'Atsoa'

Bi aldiz pozgarri

Idazlea: Victor Catala. Itzultzailea: Sagastibeltza. Argitaletxea: Txalaparta.

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Andre Gide idazleak adierazi zuenez, literatura ona ez omen da asmo onekin egiten, ezta sentimendu onekin ere. Kategorizazio hori egia baldin bada (eta, nire ustez, egiatik asko du), pozgarria zait Caterina Albert i Paradisen (Victor Catala goitizenez) Atsoa ipuin bilduma euskaraz irakurri ahal izatea. Tematikoki nahiz peripezia narratiboz —batez ere intentsitatearekin jolastuz—, irakurlearengan eragiten duen irakurketa bat proposatzen digu idazleak, ez istorio perfektuak eta eredugarriak irudikatzen direlako; kontrara, pena, errukia eta ezinegona ernatzen baititu edozeinen irakurketa-esperientzian. Ipuin deserosoak dira, hortaz, Catalak idatzitakoak. Baliabide narratologikoz beste barik, autoreak atmosfera zirinak sortzen ditu eta irakurleak pertsonaiekiko errukia sentitzera daramatza. Horretara heltzeko, pertsonaia tipologia eta perspektiba zehatz bat eraikitzen du: gizarteak historikoki bazterturikoak dira fokalizatu nagusiak, hots, ijitoak, etxetik ihes egin eta eskale baten gisan alderrai dabilen mutila, emakumeak, herrixka xehe batean lekurik ez duen ume sasi-burgesa, inork kasurik egiten ez dion atsoa, bi sorginen semea, besteak beste. Baztertuak ez ezik, hainbat, Mutxurdineko Met edo Ama Baleako mutikoa, esate baterako, zapalduak ere badira, krudeltasunez tratatuak, eta, are, biolentziaz ere. Heriotzak ere modu berean zeharkatzen ditu pertsonaia gehienak: bakardadean eta krudel, erantzuteko astirik ezta mugimendurik barik. Gehienak diot Elkarrizketa bat, bi ikuspegi ipuina aipaturikoaren salbuespena izan daitekelako, dela moldez dela perspektibaz. Normalean, lerro nagusitik ateratzen diren adibideak gustatu egiten zaizkit, konposizioari bizitasun bat eransten baitiote. Oraingoan, ordea, ez zait hala gertatu. Ipuina gustatu arren, gainontzekoak baino maila bat beherago dagoela iruditu zait; bere ezaugarri propioak ditu eta narratologikoki ere badu zer aipatua, baina, ez da, gainontzekoak ez bezala, ipuinetan horrenbeste estimatzen dudan intentsitatearen lekuko.

Victor Catalaren eta euskal sistema literarioaren parte garen irakurleon errealitatea bada zerbaitetan berdina: bi-biok hizkuntza gutxituan ari garela. Egoera soziolinguistiko horrek, dakigun bezala, eragina du literatura bat unibertsalizatzeko bidean, oro har, gutxiago itzultzen baita, eta, ondorioz, gutxiago zabaldu. Horren erakusle dugu Txalaparta argitaletxeak euskarara ekarritako Victor Catalaren ipuin sorta; modernismoaren ikurtzat hartzen bada ere, lehen aldiz ekarri da bere obra euskarara, eta datu horrek ematen du zer pentsatua. Beti da pozgarria, beraz, Blanca Llum Vidalek apailatutako antologia horrek, eta egoera berean dauden beste hainbatek gure sistema literarioan babes hartzea, hizkuntza gutxituen aldarrikapenerako bakarrik bada ere. Catalaren kasuan, ordea, erreibindikazioa ez da politika linguistikoan bakarrik agortzen; ipuinek duten balio literarioa kontuan izanda, kalitatezko literaturari ere argi egiten baitio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.