Donostiako 55. Jazzaldia. KRITIKA. Donostiako 55. Jazzaldia

Bartzelonatik Portugalera

Marizak larunbat iluntzean kantatu zuen jazzaldian. GORKA RUBIO / FOKU.
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

Carles Benavent Trio eta Mariza

Lekua: Trinitate plaza, Donostia. Eguna: uztailaren 25a.

Bi egunez jarraian izan dugu Carles Benavent (Bartzelona, 1954) Trinitate plazan ikusteko eta entzuteko parada. Lehenengoan, Jorge Pardo eta Tino di Geraldorekin; eta bigarrenean, Alacantetik etorritako Rouger Mas piano jotzaile bikainarekin eta Aleix Tobias katalanarekin, perkusioaren artean maisua dena.

Benaventen ibilbidea ikaragarria da; erreferente da baxu jotzaile bezala, baita musikagile bezala ere. Zalantzarik gabe esan daiteke Europako jazzaren historian bere lekua duela. Hogei urte baino gehiago aritu da Paco de Luciarekin, eta horrek eragin handia izan du beregan. Flamenkoa gertutik bizi izan du. Proposamen berriekin etorri da jazzaldira, Mediterraneoaren eta flamenko-jazzaren usaina duten proposamenekin. Iturri guztietatik edateko prest dago eta, hala, Federico Monpou musikagile katalanaren pianorako pieza bat hartu, eta moldaketa zoragarri bat egin du; solea erritmoan kulunkatu dute pieza, eta emaitza bikaina izan da.

Rouge Mas aparta da pianoarekin. Benaventi propio idatzitako Para Carles konposizio zoragarri eta dinamikoa eman du. Benaventek, harro eta kexu, txantxetan azaldu du Masek argaltzeko idatzi ziola halako pieza indartsu eta jotzeko nekagarria.

Aleix Tobiasek urteetan ikertu ditu Afrika aldeko erritmoak eta tresnak, eta trebezia eta fintasun handiz lagundu du kontzertu osoa. Hirukotea gustura aritu da, eta oso gustura entzun dugu.

Fadoaren malenkonia

Amalia Rodrigues abeslari portugaldarrak izugarrizko eragina izan du fadoaren historian. Eta fadoak garrantzi handia du Portugalgo musikan. Hil honetan bete dira ehun urte jaio zela. Hark eman zion fadoari duintasuna eta ospea; taberna zulo ilunetik atera, eta mundura zabaldu zuen. Marizak omenaldia egin nahi zan dio, ospetsu egin zituen abestiak gogora ekarriz, eta berpiztuz.

Adorea du Marizak, bai abesterakoan, baita presentzian eta jarreran ere. Maputon jaio zen, 1973an, eta 3 urte zituela Portugalera joan zen bizitzera. Mozambike barrenean du, eta Afrikaren indarra sumatzen duela dio. Cabo Verdeko doinuak abestu ditu, baita Madeirakoak ere. Sendo ematen ditu pausoak, eta ikusleekin zuzenean mintzo da, konplexurik gabe. Berehala konkistatu du publikoa. Ahots oso pertsonala du, eta ezin hobeto doakio Amaliaren errepertorioa.

Musikari gazte eta trebeek lagundu diote. Phelipe Ferreirak doinu ederrak sortu ditu gitarrarekin. Luis Guerreirok fadoari funtsa atera dio gitarra portugaldarrarekin. Joao Fradek bitxikeriaz apaindu du kontzertua soinuarekin. Eta Joao Freitas fin eta zehatz baterian, egituraren zama aise eramaten.

Marizak ikusleei galdetu die ea zer nahi zuten abestea, eta aspaldiko errepertorioko kantaren bat abestu du a capella, letra gogoratzen saiatu bitartean. Amaitzeko, Ó gente da minha terra mitikoa abestu du. Taula gainetik jaitsi, eta ikusleen artera joan da; Trinitate plaza erdian abestu du, ikusleekin bat eginda, emozioa eta zirrara eraginez. Fadoa ez dela tristea dio, malenkoniatsua baizik. Publikoak eta Marizak malkoei eutsi nahian agurtu dugu elkar. Fadoaren erregina dela erakutsi digu Mariza Nunes handiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.