Albistea entzun

Jon Abril. Dokumentaleko zuzendaria

«Andre zirenez eta etxeko lanak egiten zituztenez, ahantzi egin dugu parte hori»

J. MANTEROLA / ARP.

I. Tubia -

2016ko martxoak 4

Kazetaria da Jon Abril (Bera, Nafarroa, 1975). Oraingoan, atzera begira jarri da, neskatoen istorioa lau haizeetara zabaltzeko. Neskatoak dokumentala zuzendu du.

Gizarteak zorra zuen emakume haiekin?

Nire amatxi hogeitaka urtez aritu zen Ziburuko etxe batean neskato; gazterik alargundu zen, eta seme-alabak anai-arrebekin utzi behar izan zituen. Etxe hartako kontuak eta neskato kontuak beti aditu izan ditut. Ohartu nintzen ezagutzen dugula Ameriketara joan zirenen istorioa, Iratira edo Landetara mendi mutil joan zirenena, Ternuara arrantzara joandako gizonena, baina emakumeak falta ziren historia honetan. Emakumeak neskato joan ziren, eta emakume zirenez eta etxeko lanak egiten zituztenez, ahantzi egin dugu historiaren parte hori.

Gizonek ez ezik, emakumeek ere sartzen zuten dirua etxean.

Bai, eta funtzio sozial inportantea izan zuten alde horretatik. Familia hagitz handiak ziren, gerra ondoko egoera iluna zen, eta emakume hauen ekarpena berebizikoa izan zen. Gainera, zenbait familiatan berebizikoa izan zen ekonomiari dagokionez. Hemen, baserria gutxi garatua zen, eta orografiagatik garatzeko aukerarik gabea, beraz, nahitaezkoa izan zen hemendik ateratzea.

Baztan-Bidasoa inguruan gertatu zen egoera hau, batik bat?

Hurbiltasun geografiko hutsagatik, hagitz nabarmena izan zen Baztan-Bidasoa osoan, eta Irun, Hondarribia eta Oiartzun inguruan. Arantzatik, Etxalartik eta Beratik joan zen emakume gehien. Harrapatu ditut Gipuzkoako toki anitzetatik joandakoak ere bai ?Bergarakoak, Tolosakoak, Amezketakoak...?, eta Zaraitzu aldean eta Erroibarren, anitzez kopuru txikiagoetan, baina joan ziren Baigorrira, Garazira...

Nola izan zen neskatoen lanaren bilakaera?

1950eko hamarkadan joandakoek gordeka pasatu behar izan zuten, pasaporterik gabe, lan baldintza hagitz txarretan: gehienetan ez zuten segururik, ez zuten lan baimenik, ez zuten oporrik ez egun librerik. Hamarkadaren bukaeran, Espainiak eta Frantziak hitzarmen bat egin zuten langileak mugitu ahal izateko, ordura arte debekatua zegoelako estatutik ateratzea. 1960ko urteetatik aitzinera baldintzak pixka bat hobetu ziren. Ez zen kolpean izan, baina hasi ziren aseguruak edukitzen. Bada han pasatutako sei-zazpi urteetan kotizatu ez zuen jendea. Bertze batzuek, aldiz, urte guziak kotizatu zituzten, edo bukaerakoak gutxienez. Orduan hasi ziren astean behin egun libre bat izaten, tarteka opor egunak...

Orain etorkinek duten egoerarekin alderatu liteke?

Dokumentala horrekin bukatzen da, gaur egungo egoerarekin. Neurri batean, denborak aldatu dira, gauzak aldatu dira, baina, funtsean, arazo berari erantzuten diote: beharra. Beharrak eragin zuen atera behar izatea. Gaur egun ere beharragatik etortzen dira. Lehengoek bete zituzten lanak eta gaur egun kanpotik datozenek dituztenak dira bertako gizarteak egin nahi ez dituenak. Normalean zaintzarekin eta etxeko lanekin lotutakoak. Beraz, paralelismoa erabatekoa da.

Paradoxa. Gizarteak behar-beharrezko ditu lan horiek, baina oso gutxi baloratzen ditu.

Ikaragarria da. Gaizkien ordainduta daudenak dira, anitzetan lanik gogorrenak dira, eta gaur egun segitzen dugu gutxien ordaintzen eta gutxien baloratzen. Badugu zer hausnartu.

Dokumental hau aurkeztu ondotik, zer espero duzu?

Gutxienez jendeak ezagut dezala istorioa, kontziente izatea gu ere izan garela emigratu duen herri bat, eta gaur egun gazteak ere joaten direla, gizarte honek ez dielako bermatzen bizi proiektua bertan garatu ahal izatea. Edozeini gertatzen ahal zaio. Arrazoi politikoengatik edo ekonomikoengatik, edo biengatik normalean, testuinguru jakin batean gertatzen diren gauzak dira hauek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Iñaki Jauregialtzo erakusketaren egilea, atzo, Gasteizko Ignazio Aldekoa kultur etxean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Poesia zabaltzeko moldeak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Iñaki Jauregialtzok buztina eta olerkia bildu ditu 'Lur bustian idatziak' erakusketan, Poetak Maiatzean nazioarteko poesia jaialdian, Gasteizen. Egitasmoaren asmoetako bat poesia gizarteratzea da.
Irrintzilari bat, mendian, <em>Erraiak</em> dokumentaleko irudi batean. ©ERRAIAK

Irrintzi bat kontsultan

Iker Tubia

Ana Martinez mediku foniatrak irrintzia ikertu du bere doktoretza tesian. Oihua deskribatzeko aukera izan du, eta haren espektro harmonikoaren morfologia ezohikoa dela ikusi du. Irrintziaren teknika batzuk ahotseko gaitzak sendatzeko eta zintzurra ez mintzeko baliagarriak izan daitezkeela ere ondorioztatu du.
Mikel Aingeru eta Arantza Arpon Melero gozogileak, Iruñeko Miravallesen lanean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Begetalak eta tradizionalak

Olaia L. Garaialde

Iruñeko Miravalles gozotegiak 30 urte daramatza opilak modu tradizionalean egiten. Belaunaldi aldaketarekin batera, errezeta berriak iritsi dira, jatorri begetala duten gozoak egiten hasi baitira.
Hainbat diziplinak bat egin dute <em>DAU</em> ikus-entzunezko proiektuan. ©. BERRIA

Iraultzaileek neurrira eraikitako kartzela

Mikel Yarza Artola

Filminek 'DAU' proiektuaren lehen bi zatiak estreinatu ditu. Hamabi urtez, 700 ordutik gora filmatu ditu lantalde errusiar batek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna