Elizabeth II.a

Isabeldarra, historiako arorik luzeena

Erresuma Batuan izaniko errege-erreginen artean erreinaldirik luzeena egin duena bihurtuko da gaur Elizabeth II.a, Viktoriak XIX. mendean ezarritako marka gaindituta. Ia 64 urte daramatza tronuan.

mikel rodriguez
2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Elizabeth II.ak Erresuma Batuko tronuan 63 urte, zazpi hilabete eta hiru egun beteko ditu gaur. Egun batean gaindituko du Viktoriaren erreinaldia (1837-1901), eta, hala, Elizabeth II.ak marka jarriko du, bera izanen baita Erresuma Batuko errege-erreginetan tronuari luzaroen eutsi diona. 1952ko otsailaren 6an bihurtu zen erregina; monarkek gobernatu baino gehiago, jada rol sinbolikoagoak zituzten aroan. Baina bortz kontinenteak kolonizatu zituen inperioko irudi nagusia izan da sei hamarkadatan baino gehiagoan, eta hala gogoratuko da Erresuma Batuko historia garaikidea osatu duten gertakari anitzetan: inperioa desegin zuen deskolonizazio prozesuan —1950eko eta 1960ko hamarkadak—, Gerra Hotzean —1991 arte—, Ipar Irlandako gatazka armatuan (1969-1998), Europako Batasuneko sarreran (1973), Malvinetako gerran (1982), Galesko, Eskoziako eta Ipar Irlandako parlamentuen berrezarpenean (1997-1999), Irakeko inbasioan (2003), Eskoziaren independentzia erreferendumean (2014)... Eta, hala, aro isabeldarra osatuko duen zerrenda luze bat.

Jurgi VI.a erregea hil zenean, bi alabetan zaharrenak hartu zuen tronua, Elizabeth Alexandra Mary Windsorrek, 25 urterekin. II. Mundu Gerraren ondorena zen. Gerra Hotzeko blokeak eratu berriak ziren, eta Potsdamgo konferentzian (1945) elkartu ziren hiru liderrak agintean zeuden oraindik: Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministro, Harry S. Truman AEBetako presidente eta Josiv Stalin Sobietar Batasuneko buruzagi. Elizabeth II.a erregina izan den bitartean nazioarteko panorama zenbat aldatu den ohartzeko lagin bat. Eta ez geopolitikan bakarrik.

Izan ere, hura tronuan izan den bitartean bizimodua zenbateraino aldatu den erakusten duten adibideak amaigabeak dira. Koroa hartzeko ekitaldia 1953ko ekainaren 2an egin zuten, Westminstergo abadian, eta telebistan zuzenean emandako lehen ekitaldi handia izan zen; gaur egun, errege etxeak webgunea dauka. Mendeetako praktika bat ere haren erreinaldian bukatu zen: heriotza zigorra —1969an Britainia Handian, 1973an Ipar Irlandan, eta 1998an auzi militarretan—. Tronua hartu zuenean, Erresuma Batuko demografia bertzelakoa zen; hurrengo bi hamarkadetan hiri eta herri anitz eraldatu ziren, kolonia ohietako ehunka milaka etorkin jaso ondoren.

Errepublikanoak, Irlandan

Nahiz eta Erresuma Batuan Elizabeth II.aren irudia nonahi ikusi den, adierazpen publikoekin maila apala izan du, eta protokolozko jardueretara mugatu da nagusiki. Haren tronua, eta are gutxiago monarkia, ez du inoiz auzitan paratu gertakari politikoren batek. Erabakiak hartu dituzten gobernuei eragin diete halakoek. Elizabeth II.a monarkiaren itxura hobetzen saiatu da, eta, adibidez, horretarako erabaki zuen Ogasunari zergak ordaintzea, 1992an. Britainia Handiaren 300 urteko batasuna hausteko aukera haren erreinaldian sortu da, baina, hala ere, Eskoziako independentistek erabakia zuten monarkiari eustea. Irlandako errepublikanoak izan dira monarkiaren irudiari egiazki aurre egin dioten bakarrak, eta erreginari gatazkaren ondorioak hurbilera ailegatu zitzaizkion, IRAk lehengusua hil baitzion 1979an: Lord Mountbatten buruzagi militar ohia. Irlandako errepublikanoentzat, Erresuma Batuaren dominazioaren eta loialisten gehiegikerien irudia da Elizabeth II.a. Bereziki mingarria egin zitzaien Igande Odoltsuko sarraskia (1972) egin zuten militarrak saritu izana. Horregatik, mundu osoaren arreta bereganatu zuen iaz Belfasten ateratako argazkiak: erregina eskua ematen Martin McGuinness IRAko buruzagiorde ohiari.

Politikak baino estutasun gehiago eman dizkiote afera pribatuek, gehienbat bere ingurukoenek. Halako gertakari batengatik jaso zuen haren ospeak kolperik gogorrena, 1997an Diana Spencer Galesko printzesa auto istripuz hil zenean, Parisen. Hemezortzi urte igaro dira ordutik, eta Elizabeth II.ak estutasun gehiago gabe jarraitu du tronuan, marka gainditzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.