Eibarrek aurrerapausoa eman behar du gaur Levanteren zelaian

Aitor Manterola Garate.
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Eibarrek hiru partida bakarrik irabazi ditu hogeigarren jardunalditik, eta 28. neurketa izango du gaur, Levanteren zelaian. Galdu baino gehiago, berdindu egin ditu tarte horretako partidak, eta puntuz puntu ez dago gora egiterik sailkapenean. Pixka bat beherantz doa Jose Luis Mendilibarren taldea, eta urrun samar ikusten diren laino beltzen eremura gehiegi ez gerturatzeko, aurrerapausoa eman behar du gaurtik bertatik hasita taldeak.

Etxetik kanpo orain arteko bidean lortu duenak ez du, ordea, konfiantza handirik ematen, behin bakarrik irabazi duelako Ipuruatik kanpo Liga honetan. Ondo jokatu izan ditu makina bat partida, baina ez da talde irabazlea aurkarien zelaietan. Noizbait lortu beharko du, baina, bigarren garaipena, eta gaur hala izan dadin partida ona egin beharko du.

Garbi asko nabarmendu zuen herenegun Mendilibarrek aurkari arriskutsua dela Levante: «Kontraerasoan zitalak dira, eta gai dira edozein unetan aurkariari min emateko». Ez dabil fin, ordea, etxeko taldea, azkenaldian. Ale bakarra du irabazia azken bosteko sortatik eta hirutan galtzaile izan da, gainera. Alde horretatik antzeko dabiltza, beraz, bi taldeak.

Baita beste honetan ere: min hartutako jokalariak dezente dituzte bien artean. Eibarren ez dira ariko Arbilla, Calavera, Bigas eta Diop. Arbillaren eta Bigasen zuloak da esanguratsuak, erdiko bi atzelarirekin soilik geratu delako taldea: Ramis eta Oliveira. Ez du kezka handirik, hala ere, Mendilibarrek:«Erdiko bi atzelari bakarrik ditugu, baina badira beste aukera batzuk ere taldean». Levanteri dagokionez, ezingo dute jokatu Oierrek, Doukurek eta Dwamenak, eta gainera, Chema atzelaria zigortuta dago.

Levantek 31 puntu baino ez dauzka, eta kontuan izanda atzo Celtak irabazi egin ziola Vila-reali atzeko lekuetako lehian [3-2], jaitsiera hiru puntura duela ekingo dio gaurko partidari. Eibarrek zazpiko koska du orain, eta Celtaren emaitzak beste kezka puntu bat gehitzen dio gaurko partidari.

LEVANTE-EIBAR

Levante. Aitor; Coke, Vezo, Postigo, Rober, Luna; Campaña, Bardhi, Rochina; Morales eta Roger.

Eibar. Dmitrovic; Peña, Oliveira, Ramis, Jose Angel; Orellana, Escalante, Jordan, Cucurella; Charles eta Enrich.

Epailea. Prieto Iglesias.

Lekua. Valentzia Hiria (26.354 ikusle).

Ordua. 12:00etan (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.