Iparraldeko biztanleen %42k kontsumitzen dituzte euskarazko hedabideak

Arrabit, Soule eta Agirrebarrena, atzo goizeko aurkezpenean, Baionan.
Arrabit, Soule eta Agirrebarrena, atzo goizeko aurkezpenean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2020ko urtarrilak 14

Ipar Euskal Herriko biztanleen %42k, erregularki edo noizbehinka, gutxienez euskara hutseko edukia duen hedabide bat kontsumitzen dute; euskaldunen artean, %88k. Hedabideen eta euskarazko hedabide eta emankizunen Ipar Euskal Herriko erabiltze ohitura eta kontsumoari buruzko azterketa bat aurkeztu du EEP Euskararen Erakunde Publikoak. Telebista, irratia, prentsa idatzia eta sareko egunkarien joerak aztertu dituzte. Frantziako hedabideak nagusi badira ere, inkestak erakutsi du euskal hedabideek ere badutela ikusleria. Beñat Arrabit EEPko lehendakariaren ustez, emaitzak «onak» dira oro har, eta orain xeheki aztertzeari ekingo diotela azaldu du. «Inportantea zen datuak ukaitea, hizkuntza politikaren erronkak definitzeko». Haren iritziz, hedabideak euskaraz kontsumitzeko «gose» bat erakusten du inkestak.

 

Telebistetan, Frantziakoen ondotik, TVPI kateak du ikusle gehien; %53k adierazi dute erregularki edo noizbehinka begiratzen duela. %51k France 3 telebistako euskarazko albistegia begiratzen duela dio —deskonexio lokala egiten dute—; ondotik datoz ETB 1 (%24) eta Kanaldude (%14). Euskarazko telebista eskaintzaren kalitatea gogobetegarria dela uste dute eskaintza hori kontsumitzen dutenen %93k. Inkestari erantzun diotenek Ipar eta Hego Euskal Herriko berriak nahiko lituzkete tokiko informazioan, eta euskarazko eduki gehiago izatea da gehien agertzen den hobekuntza nahia.

Irratiei dagokienez, France Bleu Pays Basque frantsesezko irrati publikoa da Frantziakoen ondotik gehien entzuna (%43) eta Euskal Irratiak ondotik (%27). Urrunago dira EITB (%11), Euskadi Gaztea (%8), Radio Bonne Humeur (%7) eta Euskadi Irratia (%6). Euskal Irratiak dira gehien entzunak Nafarroa Beherean (%66); Baiona-Angelu-Miarritze eremuan %15era jaisten da. Musika programak dira gehien entzuten diren euskarazko programak, tokiko albisteen aitzinetik. Hobekuntzetan, euskarazko eduki gehiago, seinalea hobeto errezibitzea eta kalitate hobeko programak aipatu dituzte galdekatuek.

Elkarrizketatuen %55ek erantzun dute erregularki edo noizbehinka egunkariak irakurtzen dituztela; are zenbaki apalagoa da astekarientzat (%29) eta sareko egunkarientzat (%36). Zenbakiak altuagoak dira euskaldunak baizik ez badira kontuan hartzen. Inkestaren arabera, Sud Ouest egunkaria da gehien irakurria, orotara biztanleriaren %51. Euskaldun eta euskaldun hartzaileen artean %57k irakurtzen dute Sud Ouest, eta %14k BERRIA. Astekarietan, La Semaine du Pays Basque da gehien irakurria (%11), Mediabask bigarrena (%4). Herria euskarazko astekaria erregularki edo noizbehinka irakurtzen dute euskaldunen %11k, eta Ipar Euskal Herriko Hitza, %2k. Mediabask irakurtzen duten euskaldunen %33k uste dute euskarazko eduki gehiago beharko liratekeela astekari horretan. Sareko kontsumoari buruz ere gisa bereko datuak atera dituzte.

Etorkizunerako abiapuntua

EEPk 2006an egin zuen lehen inkesta, Ipsos inkesta enpresarekin. «Garapen teknikoak kontsumoa asko aldatu du —sakelako telefonoak, lurreko telebista digitala—, eta hedabide berriak agertu dira», azaldu du Ibai Agirrebarrena EEPko teknikariak. Horregatik, azaldu du ez dela oraingoarekin konparatzekoa, baldintza desberdinetan eginak izan direlako.

Aldi honetan, urte osoan Ipar Euskal Herrian bizi diren 13 urtetik gorako 1.600 pertsona galdekatu dituzte COHDA azterketa institutuaren bidez. Euskaldunen ohiturak bereziki aztertzeko lagina handitu dute, baita sektore geografiko batzuk ere, oinarri sendoagoak izateko. Orotara 19 minutu eman dituzte elkarrizketatu bakoitzarekin.

EEPk orain dela hiru urte erabaki zuen hedabideen saila indartzea. Hiru lan lerro nagusi definitu zituzten: euskal hedabideak indartzea, frantsesezko hedabideetan euskara gehiago sartzea eta ETB hedatzea Ipar Euskal Herrian. Bernadette Soule EEPko zuzendariaren iritziz, hedabideen kontsumoari buruz egindako inkestaren emaitzek erakusten dute erabakitako lan lerroak zentzuzkoak direla. «Erakusten du euskal hedabideak so eginak direla, eta, oro har, ongi baloratuak direla. Erakusten du ere frantsesezko hedabideetan euskara gehiago sartzeko borondate bat, baita euskaraz ez dakiten galdekatuen aldetik ere». Hemendik aitzina, erregularki egin nahiko lukete inkesta, bilakaerak aztertzeko.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan. Gaur, koronabirusaren larritasuna.

Azkoien izan zen halako neurriak hartu zituzten lehen herria. ©Idoia Zabaleta / Foku

San Adrianen murrizketak ezarriko dituzte, bihar gauerditik aurrera

Joxerra Senar

Beste hiru herritan aurretik egin bezala, mugimendua mugatu egingo da eta saltokietan zein ostatuetan edukiera erdira murriztuko da. Ostatuek 22:00etarako itxi beharko dute.

PCR probak, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo

Ia ehun kasu gutxiago atzeman dituzte egun bakarrean

Uxue Rey Gorraiz

Azken egunean, 608 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian. Positiboek behera egin dute Nafarroan, Bizkaian eta Araban; Gipuzkoan ugaritu egin dira.

Santos Indurain Osasun kontseilariaren agerraldia, artxiboko irudi batean. ©Jesus Diges, EFE

Nafarroako egoera «egonkortzen» ari dela esan du gobernuak

Uxue Rey Gorraiz

Azken egunean, 223 positibo atzeman dituzte foru erkidegoan. Kutsatuen kopuruak behera egin du bigarren egunez jarraian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna