Eibarrek urrun utzi nahi du jaitsiera, gaur Levanteri irabazita

Aitor Manterola Garate.
2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ligako hamabosgarren jardunaldiaren atarian, Eibar ondo dago sailkapenean, erdialdean. Mailari eusteko helburua lortzeko bidea izan ohi du neurgailu nagusia, eta zazpi puntura du jaisteko azken lekua. Bada aldea, baina taldean badakite Ligaren berdintasuna ikusita, komeni zaiela ahalik eta tarterik handiena ateratzea, helduko baita edo hel baitaiteke bolada txarra. Horregatik, oso garrantzitsua litzateke gaur eguerdian Levanteri irabaztea.

Hori gertatuko balitz, 21 puntu izango lituzke Eibarrek, eta mailari eusteko helburua lortzeko lanaren erdia betea izango luke, lehen itzulia amaitzeko lau partida falta direla. Ez da erraza izango, baina, Levante lan ona ari delako egiten. Arriskutsua da, eta gai da erasoan gutxirekin asko sortzeko. Hori nabarmendu du Jose Luis Mendilibarrek: «Gol asko sartzeko gai dira, eta ez dituzte behar eraso asko hori lortzeko». Aurkariak, ordea, badu beste bereizgarri bat ere, ez hain ona: «Lotsagabeak dira erasoan, eta min eman diezaieke defentsan». Horregatik, honelako partida iragarri du: «Oso irekia izango da, aukera askorekin, eta ea bietako nork asmatzen duen gehien, eta zeinek sartzen duen lehen gola».

Aldaketak hamaikakoan

Ostegunean Sportingen aurka Espainiako Kopan kalean geratu zen hamaikakoan aldaketak izango dira. Hala iragarri zuen Mendilibarrek. Ramis, Oliveira, Diop, Escalante, Orellana eta Enrich hasieratik aritzea litzateke normalena. Kopako partidan ez zuten jokatu.

EIBAR-LEVANTE

Eibar. Riesgo; Peña, Oliveira, Ramis, Jose Angel; Orellana, Escalante, Diop, De Blasis; Enrich eta Charles.

Levante. Oier; Rober, Chema, Cabaco; Jason, Campaña, Toño, Bardhi, Rochina; Roger eta Morales.

Epailea. Alberola Rojas.

Ordua. 12:00etan (Bein La Liga).

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.