Realak behar zuena

0-4 irabazi dio Valentziari, eta bolada txarra eten du. Garaipenik lortu gabea zen ligako azken zazpi partidetan. Athleticek gaur jokatuko du
Realeko jokalariak elkar besarkatuta, gol bat ospatzen.
Realeko jokalariak elkar besarkatuta, gol bat ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abenduak 22
Kosta zaio Realari, baina azkenean altxatu du burua. Zazpi partida zeramatzan ligan irabazi gabe —21 puntutik bi bakarrik bilduta—, eta, ondorioz, sailkapenean amiltzen ari zen. Bolada guztiek dute amaiera, baina, eta txuri-urdinenak atzo izan zuen azken atala, Valentziaren zelaian. Realak 0-4 irabazi zuen, partida oso serioa eginda eta Nahikari eta Cardonaren argiari jarraikiz. Garaipenari esker, Reala zortzigarren postura igo da, eta Gabonak pixka bat lasaiagoak izango dira Zubietan.

Realak behar zuen hori lortu zuen atzo Valentzian. Puntuak ziren lehentasuna, baina haiekin batera konfiantza ere iritsi zen, ondo jokatu baitzuen, eta ez zuen golik hartu. Txuri-urdinek, dena den, minutu batzuk behar izan zituzten agintzen hasteko, Valentzia hobeto sartu baitzen, eta horri esker izan zuen lehen aukera ona, Colemanek baloia langara bidali zuenean (20. min.). Reala, baina, apurka nagiak astinduz joan zen, eta jokoari abiada eman zion. Abiadurari esker sartu zuen 0-1ekoa Palaciosek (25. min.). Valentziaren atzelari batek ez zuen ondo urrundu Cardonaren erdiraketa, eta mexikarrak ehizatu zuten aldaratzea, area barruan.

Golak mesede oso handia egin zion Realari, eta orduan hasi zen Nahikariren ikuskizuna. Berak sartu zituen beste hiru golak (38. pen., 63. eta 80. minutuetan), bat oin bakoitzarekin eta hirugarrena buruz. Bigarrenean, berak eragindako penaltia sartu zuen. Iragan astean bat huts egin zuen, baina ez zuen zalantzarik izan berriz ere ardura hartzeko. Bigarren zatian, Realak jokoa kontrolpean izan zuen, eta Valentziak ernegatuta bukatu zuen.

Athleticek, bestalde, gaur jokatuko du 15. jardunaldiko partida, etxean, Albaceteren aurka (12:30). Zuri-gorrien bolada gozoa joan den astean bukatu zen, baina berriz ere arrasto onera itzultzeko aukera dute bederatzigarren sailkatuaren aurka. Gaur bukatuko da ligako lehen itzulia, eta bi asteko etena izango du gero.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria