Dieselaren fiskalitatea «argitzea» exijitu du Arabak

Ivan Santamaria -

2018ko urriak 12
Kezka dira Trumpen zakarkeriak. Kezka da banku zentralek diruaren prezioa garestitzeko bidea hartu izana. Kezka da petrolioaren igoera. Eta kezka zerrenda horretan, akaso espero ez zen bat indarrez sartu da EAEko erakundeen agendan: diesel erregaia erabiltzen duten ibilgailuen etorkizuna.

Gaiak Europan polemika handia piztu du, baina, orain dela gutxi arte, nahiko oharkabean igaro da Euskal Herriko agintari politikoen ahotan. Atzo, ordea, Finantzen Euskal Kontseiluaren ondoren egindako agerraldia baliatu zuen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak gaiari buruz kexa argia emateko. Ez da harritzekoa, autogintza sektore handia du Arabak, eta Euskal Herriko lantegi handiena ere bertan du Mercedesek.

Dieselak dituen buruhauste guztien artean, zergapetzearekin kezkatuta dago Gonzalez. Espainiako Gobernuak iragarri zuen diesela erabiltzen duten ibilgailuen zergapetzea gogortuko zuela. Oraindik ez du egin, baina ziurgabetasuna hasi da nabaritzen. Mercedesek berak lantegia hainbat egunez itxiko du, asteon hasita. Diesel ibilgailuen salmentek atzera egin dute, nabarmen, isurketen eskandaluari jarraituz hartu diren neurrien ondorioz.

Fiskalitateari buruzko erabakiak «baldintza guztiak neurtuta» hartu behar direla uste du Arabako ahaldun nagusiak, eta exijitu du egoera hori ahalik eta lasterren «argitzea». «Kontuan hartu behar da eraldaketa energetiko baten beharra, baina, era berean, autogintzak euskal ekonomian duen pisu handia».

Mercedesen kasuan, oraingoz behin-behineko itxierek ez dute luzera begirako proiektua zalantzan jarri. Herenegun iragarri zuen 47.000 metro koadroko orubea erosi duela Gasteizko garraioaren hirian. Gonzalezek uste du erakundeen lana dela enpresei hazteko baldintzak eskaintzea. «Sektore indartsua da Araban, baina egonkortasuna eman behar zaio, eta etorkizuna izango duen bermeak izan behar ditu».

Bestalde, EAEko erakundeek aztertuko dute hondamendiei aurre egiteko funts ekonomiko partekatu bat eratuko duten. Bizkaiko Foru Aldundiak eraman zuen proposamena atzoko finantza kontseilura. Horren helburua litzateke diru gordailu bat prest izatea, hondamendiren bat gertatuko balitz berehala erantzun ahal izateko. Kutxa horrek, asko jota, 75 milioi izango lituzke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna