Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Disfuntzio harmonikoa

Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun

'Blackbird'





Zuzendaria: Roger Michell. Aktoreak: Susan Sarandon, Kate Winslet, Mia Wasikowska, Sam Neill. Herrialdea: AEB. Iraupena: 97 min.

Gorputza atalez osatua dagoen bezala —organoz, zelulaz—, familia ere bai. Atalez osatua dago familia, odolak nahiz sentimenduek osatutako loturez eraikia. Familiak eta gorputzak ez dira hain desberdinak; elkarlanean ekiten diote gehienetan, hori izaten da mekanika.

Roger Michellek aurkezten digun zintak disfuntzioaren mekanikan murgilduko gaitu, fisikoa zein familiarra. Batzuetan disfuntzioak agerikoagoak dira besteetan baino, eta hori izango da filmak aurrera egin ahala ikusaraziko diguna.

Plano eta enkoadraketa landuak ikusiko ditugu, eta aktoreen koreografiak pantailan irudi piktoriko eder dezente azaleratuko dizkigu. Hausnarketarako bidea izan nahi baitu pelikulak; bizitza, heriotza, harremanak hartuko ditu abiapuntu, eta familia baten muinean murgilduko gaitu.

Bertan, amaren gaixotasuna dela medio, familiako ale bakoitzak bere rola jokatuko du, dantzaldi batean egongo bagina bezala. Eta hori izango da agian okerrena, tarteka gidoilariaren eskua nabarmenegia izan daitekeelako; pertsonaien joan-etorri eta gazi-gozoek naturaltasun eza transmititzen dute, bide egituratuegi bati jarraitzen baitiote.

Denetarik dugu filmean: umorea eta negarra, irrika eta tristura, hausnarketa eta arinkeria... Baina naturaltasunera gehiegi hurbildu nahi horretan, agian ez ote den istorioa bera erre...

Ama baten heriotza aurreikustea latza da oso, baita hausnarketarako bide ederra ere. Ehunka hari luza daitezke bertatik: familia, osasuna, gorputza, odola, nortasuna eta maitasuna. Guztiak interesgarriak.

Filmak ondo egiten du bere lana, eta aktoreek zer esanik ez, batez ere Susan Sarandonek, amaren rolean. Nork nahiko luke Susan Sarandon hilik? Nik ez, bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.