Koronabirusa

Kontrolatu beharraren beldur

Leku publikoetara sartzeko, osasun ziurtagiria beharrezkoa da Ipar Euskal Herrian. Ostalariek eta kultur eragileek «polizia lanetan» aritu behar izatea gaitzetsi dute. Kontrako protestek ez dute etenik

Bezero bat tabernariari QR kodea erakusten. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
«Gu ez gara poliziak: ostalariak gara». Ostatuetako terrazetan behin eta berriz entzuten dira hitz horiek. Atzotik, Iparraldeko zerbitzariek bezero guztiei osasun ziurtagiria eskatzeko agindua dute, eta kezkaz hartu dute Frantziako Gobernuaren neurria. 72 ordu baino gutxiagoko PCR, antigeno edo autoproba negatibo bat, txertaketa pauta osoa, edo COVID-19aren kutsatze agiria beharrezkoak dira hainbat jardueratarako: gizarte segurantzak emandako QR kode batean biltzen dituzte informazio horiek.

Sylvie Tortillonek Baionako Bar du Palais ostatuan egiten du lan; kafe makinan kafe bihiak sartzen ari da, zerbitzariari osasun ziurtagiria kontrolatzeko QR kode irakurlea ongi dabilen galdetzen dion bitartean. «Guk nahiko gaizki hartu dugu neurria. Garaiotan sekulako jendea bada Baionan, gure terraza betea da, eta zaila izanen zaigu denen ziurtagiria kontrolatzea. Mugikor bakarra dugu QR kodea eskaneatzeko, eta jendea ezer galdetu gabe esertzen da», azaldu du. Logistika arazoak, alegia.

Dena den, Tortillonek bere burua ez du kontrolatzeko zeregin horretan ikusten: «Nik aitortuko dut: ez dut poliziarena egin nahi, baina ez dugu hauturik». Izan ere, Frantziako Gobernuak astebeteko malgutasuna eman die ostalariei neurri berria aplikatzeko. Hortik aurrera, kontrolak izango direla hitzeman du. Eta zigorra handia izan daiteke: ostalariak ez badu bezeroen ziurtagiria kontrolatzen, heste administratiboa arriskatzen du, baita 9.000 euroko isuna eta urtebeteko kartzela zigorra ere.

Bestalde, Tortillon «beldur» da bezeroen jarreraz. «Ikusiz gizartean gaiak zer-nolako desadostasunak ekartzen dituen, ez dakit bezeroek nola hartuko duten, baina beldur naiz batzuek zer jarrera izango ote duten». Lise Tortillon, zerbitzaria, barrara sartu da: bi kafesne prestatu behar ditu. «Bi bezeroek berehala atera dute QR kodea. Baina ondoko mahaian jarri den taldean, batzuek ez dute ziurtagiririk. Nola egin behar dut kasu horretan? Talde guzia kanporatu behar al dut? Zaila da; ez dakit zer erran», aitortu du.

Bar Basque jatetxean lan egiten du Florian Savek. Bazkarirako mahaiak prestatzen ari da, lehen bezeroen zain. «Geure kabuz antolatu behar dugu dena, ez dakigu nola pasatuko den, ez dugu informazio zuzenik jaso. Ez baduzu telebistarik, eta Internetean ez baduzu begiratzen, ez dakizu deus», deitoratu du. Lehen saiakera egin du; ezaguna duen bezero baten QR kodea eskaneatu du. Errorea: ez du irakurri ere egiten. Berriz saiatu da, telefonoak bata bestearengandik urrunduz. Oraingoan irakurri du: ziurtagiria balizkoa da. «Pentsa bezero guziekin horrela aritu behar badugu eguerdiko zerbitzu bete-betean!», bota du Savek. Hark ere ez du «poliziarena egin nahi».

Tortillon eta Save neurriak ekarriko dituen galera ekonomikoei buruz mintzatu dira. Ia hamar hilabetez hetsirik egon dira orotara pandemia hasi zenetik. Etxeratze aginduen eraginez, gainera, ordutegi murriztuekin aritu behar izan dute lanean. Orain, ziurtagiririk ez duten bezeroak gabe lan egin beharko dute. Save: «Abuztua da, karrikak jendez lepo dira. Azken bi urteetan izan dugun galera ekonomikoa ikusirik, uda irabaziak egiteko baliatu nahi genuen. Orain arte, nahiko ongi joan da, baina neurri berriarekin ez dakigu zenbateraino lan eginen dugun, ez dakigu jendea etorriko den».

Kultur guneetan ere bai

Ostatuetan ez ezik, kultur guneetara sartzeko ere beharrezkoa da osasun ziurtagiria. Uztailetik 50 lagun baino gehiago elkartzen diren lekuetan beharrezkoa izan da. Hala, Baionako Atalante zinemako Jean Pierre Saint-Pick arduradunak film proiekzioak 49 lagunera mugatu zituen, «ikusleari eta lan taldeari pentsaketa epe bat emateko». Atzotik, alta, ziurtagiria galdetu beharko du, bai zineman, baita doakion ostatuan ere. «Hautu politiko bat egin genuen hasieran, edukiera mugatuz, iruditzen baitzitzaigun erabakia nahiko autoritarioa zela. Orain, legea aplikatzera behartuak gara. Hainbeste denbora egon gara hetsirik, eta gure lehentasuna irekirik egotea da. Zaila iruditzen zaigu ikusleak eta bezeroak errefusatzea, baina ez dugu hauturik. Gu ez gara poliziak, eta ez gara medikuak ere», azaldu du.

Ostalariek bezala, galera ekonomikoek ere izutzen dute zinemako arduraduna. Batez beste, %30ko galera izatea aurreikusten du. «Ikusle anitz galduko ditugu, denak ez baitira ados neurri horrekin. Kontua da osasun egoera eta hautu politikoak nahasten direla. Erabakiak autoritarioak dira, eztabaidarik gabe hartzen dira», salatu du.

Bestalde, abuztuaren 30etik aitzina, langileek ere ziurtagiria beharko dute bezeroentzat dagoeneko beharrezkoa den lekuetan. Atalante zineman hemezortzi langile daude, eta, «gizartean bezala, lan taldean ere iritzi ezberdinak» dituzte ziurtagiriaren inguruan. Saint-Pick: «Zenbait aste baditugu gure langileekin eztabaidak izateko; biziki delikatua da, baina saiatuko gara aterabideak atzematen». Izan ere, hilaren bukaeran ziurtagiririk ez duten langileak lansaririk gabe gelditzen ahalko dira, eta beren kontratua behin-behinean eteten ahalko dute enplegatzaileek.

Oraingoz, beraz, astebeteko epea dute langileek malgutasunez aritzeko eta antolaketa fintzeko. Anartean, ziurtagiriaren kontrako protestek segitzen dute: larunbatean 3.000 lagun bildu ziren Baionan; Donibane Garazin eta Hendaian (Lapurdi) ere elkarretaratzeak egin zituzten. Atzo, hainbat herriko etxeren aitzinean berriro ere izan ziren protestak, ziurtagiriaren bidez «Frantziako Estatuak herritarrak kontrolatzeko plantan ezartzen dituen mekanismoak» salatzeko.

Gainera, beste leku batzuetan ibiltzeko beharrezkoa da ziurtagiria: kirol geletan, ibilbide luzeko trenetan eta herrialde barruko hegaldietan, besteak beste. Zahar etxeetara eta osasun egituretara sartzeko ere beharrezkoa da, larrialdizko kasuetan salbu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.