Realak ubera utzi nahi du

Realak Valentzian emandako itxura onari segida eman nahi dio gaur Palman.. Portu osatu egin da, eta baliteke lehen aldiz jokatzea

Jon Ander De la Hoz.
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Puntuak pilatzen jarraitu nahi du Realak. Mestallan, Valentziaren aurka puntu bat urratuta ekin zion ligari iragan hastean, eta bide horretan jarraitu nahi du gaur Palman (Herrialde Katalanak). Donostiatik urrun jokatuko dituzten lehen hiru partidetatik bigarrena jokatuko dute Mediterraneo itsasoko uhartean, eta handik ubera ondo marraztuta itzuli nahi du etxera. Hiru puntuak zakuan dituela bada, hobeto.

Horretarako lantegi nekeza du Realak, Imanol Alguacil entrenatzailearen arabera: «Zaila izango da. Mallorcak goian estutu nahiko gaitu, eta lerroak gainditu ahala ondo batzen den taldea da. Baloiarekin ere ondo aritzen da; tentuz jokatu eta posizioko jokaldietan ondo aritu beharko dugu».

Mallorcari aurrea hartzeko «bete-betean» aritu beharko dutela zehaztu du prestatzaile oriotarrak, eta «ez beroak, ez ordutegiak» ez duela axolako ohartarazi du: «Ez dago aitzakiarik; ligako partida bat da».

Hamaikakoari dagokionez ere ez du aitzakiarik izango. Osatu egin da Cristian Portu, eta Diego Llorentek partida bateko zigorra bete du. Aldiz, Aritz Elustondo ez da osatu, eta Ruben Pardo, Luca Sangalli, Ander Barrenetxea eta Kevin Rodrigues deialditik kanpo utzi ditu. Zerrendan badago, ordea, Andoni Gorosabel. Ikusteko dago ea Diego Llorentek jokatuko duen, edo Zubeldia eta Le Normanden aldeko apustuari eusten dion. Halaber, datozen egunetan Nacho Monreal fitxatu ote dezaketen galdetuta, prestatzaileak garrantzia kendu dio: «Gaur-gaurkoz, horrek arduratzen nau gutxien. Zoratzen nago taldearekin; nahi genuena da».

Poz gutxiko zelaia

Estatistiken arabera, Realarentzat zelai zaila da Palmakoa. Hamasei urte daramatza bertan irabazi gabe, eta Imanolek horixe gogorarazi die jokalariei: «Neuk ere ez nuen irabazi, eta luzaroko kontua da. Tarteka, ez dakizu zergatik, baina zelai batzuetan ez du asmatzen talde batek, eta hau da haietako bat».

Bolada txar horri amaiera emateko aukera du gaur Realak. Badu beste pizgarri bat ere; hiru puntuak eskuratzen baditu, ligan hasiera on bat sinatzeko bidean jarriko litzateke, eta horrek ubera utziko luke. Bai Mallorcako uhartetik etxera itzultzerakoan, baita sailkapenean ere.

MALLORCA-REALA

Mallorca. Reina; Joan Sastre, Valjent, Raillo, Lumor; Dani Rodriguez, Baba, Salva Sevilla, Febas; Budimir eta Lago Junior.

Reala. Moya; Zaldua, Zubeldia, Le Normand, Aihen; Illarramendi, Merino, Odegaard; Januzaj, Willian Jose eta Oiartzabal.

Epailea. Pizarro Gomez.

Lekua. Son Moix (20.500 ikusle).

Ordua. 17:00etan (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.