez dituela kikilduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.