KRITIKA. Kursaaleko Auditoriuma

Museoko korridoreetan geldi

Kavakos biolinista, Afkham zuzendaria alboan duela. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Orkestra Nazionala

Zuzendaria: David Afkham.Biolina: Leonidas Kavakos. Egitaraua: Txaikovskiren Biolinerako eta orkestrarako kontzertua re maiorrean, 35. opusa eta Schumannen 1. sinfonia,38. opusa.Lekua: Donostiako Kursaal Auditoriuma.Eguna: Abuztuak 25.

Leonidas Kavakos biolinista greziarra hiru aldiz egon da Kursaalean 2015. urtetik, beti biolinerako errepertorioan maila gorenean eta, horregatik, ezagunean kokatzen diren piezekin. Azkena 2019ko azaroan izan zen, publikoaren artean besaulki huts bat uzteko beharra ezarri baino lehen, Bela Bartoken Biolinerako 2. kontzertu gogoangarria eskainiz. Asteazkenean Espainiako Orkestra Nazionalarekin batera igo zen taulara, Musika Hamabostaldiaren azken txanpan entzule iheskorrenak ere liluratzeko programan.

Piotr Ilitx Txaikovskik 1878an idatzi zuen Orkestra eta biolinerako kontzertua, egoera pertsonal lazgarri batean murgilduta, bere 4. sinfonia eta Eugene Onegin opera amaitu ondoren. Hiru urteren ostean egindako estreinaldian, Vienan, askotariko erreakzioak izan ziren; bortitzena Eduard Hanslick musika kritikariarena izan zen (Txaikovskik sekula ahaztuko ez zuena), kontzertuak Ā«musika konposizioetan kirats nazkagarria entzun daitekeelako beldurra piztenĀ» omen baitzuen. Kritikariek musika zuzendu, baina denborak kritikariak zuzentzen ditu zorrotzago. Egun, publikoak biolinista handienen eskutik soilik behin eta berriro bisitatzen duen monumentua da. Eta Kavakosek birtuosismoz gidatu zituen mugimenduak, orkestraren sostengu eder eta orekatuaz lagunduta, bereziki haizeen sekzioan. Lehen mugimenduaren melodia zuzenak argi eta dirdaiaz, kadentzia bizitasunez, Finalea festaz.

Ondoren, orkestra bakarrik geratu zen Robert Schumannen 1. sinfonia eskaintzeko, besaulkiak beteko direla bermatu eta zaleak gogaitzearen arteko muga finean. Izan ere, obra hau bera duela hiru hilabete eskas entzun ahal izan genuen Kursaalean, Euskadiko Orkestraren 2020-2021eko denboraldian. Oraingoan, David Afkhamen batutak dinamika malgu eta zabalak hedatu zituen udaberriari eskainitako mugimenduetan, intentsitatea piztuz, eta zurezko zein metalezko haizeak nabarmendu ziren berriro. Iruditeria musikalaren museoan, erakarpen indar ukaezineko arratsa izan zen. Publikoak ezin izan zien eutsi zirrarari eta txaloei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.