Etxean jokatuta, lanak egin behar dituzte hiru euskal taldeek

Beren zaleen aurrean jokatuko dute gaur hirurek: Osasunak Valladolid hartuko du; Athleticek, Vila-real, eta Realak, Betis

Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Etxeko lanak egiteak garrantzi handia du bizitzako arlo askotan. Baita futbolean ere. Osasunak, Athleticek eta Realak etxean jokatuko dute gaur. Qatarko Munduko Kopa iritsi aurreko denboraldia amaitzen ari da. Gaurkoarekin, hiru partida baino ez dira geratuko etenaldira iristeko, eta taldeek ahalik eta puntu gehienekin iritsi nahi dute.

Osasunak jokatuko du lehenbizi gaur, Sadarren, Valladoliden aurka (14:00, Dazn). Talde gorritxoak hamazazpi puntu ditu jada, eta, espainiarrei irabazten badie, hogei punturen langara iritsiko da: «2 zenbakia aurretik jarri nahi dugu; gauza handia litzateke. Ea bihar [gaur] egiterik dugun. Baina partida zaila espero dut. Bolada onean dago Valladolid; konfiantzaz gainezka dago. Gauza asko egiten ditu ondo, eta jokalari oso ausartak ditu», esan zuen atzo Jagoba Arrasatek.

Osasunako entrenatzailearen ustez, Jose Rojo Pacheta-k entrenatutako Valladolidi aurre egiteko gakoetako bat azken bi norgehiagoketan erakutsitako «bizitasunari» eustea da: «Espanyolen eta Gironaren aurka izan genuen bizitasunari eutsi behar diogu Valladolidi irabazteko; ahalegindu behar dugu haiek deseroso egon daitezen. Egun, hori da egitekorik zailena».

Zauria sendatu nahi du

Athleticek, berriz, Vila-real hartuko du San Mamesen (18:30, Dazn). Zuri-gorriek galdu egin dituzte azkeneko bi partidak. Batez ere, azken jardunaldian Bartzelonaren zelaian 4-0 galtzeak egin die min, eta zauri hori sendatu nahi dute gaur: «Neurketa garrantzitsua da, aurreko bi partidak galdu egin baititugu, eta Vila-realek gure puntu berberak baititu. San Mamesen lehiatzeko irrikaz gaude, eta orain arte egin dugun joko bizia berreskuratu nahi dugu, talde handi baten aurka nor baino nor gehiago aritzeko», adierazi zuen atzo Ernesto Valverdek.

Vila-realek aste mugitua izan du. Unai Emery entrenatzaile hondarribiarrak taldea utzi du Ingalaterrako Aston Villa zuzentzeko. Quique Setienek ordezkatu du. Hala ere, Valverdek ez du uste Setienek taldea asko aldatuko duenik, «denbora gutxi» izan baitu: «Atzetik jokatzen saiatzen da Vila-real, eta baloiarekin pazientzia handia du. Adi ibili behar dugu, ligako talderik teknikoenetako bat baita».

Eguna amaitzeko, Realak Betis hartuko du Anoetan (Movistar La Liga, 21:00). Etenaldira iritsi aurretik Realak bost neurketa jokatuko ditu, horietatik hiru etxean. Datorrenari aurre egiteko, Imanol Alguacilek «ezinbestekotzat» jo du Anoetaren babesa izatea: «Harmailetan giro paregabea egotea behar dugu etxean jokatuko ditugun hiru neurketa hauetan. Zaleak gure motorra dira».

Reala eta Betis parean ibili dira azken urteotan, baina bien arteko partidetan dezente hobeto moldatu dira espainiarrak. Halere, Imanolek ez du uste haien mamu beltza denik. «Sekulako taldea da, eta entrenatzaile aparta du. Bikain ari da azken urteetan. Lehia zaila izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.