Pastor
DARWIN ETA GU

'Low cost' iraultzarik?

2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Asteazkenean, Deustobarometro; atzo, Euskobarometro. EAEtarrei eginiko inkestetan maldan behera doaz independentistak. Gero eta gutxiago omen dira gurean. Aldiz, gero eta lagun gehiago daude gustura esparru autonomikoan.

Historiak une bereziak ditu. Halako batean zerbaitek txinparta pizten du eta... Madrilek estatutuari emandako astinduak eragin zuen errebolta Katalunian. Beste batean, ziklo historiko baten bukaerak dakar motelaldia. ETAk jarduera armatua utzi ostean, euskal herritarrok lasaitasuna nahi omen dugu. Abenturarik ez. Pozik gaude gure ustezko, fikziozko, gezurrezko aldebikotasunarekin. 155. artikulua guztientzat indarrean dagoela azaldu du Zoidok. Azken hamarkadetan autogobernuaren kontra egindako eraso bakoitzean «155. artikulu txiki bat» ezarri dutela erantzun dio Erkorekak. Alegia, Espainiako edozein gobernuk barre egiten digu, gustukoen duen moduan eta nahi duen unean. Aldebikotasun masokista, jeltzaleena. Baina gu, pozik.

Beste alde batetik, azken inkesten arabera, EAEtarrak kritikoak gara Kataluniako independentistekin. Zergatik? Ausartagoak izan ez direlako? Ez, antza. Katalanen erabaki batzuk kritikagarriak izan daitezke, bai. Haatik, entzun ditudan kritika gehienak ez dira izan katalanak kalean immolatu ez direlako errepublika defendatuz —zeinen erraz esaten den hori!—. Kritikak bestelakoak izan dira: katalanek inozo jokatu dute, estatuak horrela erreakzionatuko ez zuela pentsatzea ere! Edo: Puigdemontek gehiegi tenkatu zuen soka. Berak iragarri behar zituen bozak, Rajoyri aurrea hartuta.

Iritzi errespetagarriak, zenbaitetan ados egon ez arren. Ekidistantzia salomonikotik gero eta gehiago entzuten den kontua, ordea, iseka da. Zinismoa: «Bi aldeek egin dituzte hutsak, biek jokatu dute gaizki», esaten digute. Biktima erasotzailea bezain errudun egiten dute. Ez, lagunok. Albano Dante Fachinek argi azaldu du, Podemoseko lagun ohiak gogoan, orain aldebikotasuna aipatzen dutenek aldebakartasunez jokatzen zutela kaleratzeak eta beste hainbat neurri bidegabe eragozteko mobilizazioetan. Zeruak hartu nahi zituzten garaietan legea hausten zutenek aldebikotasuna aldarrikatzen dute gaur. Horiei Josep Fontana historiagilearen hitzak gogorarazi dizkie Fachinek: «Aznar ustela da; Pujol ustela da, baina diferentzia bat dago: Aznarrek kartzelan sartu ahal du Pujol; Pujolek Aznar, ez».

Kataluniako prozesuak guri ere eragiten digu. Unionismo autonomistan, subiranismo erretorikoan edo independentismoan kokatzen garenoi. Inkestek ez diote oso panorama onik ematen azken aukerari. Badirudi luzez ibiliko garela basamortuan. Historiaren zikloak. Orain, independentistak gehiago dira Katalunian hemen baino. Garai bateko baskitis-a katalanitis bihurtu da. Lehen geuk kritikatzen genituen katalanak, epelegiak zirelako; gu oldarkorregiak izatea leporatzen ziguten haiek. Egun, alderantziz da kontua.

Zergatik, zeren ondorioz? Iraultza militaristen garaiak amaitu dira Mendebaldean. Orain gizarteak behar du inplikatu. Lehen, errebolta lau zororen kontua zenean, armak utzi behar zituztela esaten zen, denok elkarrekin aurrera egiteko. Orain armarik ez dago, baina ez dugu arriskatu nahi. Goxo-goxo bizi nahi dugu. Eta lau zoroek kartzelan segitzen dute.

CUPeko diputatu ohi Antonio Bañosek «prozesu iraultzaile baten kostoak» aipatu ditu elkarrizketa batean, ikuspegi iraultzaile ez-militaristatik: «Low cost gizartean bizi gara. Dena da low cost. Baina iraultzak ez dira low cost, iraultzak high cost dira. Iraultzek kostoak dituzte, baina ez derrigorrez odola: ahaleginak, erbestea, ondasunak—. Eta kartzela.

Herritarrak kosto pertsonal horiek zenbateraino ordaintzeko prest gauden galdetu du Bañosek. Eta bide armatua lekutik kanpo dagoela adierazi: «Sinetsi nahi dut garai hauetan hautetsontziak armak baino boteretsuagoak direla. Eta azkarragoak. Gu bost urtean arinago joan gara hautetsontziekin beste batzuk hogeita hamar urtean armekin baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.