Noiz sortua: 2019-12-17 00:30:00

Iruñeko LGTBI zerbitzua ito nahi izatea egotzi diote Navarra Sumari

Ion Orzaiz -

2019ko abenduak 17

Ahotsa goratu dute LGTBIQ kolektiboko eragileek Iruñean. Sektorean «aitzindari» izandako Harrotu gunearen funtzioak murriztuko dituela jakinarazi die udalak, eta erabakiaren berri eman zuten atzo, Iruñeko Udal plazan eginiko elkarretaratzean.

Kattalingorri elkarteak kudeatzen ditu bai Iruñeko Harrotu gunea, baita Nafarroako Gobernuaren Kattalingune zerbitzua ere, horretarako lehiaketa publikoak irabazi ostean. Harrotuk lehen arreta, sexu aholkularitza eta laguntza juridikoa eskaintzen dizkie hiriburuko LGTBIQ kolektiboko kideei; Kattalingunek, berriz, zerbitzu orokorragoa ematen du, Iruñea ez beste udalerri guztietako bizilagunentzat.

Orain, bi gune daudela argudiatuta, bere gain dagoena kamustuko du Navarra Sumak; Iruñekoa, alegia. Zerbitzua «bikoiztua» dagoela esan zien Kattalingorri elkarteko arduradunei, abenduaren 12an eginiko bileran.

Udalak, ohar bidez, Nafarroako Gobernuari eta Berdintasunerako 8/2017 Foru Legeari egotzi die kontratu aldaketaren ardura: «Nafarroako Gobernuaren Berdintasun Institutuak eskuduntza gehiago bere gain hartu nahi dituela jakinarazi zion udalari, eta hortik dator eredu aldaketa. Egoera berria jakinarazita, eta zerbitzuaren bikoiztea ekidite aldera, Iruñeko Udalak trantsizio epe bat zabalduko du orain, eskuduntzak gobernuaren esku uzteko».

Bi zerbitzuak kudeatzen dituzten eragileek, baina, ez dute ontzat eman azalpen hori: «Kattalingorriren lantalde urriak ez du baliabiderik Iruñeko zerbitzua ere bere gain hartu eta arreta hori eskaintzeko», adierazi dute. Horretara behartuko balituzte, beste zerbitzu batzuen kaltetan izanen litzatekeela gaineratu dute: «Landa eremuan ematen dugun zerbitzua, adibidez, bertan behera geldituko litzateke». Kattalingorriko kideek ez dute uste zerbitzua «bikoiztuta» dagoenik: «Osagarriak dira biak ala biak».

Harrotu gunea kamusteak, gainera, beste ondorio bat ere izanen du: «Iruñeko zerbitzuaz arduratzen diren hiru langile kalean geldituko dira».

Harrotu, «topaleku» soila

Iruñeko Udalak ez zuen orain arte erabaki horren berri eman, eta LGTBIQ kolektiboaren agerraldiaren ostean bakarrik argitaratu du oharra. Bertan, azpimarratu du Harrotu guneari eutsiko diola 2020an, baina kontratu berri batekin, eta «elkarteentzako espazio gisa». Arreta, sexu aholkularitza eta laguntza juridikoari dagokion funtzioa kenduta, alegia.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Hauteskunde Batzordeak bihar aztertuko du Ordiziako egoera

Hauteskunde Batzordeak bihar aztertuko du Ordiziako egoera

Arantxa Iraola - Jon Ordoñez Garmendia

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da Gipuzkoako herri horretan, eta tabernetako jarduna mugatu egingo dute. Beste taberna bat itxi dute, langile batek «positibo ahula» eman duela eta.

PCR probak egiten, aste honetan, Ordizian. ©JON URBE / FOKU

Maiatzaren 20tik ez zen hain datu txarrik positibo berrietan

Mikel P. Ansa

Hego Euskal Herrian azkeneko 24 orduetan 35 kasu positibo berri agertu dira PCR probak eginda. Maiatzaren 20an 31 kasu izan ziren, eta hilabete eta erdian ez da hain emaitza txarrik izan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna